Eolikoen proiektuak ugaritzen ari dira gure eskualdean. Zer ari da gertatzen?
Nafarroan hainbat eta hainbat eoliko paratu dituzte, batez ere erdialdean eta Erriberan, eta erraten ahal da Iruñetik beheitiko eremua bete-betea dagoela. Baina estatu eta Europa mailako plangintzek diote gero eta eoliko eta fotovoltaiko gehiago paratu behar direla, eta hala, Nafarroan, Iruñetik goiti begiratzen hasi dira. Horrela ailegatu dira enpresak zuen eskualdera. Lehenbiziko pausoa elektrizitatea sarera konektatzeko baimena lortzea izaten da, eta hori lortuta, eolikoak paratzeko leku bila hasten dira. Segur aski, orain horretan ariko dira enpresak, eolikoak jartzeko lur bila, jabeekin tratuak egin nahian.
Eskualdean hainbat hitzaldi egin dituzue. Zein giro sumatu duzue?
Hitzaldi guztietara jende aunitz etorri da eta jakin-mina agerikoa da. Aunitzek arazoa ikusten dute eta ez daude batere konforme gertatzen ari denarekin. Mugimendu polita egin daiteke zuen eskualdean.
«Nafarroan energia berriztagarrien inguruko balantzea txarra da. Gobernuek enpresen esku uzten dute dena, eta ez luke horrela izan behar»
Zer balantze eginen zenuke Nafarroan energia berriztagarriei lotuta gertatzen ari denarekin?
Balantze txarra. Nafarroan Europatik eta Espainiatik heldu diren plangintzekin segitzen dute, eta plangintza horiek ez dira batere ongi eginak. Energia berriztagarriak onak dira, bai, egin behar dira, baina ez horrela. Leku urbanizatuetan eta neurri ttikiko azpiegiturak jarriz egin behar dira, eta justu kontrakoa egiten ari dira. Horrez gain, ez gara ohartzen nolakoa izanen den gure etorkizuna. Orain kontsumitzen dugu energia kontsumitzen segitzen badugu, Lurra planeta janen dugu. Hortaz, lehenbiziko pausoa gizarte mailan energia kontsumoa murrizteko planifikazioa egitea izanen litzateke, eta hori martxan paratuta, energia berriztagarriak paratzea. Gaur egungo eredua ez da bideragarria. Gobernuek enpresen esku uzten dute dena, eta ez luke horrela izan behar.
Nafarroako Energia Planean ezarritako instalazio berriztagarrien helburuak bete dira, baina proiektu gehiago baimentzen ari dira...
Bai, gaur egun indarrean dagoen energia plana 2018an paratu zuten martxan, eta hor 2030erako eoliko kopurua bikoiztu behar zela bildu zuten. Bada hamar urtetarako zen plana, lau urtez egin dute, 2022rako dena osatua zegoen. Eta horretan segitzen dute. Eoliko kopurua berriz ere bikoiztuko dela erraten ari dira, baita eguzki panelen parke gehiago eginen dituztela ere. Oraindik ez dakigu zenbat, baina ez da batere onargarria.
«Estatu mailan aurtengoa eolikoak eta eguzki panelak gehien gelditu behar izan dituzten urtea izan da»
Nafarroan eolikoen eta eguzki panelen bidez ekoizten denaren zati haundi bat kanpora bideratzen da...
