«Eguraldiak badu eragina baina kontsumoa ere aunitz jautsi da»

Ttipi-Ttapa

Mikel Leiza aranztarra Etxeberriko bordako negutegian. 

Mikel LEIZA ETXEBERRIA, Arantzako baserritarra.

«Kezka franko» dituela aitortu du Arantzako Etxeberriko bordako Mikel Leiza Etxeberriak. «Garaian garaiko barazkiak negutegian eta kanpoan, oilaskoak, gaztak eta zerrikiak... Denetarik pixka bat» egiten dute baserrian, eta aurtengo uda idorraren ondorioak berean agerikoak izan dira. 

Alde batetik, negutegian uzta ona bildu duela onartu du, «ura izanez gero, eta pixka bat begiratuz gero, negutegian produktua heldu da. Tomateak, adibidez, bai negutegian, bai kanpoan, hagitz ongi etorri dira». Kontua bertzelakoa izan da negutegitik kanpo. Idortearen ondorioak «gehienbat kanpoko baratzean» nabaritu ditu: «Orain arte, baratzean erein eta bere gisa etortzera jarriak ginen, baina aurten ez da etorri. Ilarra eta patata, adibidez, ez dira behar bezala egin, urik ez dutelakoz izan». Horrekin galerak izanen dituela adierazi du: «Nik ilar bastante ereiten dut, baina aurten ez dut izanen, eta ilarra bera 2.000 euro dira. Patata ere ongi emanez gero, bertze 3.000 euro izanen dira». Horrez gain, oilaskoek «sufritu» dutela kontatu du: «Beroarekin mantso hazten dira. Egun guzia sufritzen pasatzen dute eta ez dute jaten, eta ez badute jaten, ez dira gizentzen... Eta ardiak mendian egon beharko lukete eta etxera etortzen dira eta ez dakizu ernari dauden. Kanpoan ez dago janik eta aparte eman behar diezu...».

«Egoera honek ikasketa eta aldaketa batzuk eskatzen dizkigu, bertzela ezin da deus egin»

Egoerari nolabait buelta eman nahian, neurri batzuk hartu ditu: «Egoera honek ikasketa eta aldaketa batzuk eskatzen dizkigu, bertzela ezin da deus egin». Eta horixe bera egin du aurten: «Piperretan tela bat paratu dut, eta ur dezente guttiagorekin, ederki etorri dira. Tela edo azpitik tantaz tantako ureztatze sistema paratuta, gauzak egiten ahal direla ikasi dut. Eta patata, adibidez, lehenagotik erein beharko dudala pentsatu dut, aurten lehenagotik erein dutenek atera dutelako».

Lehen ere uda beroak eta idorrak egin izan dituela dio Leizak, eta horren harira, «lehen ere gaizki ibili» aipatu du. Bere irudiko, «lehenago ere egiten zituen, kontua da atzendu egiten zaizkigula. Baina zaharrekin solasean hasten bazara, halako urtean artoa ihartu zela erraten dute. Artoa ihartu bazen, ederra egin izanen zuen». 

Sektorea sufritzen

Kontuak kontu, «gauza bat ez bada bertzea, sektorea beti sufritzen» ikusten du aranztarrak: «Eguraldiak gure lanean eragin handia du, eta beti zerura begira eta sufritzen aritzen gara. Baina eguraldiaz aparte, badira bertze faktoreak, eta konparazio batera, jendearen kontsumoa ikaragarri jausten ari da, ez du lehenago bezala kontsumitzen». Joera hori baldin bada, argi ikusten du etorkizuna: «Jendeak ez badu kontsumitzen, gu gaizki ibiliko gara. Gure gastuak igotzen ari dira: pentsua garestiagoa da, gasolioa garestiago... Dena txarrerako da».

Horregatik egin die herritarrei «bertakoa kontsumitzeko eta inguruko baserritarrei kontsumoaren bidez laguntzeko deia, hori delako guk behar duguna». Administrazioari «gure gastu igoerak kontuan hartzeko» eskatu die, «eta laguntzak eman behar badira, emateko. Baina gehienbat ingurukoen kontsumoa iruditzen zait inportantea, nahitaezkoa guretzat».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun