Kanpoan ez dute bazkarik eta gainera, belar guttiago bildu dute. «Apiril bukaeran lehenbiziko ebaketa emanda, bigarrenean zerbait biltzeko aukera izan genuen, baina lehenbiziko ebaketa berandu egindako kasuetan, bigarrenean ez zen deus bildu». Egoerak hala behartuta, negurako zuena lehenagotik ematen hasi behar izan du: «Lehenbiziko ebaketako bolak ekainaren 18rako akituak genituen. Maiatz erditik, 30 bat behi kuadran [behitegi] ditugu bazkatzen». Honela dio: «Hemen ez dugu, Baztanen bezala, mendirik, eta bertzeen belai batzuk erabiltzen ditugu, Almandozen eta Gartzainen. Normalean, Gartzainera maiatzean eramaten ditugu eta abenduan ekarri. Ba, aurten, ekainerako erdiak ekarriak genituen. Ez dago bazkarik. Kuadra gainean lau hektareako soro bat ere badugu, baina kiskalia dago eta ez dago deus».
Belar faltari ahotzarekin eta pentsuarekin erantzun dio. Baina aldi berean, gastuak goratu zaizkio. «Pentsua normalean baino gehiago behar dut eta dagoeneko lau kamioi eta erdi ahotz ekarri ditut. Nolabait ere, 200 bola bertze zerbaitekin ordezkatu behar ditut eta aurten, lehenbizikoz, ahotza probatzea erabaki dut». Ekonomikoki «ez da bideragarria» bere hitzetan: «Hau hondamena da». Eta baditu bertze kezkak: «Beldurtua nago belarrik gabe ez dakidalako zer emaitza emanen duten behiek».
Ezohiko egoera gehiago ere sumatu ditu uda honetan: «Suerte txarreko gaude. Ez dakigu denborarengatik den edo zergatik, baina bi behik abortua izan zuten, aretze bat malformazioekin sortu zen eta bertze bat hanketan malformazioekin. Eta ardiekin ere egoera ez da normala. Hilabete eta erdi baino gehiago badute etxe inguruan, eta normalean, urrian jaisten dira. Gainera, santioetarako ernari behar zuten baina oraindik arkara daude».
Egoera gogorra
Sektorea «hagitz gaizki» ikusten du, eta «psikologikoki hagitz gogorra» egiten ari zaio; «aunitz sufritzen ari naiz. Uzta txarra izan delako nik ezin ditut maizterren errentak, maileguak edo segurua pagatu gabe utzi. Gasolioa ere goiti doa. Denak aitzinera segitzen du eta gu gibeleraka goaz». Gehiago ere bai: «Aldaketa klimatikoa egia baldin bada eta hau baldin bada heldu dena, azienden erdiak sobran ditut».
«Ni ez dut aberastu nahi, gustatzen zaidanean lan eginez soldata duin bat atera nahi dut, bertzerik ez. Eta ez didate uzten».
Haragiarekin prezioarekin gertatutakoa ere salatu du: «Hiru hilabetez euro bat eta piko jaitsi da, 7,40 eurotik sei eurotara. Orain dela aste batzuk lau aretze kendu genituen eta badakizu zenbateko galera izan den hiru hilabetetan? 2.600 euro guttiago! Eta orain espekulazioa eta istorio etorriko dira. Duenak beharraren arabera salduko du. Baina hau ez da nork gehiago eman. Hau bizitzeko modu bat da. Ni ez dut aberastu nahi, gustatzen zaidanean lan eginez soldata duin bat atera nahi dut, bertzerik ez. Eta ez didate uzten».
Administrazioaren jarrerarekin ere kritiko da: «Aspaldi hartu behar zituen neurriak eta ez du deus ere egin. Dirulaguntzak ez dira soluzioak, baina hats hartzeko zerbait ematen ahal luke. Irri egiten digute aurpegira eta hagitz haserre nago».