Bazkarik eta uztarik gabe nahiko lan

Ttipi-Ttapa

Aziendak bazkaltzeko belar aski ez dagoenez, baserritar aunitz ahotza ematen hasi dira. Irudian aretzeak ahotza jaten ageri dira.

Uda honetako tenperatura altuek eta euri faltak bete-betean eragin diete lehenbiziko sektorean ari direnei, eta horietako aunitz egoera larrian daude. Eskualdeko sei abeltzainek eta nekazarik euren testigantza kontatu diote TTIPI-TTAPAri. Gaur eta bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen. 

Idor daude bazterrak. Hori izan da azken hilabeteotako solasaldietan ohiko gaietako bat. Uda honetako tenperatura altuek eta euri faltak gogotik astindu dituzte bazterrak eta zuzenean eragin die lehenbiziko sektorean ari direnei. Betitik berdeagoak izan diren belaiak gorrituak daude. Baserritarrek belar guttiago bildu dute, eta gainera, negurako gordea zuten belarra gastatzen ari dira; kanpoan bazkarik ez izanda, aziendak barrenean sartu behar izan dituztelako. Gainera, etxeko belarraren faltan, halabeharrez, kanpoan erosten ari dira, eta horrek aparteko gastua eragin die. 

Baratzeetan ere normalean baino uzta ttikiagoa bildu dute, nahiz eta ez den hori izan denen kasua. Arizkungo Baztango Xurie upategian, konparazio batera, inoizko uztarik hoberena izan dute.     

Gehiago ere bada: Eguraldia ez da lehenbiziko sektorean ari direnen kezka bakarra. Gaiaren harira aritu dira solasean Gotzone Sestorain Zabaleta Leitzako artzaina eta gaztagilea, Miren Vera Rodriguez Almandozko abeltzaina, Josu Jorajuria Bazterrika Donamariako artzaina, Ana Iriarte Bañez Arizkungo mahastizaina, Mikel Leiza Etxeberria Arantzako baserritarra eta Lurdes Argain Bergara Narbarteko abeltzaina. Etorkizuna ilun ikusten dute eta neurriak eskatu dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun