Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak Innova Programaren bederatzigarren edizioaren emaitzak aurkeztu dituzte. Denera 57 proiektu babestuko dituzte, 3 milioi euroko inbertsioarekin, Nafarroa osoan eragin handia izanen dutenak eta horietako bi Baztanen izanen dira.
Lagundutako 57 proiektuetatik, 18 gizarte eremukoak dira, 16 ekoizpeneko kultura eremukoak, 10 ikerketako kultura eremukoak eta 13 landa eremukoak. Aurkeztutako ekimenen % 35ek 2025ean egin dute lehen aldiz, eta Innova Sareak 800 pertsona, erakunde eta enpresa baino gehiago biltzen ditu.
Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak, Innova Programaren bidez, Nafarroa osoko ekimenak babesten dituzte, landa eremuetan presentzia lehenetsiz. Horrela, edizio honetan 617.000 euro erabili dira 8.000 bizilagunetik beherako herrietako ekimenetarako, eta, gainera, eremu horietako gizarte eta kultura arloko bertze proiektu batzuk ere lagundu dituzte.
Horrela, lagundutako proiektuen % 53 Iruñerrikoak ez diren herrietan finkatutako erakunde edo pertsonenak dira. Proiektuen % 35ek Nafarroa osoan dute eragina, eta % 33k landa eremuetan.
Baztango proiektuak
Baztanek Innova Programak lagundutako bi proiektu ditu.
- Kulturari dagokionez, Iriartea Pilez elkarteak, Elizondoko herriari lotuak, LEB 2025 proiektua bultzatzen du, abangoardia eszenikoa landa ingurunera hurbiltzen duen programa, kulturarako eskubide unibertsala bermatuz. Bortz ekintza ildo biltzen ditu: PROD (antzerki testuen saria), INTENSIF (10 ikuskizunen erakustaldia 2025eko urrian), LAB (egoitza artistikoak gizarte bitartekaritzarekin), EKIN (irakurketa dramatizatuak hilero) eta ZABAL (sektore gogoetarako foroak). 2025eko uztailetik 2026ko maiatzera garatuko da egitasmo hau. Helburua abangoardiako sorkuntza, hausnarketa eta eraldaketa soziala sustatzea da. Elkargunea, motorra eta erakusleihoa da.
- Albura - Savia Creativa/Sormen Zukua Nafarroako landa ingurunean belaunaldien arteko bitartekaritza artistikoa egiteko proiektua da, Victoria Álvarezen eskutik. Arte eszenikoen eta sorkuntza kolektiboaren bidez, haur, gazte, heldu eta zaharren arteko topaketak sortu nahi ditu, memoria komunitarioa eta lurraldearekiko lotura indartuz.
Jarraitutasuna duen proiektu baten oinarria ezarri nahi da. Aurten, proiektua doluaren ingurukoa da, eta hiru fasetan banatzen da: belaunaldien arteko tailerrak, non parte hartzaileek bizitzaren zikloa sinbolikoki zeharkatzen duten urtaroen bitartez; Olaiaren lorategia/El jardín de Olivia antzerki funtzioa, dolua eta memoriaren transmisioa jorratzen dituena; eta Goizargi doluaren elkarteak eta Rincones y Recovecos kultura elkarteak lurraldearen memoria aztertzeko emandako azken topaketa.
Proiektua Baztango sei herritan ezarriko da, udalaren eta erakunde laguntzaileen laguntzarekin, eta egitura jasangarria eta errepikagarria sortuko da hurrengo edizioetarako.