Dioenez, «beti sentitu izan dut gure inguruak ez diola erantzuten nik sentitzen ditudan hutsune horiei». Bada ekainean, bueltatu zenean, gabezia horiei aurre egiteko aukera sentitu zuen: «Gazte asanblada berria sortu zela enteratu nintzen eta aukera hagitz ona iruditu zitzaidan sumatzen ditudan hutsune horiek bete ahal izateko».
«Ez dira gutti» Txokarrorendako kezkatzeko gaiak, eta nhorien artean, «feminismoa, ekologismoa, gazteen prekarietatea, aisialdi ereduak, euskara, erreferente falta eskualdean...» aipatu ditu. Hain zuzen, horiei erantzuna emateko «asanblada arras bide egokia» dela uste du: «Talde oso polita eta segurua da kezkatzen gaituzten gaien inguruan solastatzeko», eta gisa berean «gai horietaz solastatzeko aukera izatea lorpen bat» dela iruditzen zaio: «Espazio eta gune hori izatea ezinbertzekoa da. Gainera, garrantzitsua da eskualdeko gazteen ahotsa izatea. Ikus dezatela bagarela kuadrilla bat inguratzen gaituen gizartearekin arras gustura ez gaudenak».
Asanbladaren ateak zabalik
Malerrekako eta Bertizaranako gazteei luzatu nahi izan die mezua, «euren burua eta inguruan duten guztia zalantzan jartzeko» deia eginez. «Hortik hasita, ez da lan erraza onartzea zein den egiatan pairatzen dugun errealitatea, zein pribilegio ditugun, zenbat zapalkuntza mota ditugun edota jakitea noiz isildu behar dugun gure ondokoak solas egin dezan». Hala, «gauzen zergatia eta zergati horiek bilatze aldera asanblada hurbiltzera animatu» nahi ditu gazteak, «plazera izanen da ahots eta kezka berriak aditzea, horiei lekua egin eta ahal den neurrian erantzuna emateko». Gaineratu duenez, «ez gara talde itxi bat eta jendeak asanblada zer den jakitea nahi dugu. Ideia berriak beti dira ongietorriak, eta edozein zalantza izanez gero, lasai idatzi asanbladako kideoi».