Bestak 2025

551 lagun bildu ditu Elizondoko bestetako hondar eguneko zikiro-jateak

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 29a

Falfarak elkarteak antolatutako hirugarren mus txapelketan Oihan Arguelles eta Unai Jauregi suertatu dira txapeldun.

Akitu dira Elizondoko bestak, bart gauerdian Elutxa txarangarekin Gaixoa Ni kantatu ondotik. Aitzinetik, bestetako hondar egunean, zikiro-jatea izan zen protagonista. 551 lagun bildu ziren Txomin Amorenak gidatu eta Iñigo Amorena, Beñat Ainziart, Beñardo Jaurena, Pedro Mari Ariztia, Jon Bengoetxea, Benito Elizagoien eta Jesus Mari Gortarik osatutako lan taldeak prestaturako zikiroa dastatzera. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Denera, 800 kilo zikiro, 140 litro salda eta bertze horrenbertze litro kafe banatu zituzten. Piperradarako bertze 80 kilo haragi, 40 poto tomate, 60 kilo piper eta 16 kilo tipul behar izan zituzten eta guztiarekin, ederki bazkaldu zuten elizondarrek.

Bazkalondoan, Elutxa txarangarekin ibili ziren karrikaz karrika. Elizondoko Fanfarrearen eskutik, Ziga plazan egin ziren dantza herrikoiek ere jendetza erakarri zuten arratsaldean. Fanfarrearekin Amadeo Arretxeak, Iñigo Morenok, Josu Juanenak, Asier Bertizek, Aingeru Olabek, Tomas Laborrak, Juan Antonio Agerreak eta Hasier Azurmendik jo zuten.

 

Igandean mus txapelketa

Bezperan, igande arratsean, Falfarak elkarteak hirugarren aldiz antolatutako mus txapelketa jokatu zuten. Oihan Arguelles eta Unai Jauregi amaiurtarrek irabazi zieten finalean Iker Plaza eta Jon Moreno elizondarrei. Hirugarren Jon Osakar eta Aingeru Olabe izan ziren eta laugarren Ganix eta Felix Mena.

Larunbateko gertakariak alde batera utzita, besta bikainak izan dira Elizondokoak. Besta Batzordeak antolatutako kontzertuetan (Andoni Ollokiegi eta Kaparrak ortzegunean, Dupla eta Janus Lester larunbatean…) jendetza erakarri dute. Orain, guttiago falta da 2026ko Santio bestetarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun