Eskolara pijaman haurren eskubideen alde

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 20a, 17:30

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Baztango ikastetxeetan familiarik ez duten haurrak oroituz ospatu dute eguna. Estatuko Aseaf eta Nafarroako Magale harrera familien elkarteak zazpigarren aldiz antolatu dute Pijamaren Eguna, eta ekimenarekin bat egin dute Amaiurko, Azpilkuetako, Arizkungo, Elizondoko, Oronozko eta Zigako eskolek, baita Baztan Ikastolak ere.

Gaur egun, Nafarroan 181 haur eta gazte tutoretzapeko zentroetan bizi dira, familiarik gabe. Haur horiek gogoan, eskolara pijaman joan dira Nafarroako 28 ikastetxetako ikasleak, haur guztiek etxebizitza eta familia bat edukitzeko duten eskubidea irudikatuz. Gainera, klasean gaia landu dute hainbat jardueraren bitartez.

Baztango ikastetxeen artean, egun berezia izan da Amaiurko Eskolarendako, Magale elkarteak aukeratua izan baita, azken urteetan egindako lanagatik. Bertan izan da Fernando Anbustegi alkatea, Jaione Urtasun ipuin kontalariak Mateo iritsi da ipuina kontatu die, harrera familietako testigantzak aditzeko aukera izan dute eta haurren eskubideak landu dituzte ariketa eta filmen bidez.

«Haur guziek merezi dute familia bat»

Amaiurko Eskolan bere esperientzia kontatzen aritu da Ana Ferrandez elizondoarra, harrera guraso izandakoa. Duela 12 urte erabaki zuten lehendabizikoz etxean haur bat hartzea; «Nafarroan familia baten beharra duten haur aunitz daudela jakin genuenean, etxekoen artean solastatu ginen. Gure alabei proposatu genien etxean haur bat hartzea, eta ttikiak baziren ere, egoera ongi ulertu zuten eta normala iruditu zitzaien familiarik ez duen haur bati aukera hori ematea. Bortzendako lekua baden etxean, seigarren batendako ere badago».

Azaldu duenez, «haur hauek harrera etxe bat behar dute gurasoak ez direlakoz ardura hartzeko gai, ez dakitelakoz nola, edo bertzerik gabe ezin dituztelakoz zaindu. Horrek ez du erran nahi haurrek tratu txarrak jasaten dituztenik, edo guraso drogazaleak dituztenik. Ezin dituztelakoz zaindu daude egoera horretan, bertzerik ez, eta bakoitzaren kasua desberdina da».

Harrera familia izateko prozesua Nafarroako Gobernuaren bitartez egiten da; «elkarrizketa bat egiten dute, familia ‘egokia’ den jakiteko, eta oniritzia emanda haur bat egokitzen diote». Hiru harrera mota daude, iraupenaren arabera: urgentea, sinplea eta iraunkorra.

Urgentea «batez ere sortu berriendako eta sei urtetik beheitiko haurrendako da». Harrera berehalakoa izaten da eta gehienez ere sei hilabetekoa, «haur horiek gero adopzioan emanen direlakoz edo bertze familia batengana joanen direlakoz denbora gehiagorako».

Sinplea eta iraunkorra, berriz, «ohikoenak» dira. Haurra familian bi urte baino gutiago egonen dela aurreikusten badu gobernuak, harrera sinplea da. Bi urte baino gehiago egon behar badu, iraunkorra. «Baina aurreikusitako epeak ez dira beti betetzen».

Honez gain, «inportantea da argi izatea haurrak ez dituela familiaren abizenak hartzen, eta ez duela harremana galtzen bere gurasoekin. Gurasoek haurra ikusteko eskubidea dute, eta haurrak bere jatorria ez galtzeko eskubidea dauka. Hemen ez dago onik eta gaiztorik, elkarri laguntzen dioten familiak baizik».

Ferrandezek argi du «haurra hobeki egonen dela familia batean, pisu batean bertze 8-10 haurrekin baino, hiru zaintzailerekin goiz, arratsalde eta gauerako. Haur guztiek behar dute egonkortasuna, gertatzen dena gertatzen dela gurasoak hor izanen dituela jakitea, onerako eta txarrerako».

Harrerei buruz solastatzean, «jendeari beldur gehien ematen diona behin-behinekotasuna da, haurra zurekin noiz arte egonen den ez jakitea. Baina zuk berarekin egon behar duzu beharrezkoa duen bitartean, eta ez duzu deus gehiago planteatu beharrik. Etxekoak ere noizbait joanen dira».

Hasmentan, «egokitze prozesua» izaten da, «seme-alaba bat edukitzean gertatzen den bezala, bere lekua aurkitu behar du. Baina pazientziarekin eta maitasunarekin dena konpontzen da». Prozesu horretan, «familiak ere ikasten du. Bizitza aldaketaz beterik dago, eta aldaketa guziek bezala, bere alde onak eta txarrak ditu. Azken finean, zure familia partekatzea da inportanteena».

Haurrak «ez du egoera hori aukeratu, baina pisutik ateratzea eta familia batengana joatea loteria tokatzea bezalakoa da. Bertze haurrak bezala sentitu daiteke». Gainera, «inportantea da haurrei dena naturaltasunez azaltzea, errealitatea den bezala, apaindu gabe. Guk haurra etxean izan genuenean, berak argi zuen denbora baterako izanen zela. Eskolan gai izan zen azaltzeko bere gurasoek bera zaintzen ikasi arte zegoela gurekin, eta ongi zaintzen ikastean haiekin bueltatuko zela. Hori da haien errealitatea, eta normaltasunez azaldu behar zaie».

Ferrandezek etxean haurrak hartzera animatu ditu eskualdeko familiak; «gure alabak ttikiak zirenean, gu ez bagina haiek zaintzeko gai, bertze familia batek hartzea gustatuko litzaidake. Gainera, harrerak irauten duen bitartean Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen zaitu, ez zara bakarrik egonen».

Azkenik, argitu du «gainerako haurrak bezalakoak direla, gure seme-alabak bezalakoak, bere gauza on eta txarrekin. Baina zorte txarra izan dute bizitzan eta horregatik daude egoera horretan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun