Kontatu duenez, «behiak ekainetik irailerat Belaten botatzen ditugu eta urte guzian behorrak Almandozko mendietan edukitzen ditugu». Aurten, ordea, halabeharrez, «behiak lehenago bildu ditugu etxerat, bazkarik ez zegoelako eta ura eskasten hasia zelako. Bazkarik harrapatzen ez badute, nahiko arriskutsua izan ohi da iratzea jaten hasten baitira, eta kutsakorra denez, azienda eritzen du eta batzuetan, hil».
Mendian belarrik ez, eta etxean, «neguan bezala bazkatzen» ari dira. Beraien kasuan, ez dute belarrik egiten, lastoa erosten dute. Erran duenez, «joan den urteko lasto paka batzuk baditugu, baina arras agudo jaten ari dira, baita aurtengo negurako ekarritakoa ere. Bortz bat behi uztailean sartu genituen eta abuztutik hamabortz buru barnean daude. Ez dira aunitz, baina goizez eta arratsaldez ematen diegu jatekoa eta altxatutakoa nahiko agudo doa».
«Ernalketa gutti izanen dira, erran bezala, uda zezenarekin pasatu duten behiak antzu ateratzen ari dira»
Nolanahi ere, «galera nahiko kozkorrak» espero dituzte: «Pentsa, normalean azaro erdialdean sartzen ditugu behiak, eta aurten batzuk uztailean eta bertze batzuk abuztuan. Arras guttitan tokatu izan zaigu neguan lastoa erosi behar izatea, baina aurtengo neguan segur aski tokatuko zaigu. Inguruan ez badago edo aunitzek erosten badute, behartuak izanen gara bertze nonbaitetik ekartzera eta horrek gastuak handituko ditu». Eta ez hori bakarrik: «Ernalketa gutti izanen dira, erran bezala, uda zezenarekin pasatu duten behiak antzu ateratzen ari dira. Aratzeen kasuan, berriz, amengandik lehenago bereizten ari gara amek ez hainbertze sufritzeko, ez baitute esnerik. Dena kate bat da».
Egoera ikusita, «sektore honetaz ez atzentzeko» eskatu du: «Idortea ez dago inoren esku, baina administraziori laguntzak eskatuko nizkioke aziendei bazka emateko eta gastuak hain handiak ez izateko». Garbi du: «Hola segituz gero, eta ez diot idorteagatik bakarrik, burokraziaz ere ari naiz, desagertu eginen gara. Bertako produktuak kontsumitu beharrean, bertze herrialdeetakoak eginen ditugu, eta prezioek goiti eginen dute».