BOISEKO EUSKAL JAIALDIA 2025

Kaixo Corner parkea inauguratu dute Boisen

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 30a

Euskaldunek izan dute protagonismo nagusia, baina bertako eta kanpotik joandako herriek ere garrantzia hartzen dute parke berrian.

Euskal diasporak Idahoko Boisen uztailaren 27tik abuztuaren 3ra ospatzen ari den folklore jaialdi handiaren barrenean Kaixo Corner parkea inauguratu zuten astelehenean, uztailaren 28an. Maite Goizueta berriemaileak aipatu digunez. «izenak dioen bezala, ixkin egiten du, Glove Streetekin zehazki» eta «Euskal Etxearen pare parean dago». Inaugurazio ekitaldiari hasiera emateko ohorea Miren Errementeriari eman zioten. Hala, berak, nola bere familiak Boisera joan zirenean bizitutakoak azaldu zituen. «Azken finean, Ameriketara lanera joandako eskualdun gehienen bizitza» islatu zuen. Lauren McLean Boiseko alkate edo auzapezak ere hartu du hitza.


Parkean zutarri edo totem moduko eskulturak jarri dituzte. Haietako bakoitzean, bertako natiboen (xoxonak) eta Boisera iritsitako komunitateak jasota daude, denak gogoratuz. Hala, Euskal Herriak izan du protagonismo nagusia, baina Txina, Errusia, Alemania, Grezia, Errusia, Eire (Irlanda gaelikoz) eta Japonia herrialdeek ere badituzte bere irudiak. Dantzariek aurreskua eta beste dantzak eskaini dituzte, trikitilariak eta panderojoleak ere aritu dira eta Txinako ordezkaritzak ere bere dantzak egin ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun