Berak ere sumatu ditu uda idorraren ondorioak. «Belar guttiago bildu dugu negurako. Ia guzia maiatz bukaeran bildu genuen eta uda osoan ez dugu deus bildu. Maiatz erdira arte txarra egin zuen, kolpetik aldatu eta idor joan da geroztik». Hala, «negurako bildutakoa udan ematen hasi gara eta uda osoan aritu gara ardiak bazkatzen». Honela gehitu du, «udan bazkatu beharrak aparteko lana suposatzen du. Egunero ardiak ukuilura sartu, bazkatu...».
Lehen ere egin izan ditu uda beroak eta idorrak. Eta donamariarrak 2022koa gogoan du: «Dezenteko idortea egin zuen, aurten bezala, goiz hasita. Kontua da, gero eta maizago errepikatzen dela eta tenperatura arrunt altuak direla egun aunitzetan». Bere irudiko, «idorteari aurre egitea zaila da. Hemen ez gaude prestatuak».
Kontuak kontu, badaki aurten galerak izanen dituela. «Oraindik ez dugu behar dugun guzia erosi. Bazka erosteko eskaria aunitz handitu da eta prezioak goratu dira. Espekulazioa ere izanen da tarteko». Kalkulatu duenez, «10.000 eurotik gora joanen zaizkigu. Ikusiko da».
«Baserriak badu etorkizuna, bertatik bizitzeko baldintzak dira hobetu behar direnak»
Gainerakoan, sektorearen etorkizunaz galdetuta, «denetarik» ikusten du. «Gure inguruan gero eta nekazari guttiago daude eta sektoreko banaz bertzeko adina altua da. Badira gazteak interesatuak, baina zaila da hutsetik hastea. Ixtera doan baserri baten eta hasi nahi duen gazte baten artean, zubi lana bultzatu beharko litzateke. Baserriak badu etorkizuna, bertatik bizitzeko baldintzak dira hobetu behar direnak».
Bertzalde, herritarrei «bertako produktuak baloratzeko eta kontsumitzeko» eskatu die: «Bertako produktua kontsumitzearen gibelean gauza aunitz daude: jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, produktuaren kalitatea, eta beraz, osasuna, herriak bizirik mantentzea, ingurugiroa...». Eta administrazioari, berriz, «ustiategi ttikiak babesteko» deia egin dio, baita «elikadura katearen legea betetzeaz arduratzeko» eta «NPB (PAC) dirulaguntzen banaketa justuagoa egiteko» ere, «laguntza nekazariei bideratuz. Gaur egun, dirurik gehiena enpresa handiek eta inbertsio funtsek eramaten dute».