Zentral eolikoak eskualdean

«Makroproiektu eoliko hauek ikaragarrizko inpaktua izanen lukete gure herrietan»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 9a, 09:00

Uxoa ELIZALDE, Malerreka Bizirik taldeko kidea

Atzo iragarri bezala, eskualdean egin nahi dituzten makroproiektu eolikoen kontra herritarrek sortu dituzten taldeekin egindako elkarrizketak argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk egunotan. Hauxe da horietan lehenbizikoa, Malerreka Bizirik taldeko Uxoa Elizalde zubietarrari egindakoa. Halako proiektu batek inguruan eta herritarrengan eraginen lukeen kaltea azpimarratu du eta «mehatxu handi bat aurrean dugula» gaineratu du; «ez badugu laster esku hartzen gure inguruak suntsituko dituzte».

Nola aurkeztuko zenuke Malerreka Bizirik taldea?

Gure herrietara ailegatu berri den makroproiektu eolikoen aferaren ondorioz sorturiko herri plataforma gara. Maiatzaren 20an egin genuen geure buruaren aurkezpena Iturengo plazan eta geroztik zenbait bilera egiteaz gain, ekintzaren bat edo beste ere antolatu dugu. Momentu honetan, herritarren kontzientziazioa eta informazioaren transmisioa dugu helburu. Garbi dugu enpresa handi hauek negozioak egitera etorri direla hona eta, ez beraiek saltzen duten moduan, guri dirua ekartzera. Azpimarratu nahi dugu ez gaudela errota eolikoen edo energia berriztagarrien kontra. Inposatutako makroproiektu eoliko hauek gure herrietara ekarriko lituzketen kalteak zein diren ikusirik jasangarritasuna aldarrikatu nahi dugu.

Zer da zuen herrietako proiektuari buruz dakizuena?

Malerrekan hiru proiekturen asmoak ailegatu zaizkigu. Hainbat enpresak, tartean, Elicio multinazional belgikarra eta Zelena Renovable SL madrildarra ere, gure eskualdean haize errota eolikoak paratu nahi dituzte, zehazki hurrengo lurretan. Alde batetik, Bortzirietako eta Sunbillako lurretan (Azkua proiektua); bestetik, Iturengo eta Zubietako lurretan, Galardi eta Arburu parajeetan, eta hirugarrenik, Ezkurrako, Eratsungo, Beintza-Labaiengo eta Saldiasko lurretan (Irakurri proiektua). Dakigunez, Zubietako eta Iturengo Galardi proiektuan, Elicio enpresak hainbat lurren informazioa eskatu du, lur komunalak edo herri lurrak tarteko. Lur horietan, bost edo sei haize errota paratzeko asmoa adierazi dute. 120 metro luze izanen dituzte zutabeek, eta beste 75 metro hegalek, beraz, osotara ia 200 metro. Horri gehitu behar zaio errotak mendira goitzeko kamioiendako pistak izugarri zabaldu beharko dituztela –6-12 metroko pistak behar dituzte pasatzeko–, haize errotak kokatzeko mendietan eginen lituzketen plataformak eta zuloak (10 metroko zuloak zimenduak jartzeko), bai eta sortutako elektrizitatea garraiatzeko eraikiko liratekeen kableen estrukturak ere.

Esan beharra da, informazioa lausoa dela eta herritarroi ez digutela helarazi, baina gauza argia da sortutako energia ez dela gure herrietan geldituko. Ekoizten den energia ezin da pilatu: sare elektrikora bideratzen da, merkatuan saltzeko. Hori gutxi balitz, energia horren zati bat atzerrira saltzen da. Pentsa «energia berriztagarrien lurraldea» den Nafarroan sortzen den energiaren ia % 30 atzerrira saltzen dela. Eta hori dena elektrizitatearengatik inoiz baino gehiago ordaintzen ari garen momentuan heldu zaigu. Herritarroi sakelak estutzera behartzen gaituzten bitartean, Iberdrola eta beste hainbat energia enpresek inoiz baino irabazi gehiago lortu dituzte gure bizkar.

Zein dira zuen kezka nagusiak?

