Sinetsita dago gazte asanbladak kezka partekatu horiek dituen «jendea elkartzeko eta elkar ezagutzeko» balioko duela, eta bidenabar, «gure artean harremana sortzeko» bitarteko egokia ikusten du. Horrekin batera, egiten dituzten ekintzen bitartez, «bertze jende mota bati bertzelako egoerak» ikusarazi nahi dizkiotela azaldu du, «betikoa den aisialditik mkanpo gazteria mugiaraziz». Agirrek garbi du «gazteria ez bagara gure interesengatik borrokatzeko mugitzen, ez duela inork eginen». Horregatik egin du «egiten ditugun ekintzetara animatzeko» deia: «Giro polita sortzen ahal da Malerreka-Bertizaranako bazter hauetan». Gehiago ere adierazi du: «Ez gara inork baino gehiago dakien gazte kuadrilla. Beraz, ez lotsatu eta hurbildu, ez dugu ausikirik egiten eta hagitz jatorrak gara».