Bai, joan den urtean, % 30 edo gehiago kanpora esportatu zuten. Hori elektrizitatea da. Eolikoek eta eguzki panelek elektrizitatea sortzen dute, baina elektrizitatea ez da erabiltzen dugun energia bakarra, erregai fosilak aunitzez gehiago kontsumitzen ditugu. Eguneko eta urteko momentu batzuetan, Nafarroan ezin dugu kontsumitzen dugun elektrizitate guztia produzitu, haizeak ez duelako beti jotzen eta eguzkiak ere ez. Badira sortzen den elektrizitatea kanpora esportatzen dugun momentuak ere, baina badira esportatu ezin eta eolikoak eta eguzki panelak gelditu behar diren momentuak ere, eta hori gertatzen ari da. Estatu mailan, aurtengoa eolikoak eta eguzki panelak gehien gelditu behar izan dituzten urtea izan da. Adibidez, demagun eguerdian eguzki panelak jo eta ke ari direla, eta haizea ere badela. Elektrizitate guztia berriztagarria da, baina ezin dugu onartu elektrizitate gehiago, eta panelak eta eolikoak gelditu behar dituzte, ez delako elektrizitate gehiago kontsumitzen. Hemendik aitzinera hori normala izanen da, gero eta eoliko gehiago paratzen ari direlako. Baina elektrizitatearen kontsumoa ez da igotzen. Urteak pasatuta, berdintsu edo beheiti egiten ari da. Beraz, orain erregai fosilen kontsumoa nola murriztu daitekeen planifikatu beharko lukete, eta bitartean, ez jarri eoliko gehiago Nafarroan.
Berriztagarrien proiektuak egiteko baimena lortzeko tramitazioak malgutu dituzte...
Gero eta azpiegitura gehiago paratu nahi dituzte eta horretarako tramitazio luzeak egin behar dira. Hasteko, konexio baimena lortu, ondotik lurrak bilatu, eta proiektua eginda, adibidez, Nafarroako Gobernuan aurkeztu. Orduan hasten da tramitazioa, eta bide luzea da. Bertzeak bertze, ingurumen inpaktuaren txostena aurkeztu behar dute, hori jendaurrean paratu alegazioak aurkezteko, ondotik alegazioak aztertu eta Nafarroako Gobernuak txosten bat egin eta enpresari bidali behar dio... Hainbat buelta dira eta azpiegitura bat egiteko bortz urte behar izaten ahal dira. Orain, dena agudo egin nahi dutenez, baimenak lortzeko tramitazioak murriztu dituzte, tartean proiektua aurkeztuta alegazioak egiteko dagoen epea. Gobernuan proiektua aurkeztu eta jende aitzinean paratuta, orain arte 30 egun balioduneko epea izaten zen alegazioak egiteko. Hori hagitz gutti da. Bada orain, erdira murriztu dute. Ukrainako gerraren dekretua baliatuz, 15 egun balioduneko epera mugatu dute. Nafarroan oraindik ez dute halakorik egin, eta orain arteko proiektu guztiek 30 egun balioduneko epea eduki dute, baina estatuko bertze erkidego batzuetan 15 eguneko epea aplikatu dute. Epe horrekin aunitzez ere zailagoa da: mila orrialdeko proiektua begiratu, aztertu, txostena egin, bidali... Ezinezkoa da. Areago lan hori boluntarioek denbora librean egiten dutela eta aunitzetan uztailean edo abuztuan, oporretan gaudenean, aurkezten dutela kontuan hartuz. Ea zer gertatzen den zuen eskualdean.
«Bereziki hagitz interesgarria iruditzen zait zuen eskualdean gertatzen ari dena; plataforma aunitz eta indartsuak sortzen ari dira»
Zein mezu luzatuko zenieke eskualdeko herritarrei?
Herritar guztiak plataforma batean bildu eta indarra erakusten badute, hau guztia gelditzen ahal da. Hagitz inportantea da proiektu hauek gelditzea eta bertze eredu batzuen inguruan hausnartzea. Bereziki hagitz interesgarria iruditzen zait zuen eskualdean gertatzen ari dena; plataforma aunitz eta indartsuak sortzen ari dira. Bide batez, aipatu nahi nuke, Nafarroa osoko plataformak elkartu eta NEETEN Nafarroako Energia Eraldatzen koordinadoran bildu direla. Udan eta udazkenean hainbat mobilizazio antolatzeko asmoa du eta erne egon!