Gure kezka nagusia makroproiektu honek gure inguruarendako zein herritarrondako suposatuko lukeen kaltea da. Ikaragarrizko inpaktua izanen lukete gure herrietan. Adibidez, Zubieta eta Ituren artean dagoen Galardi mendia oso bistan dago eta Zubieta herritik oso hurbil. Zubietako plazatik pare-parean geldituko lirateke haize errota erraldoi horiek eta paisaia guztia itsustuko lukete. Oso handiak izanik, herria azpian hartuko lukete eta betitik izan duen edertasuna kenduko liokete. Orain arte zubietarrok asko saiatu gara herria txukun mantentzen eta harro gaude horretaz, orain ezin dugu onartu kanpotar enpresa batzuk gure herriari partxe moderno hori muturren aurrean paratzea eta gure paisaiaren edertasuna izorratzea.

«Halako proiektu batek izanen lituzkeen ondorioak askotarikoak dira: ondorio paisajistikoak, kalte ekologikoak, ondorio ekonomikoak, osasunari kalte eginen lioke...»

Halako proiektuek zein ondorio ekarriko lituzkete?

Honelako proiektu bat martxan jartzeak ekarriko lituzkeen ondorioak askotarikoak dira. Alde batetik, begien bistakoena dena, ondorio paisajistikoak dira, mendien edertasuna izorratzen dute. Bestetik kalte ekologikoak daude, hegaztietan eta beste espezietan sortzen duten biodibertsitatearen galera. Gainera, mendiak zauritu eta urratuko lirateke ikaragarrizko pistak eraikiz, lur mugitzeak, zuloak… Basoak, belardiak, ira-zelaiak eta iturriak desagertuko lirateke kasuan kasu. Honen ondorioz, batzuetan animalia mota batzuk ospa eginen lukete eta hegazti asko erroten kontra akabatu, elikadura katea hautsiko litzateke eta modu berean uraren zikloa. Horri interes arkeologikoa gehitu behar zaio. Mendiak suntsitzean bertako menhir eta cromlechak suntsitzea ekarriko bailuke. 

Bestetik, alderdi ekonomikoari begiratuz, zorionez oraindik gure herrietan bizirik dirauen lehen sektorea zapalduko luke. Inguruan leku handia duen ehiza ere desagertuko litzateke eremu horietan eta hegaztien gutxitzea nabarmena izanen litzateke inguru guztian. Turismoa eta horrekin loturiko lanbideak ere kaltetuak izanen dira, izan ere, gure mendi eta paisaiak dira turistak erakartzen dituztenak, ez haize errotak eta mendi guztia urratzen duten pista zabalak. 

Akitzeko, gure osasunari ere kalte eginen liokete. Esperientzia duten herriek kontatu duten moduan, kutsadura akustikoa handia da. Lo egiteko arazoak sortzen dira eta atzera bueltarik gabeko gaixotasunak. Gure inguruan hain preziatua den lasaitasuna kolokan jarriko da.

Bilera informatiboak, hitzaldiak... egin dituzue. Zein giro sumatzen duzue zuen herrietan eolikoen proiektu hauen harira?

Bai, egin dira. Bai inplikatutako herrietan, baita Donezteben ere, izan ere, Malerreka mailan hau dugu erdigune. Pertsonalki espero baino jende gutxiago agertu izan da hitzaldi horietara. Egia esan behar badut denon iritzia ez dela berdina, agian nire espektatibak altuegiak ziren…

Herritarrak jakitun gara halako proiektu batekin zer dagoen jokoan?

Bertara ailegatzen zaigun bitartean ez. Aditzen dugu berrietan zerbait, baina multinazional handiak ederki arduratzen dira nahi dutena tapatzeaz eta komeni zaiena saltzen digute. Horregatik mugitu gara, dugun informazioa jakinarazi nahi dugu eta berriztagarrien izen onarekin saltzen digutenaren atzean zer dagoen ikustarazi nahi dugu. Izen politak erabiltzen dituzte haien interes pribatuak lortzeko asmotan eta gure herrien edertasuna eta osasuna jartzen dute jokoan.

«Kanpotik etorritako enpresa handiek ez dute inolako interesik guri onurak ekartzeko, interes ekonomikoak bultzaturik etorri dira eta hori dute helburu bakarra»

Zein mezu luzatuko zeniekete herritarrei?

Gure herriak eta mendiak guk zaindu behar ditugu. Kanpotik etorritako enpresa handiek ez dute inolako interesik guri onurak ekartzeko, interes ekonomikoek bultzaturik etorri dira eta hori dute helburu bakarra. Mehatxu handi bat dugu aurrean eta ez badugu laster esku hartzen gure inguruak suntsituko dituzte. Malerrekak daukan gauzarik preziatuena, bere xarma eta edertasuna, galduko dugu eta ia ez gara izanen txoko eder bat, industrializatuko gaituzte eta edozein beste leku bat bezala izanen gara, erakargarritasunik gabekoa.

