«Orain arteko uztarik hoberena izan dugu aurten»

Ttipi-Ttapa

Baztango Xurie upategiko Ana Iriarte eta Iñaki Bengoetxea. 

Ana IRIARTE BAÑEZ, Arizkungo Baztango mahastizaina.

«Uzta ona» izan dute ardo xuri ekologikoa ekoizten duten Arizkungo Baztango Xurie upategian. Gehiago ere bai: «Orain arteko uztarik hoberena izan dugu aurten». Horixe baieztatu du Ana Iriarte mahastizainak. Esplikatu duenez,«mahastia ongi moldatzen da klima idorretan. Ur falta sufritu du, mahats batzuk erre dira eta mahats pikorrak ttikiagoak izan dira. 

Hala ere, abuztu erdialdean egindako euriarekin moldatu da eta ongi akitu du urtea. Gainera, xartaxarekin ez dugu arazorik izan, beti hezetasunarekin izaten da, eta aurten, holako udarekin, ez dugu arazorik izan». Arizkundarraren hitzetan, «Bai mahastia, bai mahatsa sano ikusi ditugu, bai kalitate aldetik, baita kantitate aldetik ere».

Prozesu osoa beraiek egiten dute: mahastia landu, bildu, ardoa egin, botilaratu, saldu...Eta uda bero eta idorrean ekoizpenak bere bidea egin dezan, «lanak egokitu» behar izan dituzte: «bai tratamenduak, bai udako gainerako lanak aldatu ditugu. Adibidez, urtero, oko inguruko hostoak kentzen ditugu, eguzkiak zuzenean jotzeko eta ontzen laguntzeko, eta aurten hori mahats biltzea egin aitzineko egunetan egin dugu. Hosto guziak babesa emateko utzi ditugu». Horrez gain, «bilketa 15-20 egun aitzinatu» dute. Normalean irail erdialdetik urri aldera egin ohi dute, eta «aurten, abuztu bukaeran hasi gara eta irail erdialdean akitu dugu».

«Sektore honen etorkizuna zaila ikusten dut, baina aldi berean, ez dago bertze biderik edo aukerarik. Jatea oinarrizko beharra da eta nola eta non ekoitzitako produktuekin elikatu nahi dugun erabaki beharko dugu»

Hortik aparte, sektorearen egoerari ere erreparatu dio eta «aspaldi sumatzen den errelebo falta» hartu du hizpide: «Horrek elikadura noren esku geldituko den pentsarazi beharko liguke. Sektore honen etorkizuna zaila ikusten dut, baina aldi berean, ez dago bertze biderik edo aukerarik. Jatea oinarrizko beharra da eta nola eta non ekoitzitako produktuekin elikatu nahi dugun erabaki beharko dugu».

Administraziorendako ere badu mezua, eta «nekazaritza iraunkorraren alde egiazko apustua egiteko» exijitu dio: «Bere diskurtsoa eta neurri ttiki batzuk lurrari lotutako nekazaritzaren aldekoak dira, baina aldi berean, hor daude makroetxaldeen aldeko politikak, Merkosur bezalako hitzarmenak... Ezin dugu bi noranzkoetan aldi berean arraun egin. Elikadura sistema norantz eraman nahi duten erabaki beharko dute, eta horren araberako politikak egin». Berak argi du: «elikadura burujabetzak oinarrizko helburua izan behar du».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun