UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak antolatutako Trials World Youth Games Munduko trial txapelketa jokatu da asteburu honetan Vic-en (Katalunia). Bertan parte hartzeko txartela lortu zuen Uxuri Portu Crespok, hamabi urteko txirrindulari lesakarrak eta bi dominekin bueltatu da etxera. Taldeka, Espainiako selekzioarekin, munduko txapeldun suertatu da, Japonia eta Alemaniaren aitzinetik eta banaka, 11-13 urteko nesken kategorian, hirugarren izan da Uxuri Portu. Hamabi urtekoen artean onena izan da.
Taldeka, herrialde bakoitzak bere zazpi kategorietako garaileekin osatzen du taldea eta zazpi talde kideek zirkuitu bat egiten dute. Uxuri Porturen kasuan, Espainiako txapelketan, 12-15 urteko kategorian txapeldunorde izan zen lesakarra, baina Mireia Cervero txapeldunak 14 urte zituenez eta munduko txapelketan adin tarteak ezberdinak direnez, hau 14-16 urteko txapelketan aritu da eta Portu 11-13 urtekoetan. Beraien guztien puntuak batzen dituzte azken sailkapenerako. Espainiako selekzioa gaizki hasi zen, ez ordea Uxuri Portu, bere lana ongi egin baitzuen. Azkenean, ordea, erremontatu eta lehen postua lortu zuen Espainiako selekzioak.
Banaka, berriz, larunbateko finalerdian ez zuen akatsik egin Uxuri Portuk eta lehenengo postuan lortu zuen finalerako txartela. Finala, urduritasuna dela eta, ez zen nahi bezain ongi atera, baina halere brontzezko domina lortu zuen, Erresuma Batuko Daisy Craigen eta Isabel Juan Quevedo espainiarraren gibeletik (biak urtebete zaharragoak) eta kontent bueltatu da etxera, bi dominekin.
Gisa honetara, azken lau urteetan munduko txapeldun izan da Uxuri Portu Espainiako selekzioarekin: 2022an, 9 urterekin, Polonian; 2023an, Duranan (Araba, Euskal Herria), 2024an Alemanian eta 2025ean Katalunian. Urte horietan, banaka, hirugarren, laugarren, bigarren eta, aurten, berriz ere hirugarren izan da txirrindulari lesakarra.