Enpresek udal batzuen atea jo dute. Kezkatzekoa iruditzen zaizue?

Bai, hala da, eta horrek jo du alerta. Udaletara jo izanak proiekturen bat esku tartean dutela jakinarazi digu eta laster egia bihurtuko da gure beldurra. Enpresa handi eta dirudunak dira, azkar mugitzen dira eta ohartu bezain laster gainean izanen ditugu. Oraindik ez dute proiekturik aurkeztu baina laster etorriko da hori ere.

Zuen herrietako udalekin harremanik izan duzue?

Herrian,Zubietan, bilera bat antolatu zuten, baina eskasa da informazioa. Plataforma gisa udal guztietara informazioaren eskaera ere luzatu genuen, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. 

Administrazioaren jarreraz zer diozue?

Oraingoz, deus ez dakitela erantzuten digute, isilik gelditzen dira; baina kezkagarria da isiltasun hori, kolaborazionismoaren usaina dauka.

Beste herrietako taldeekin elkarlanean hasiak zarete. Orain artekoaz zein balorazio eginen zenuke?

Interes berdinarekin borrokan ari garen taldeak gaude inguruan eta elkarlanak abantaila handiak izateaz gain, indar handia ematen digu. Alde batetik, esperientzi handia duen Endara Bizirik taldea hor dugu, hasiera-hasieratik laguntzeko prest azaldu zaiguna, eta beraz, bidenabar, gure eskerrak luzatu nahiko genizkioke. Beste taldeak berriagoak gara eta momentuz bakoitza zertan gabiltzan azaldu diogu elkarri. Ideiak ongi datozkigu beti, eta gainera, sortutako materiala berrerabili eta herri guztietan antzeko zerbait egiten saiatu nahi dugu. 

Hemendik aitzinera zein asmo dituzue?

Momentuz herritarrei informazioa helaraztea eta kezka zabaltzea da gure lehentasuna. 

Proiektua aurrera ateratzeko arriskua ikusten duzue?

Zoritxarrez bai, eta are gehiago azken berriak ikusirik. Bertan dugu Erdiz Biziriken kasua, hainbeste borrokaren ondotik. Gainera Europatik datozen erabakiak ere ez ditugu alde. Europar Batasunaren Natura Berreskuratzeko Legetik kanpo utzi nahi dituzte bai haize errotak eta eguzki panelak ere «interes publiko gorenekoak» direla.

«Herritarrok zerbait positibotzat hartzen dugu berriztagarria eta hortik jotzea trikimailu bikaina da»
Energia berriztagarrien izenean ari dira, baina horren gibelean hori baino gehiago dago. Zer diozue?

Izen polit bat behar zuten eta berriztagarrien izen ona aprobetxatu dute. Herritarrok zerbait positibotzat hartzen dugu berriztagarria eta hortik jotzea trikimailu bikaina da, onartu beharko dugu hori ere. Baina atzean ikertzen hasiz gero ohartzen gara ez dela jasangarria, ez dugula energia hori behar… Badira aipatzeko hainbat puntu:

Haize errota bat sortzeko eta hori gure mendietan jartzeko erabili beharko litzatekeen energia erregai fosiletatik lortutakoa da. Energia horri guztiari buelta emateko haize errota horrek urte kuadrilla bat egin beharko lituzke lan, beraz, ze berriztagarri mota da hori?

Bestalde, 25 urte inguruko iraupena izanen dute. Aipatzekoa da, adibidez, AEBetan 1980tik dabiltzala eolikoekin lanean eta 2012an jada bazituzten 14.000 errota abandonatu haizerik hobereneko guneetan. Hau da inguruan nahi duguna?

Zein izanen litzateke aterabidea?

Momentuz hau gelditzea da gure asmoa. Bilera askotan planteatu izan ditugula alternatibak, izan ere, horietan  pentsatzea ere beharrezkoa ikusten dugu. Autokontsumorako energia berriztagarria? Kontsumoaren gutxitzea? Autogestionatutako herriak? Baina hori beste borroka handi bat da. Momentuan premiazkoa ikusten duguna mehatxu honi aurre egitea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun