Aurkeztuko zenuke Igantzi Bizirik taldea?
Ondoko herrien mugimenduarekin jarraipena izatea beharrezkoa iruditzen zaigu, gaiarekin errazago erlazionatzeko, eta duela hilabete batzuk taldea sortu genuen. Gaur egun, 88 partaide gara eta taldea handitzen ari da. Dirua bildu dugu ekintzak egiteko eta jendeak borondate ederra erakutsi du diru ekarpenak egiteko.
Zer da proiektuari buruz dakizuena?
Momentuz proiektu konkreturik ez dagoenez, enpresa batek gure mendietan parke eoliko bat egiteko interesa duela bakarrik dakigu.
Nolako lurrak dira?
Kokapen zehatzik ez dagoenez, denak suposizioak dira, baina proiektuaren izena eta zein herritan izanen lukeen eragina kontuan hartuta, lur zati gehienak publikoak izanen lirateke, nahiz eta eremu pribatu handia ere har dezakeen.
«Proiektu horien gibelean espekulazioa eta interes pribatuak daude»
Zein dira Igantzi Bizirik taldearen kezka nagusiak?
Gehienbat inpaktu bisuala da gure kezka nagusia, baina aldi berean, ingurugiroari sortzen ahal dion kalteak ere kezkatzen gaitu, baita artzaintzan eta abeltzaintzan izanen lukeen ondorioak ere. Horri proiektu horien gibelean dagoen espekulazioa gehitu behar zaio.
Proiektua eginen balitz, zein ondorio ekarriko lituzke?
Onura gutti edo batere ez gure eskualdean; ez ekonomikoki, ez sozialki. Herri hauen xarmaren galera deusen truk.
Zein giro sumatu duzue Igantzin eolikoen proiektu hauen harira?
Jende gehienari ez zaizkio batere gustatzen proiektu hauek. Ez dute onurarik ikusten eta ez dute nahi gure kontura betikoek sakelak betetzea. Espekulazioa eta interes pribatuak ikusten ditugu horien gibelean.
Ohartzen ote gara halako proiektu batekin zer dagoen jokoan?
Hasteko, gure eskualdearen erabateko suntsipena deusen truk. Eta horrez gain, onartuz gero, ondotik etor daitekeenaren aitzinean beldurra.
Zein mezu luzatuko zeniekete herritarrei?
Gure herriak eta eskualdeak guk defendatu behar ditugula. Ezin dugu bertzeen eskuetan utzi gure etorkizuna eta ongizatea.
«Orain denak lanerako elkartu behar dugu, bertzela, gero berandu izaten ahal da»
Enpresek udal batzuen atea jo dute. Zer erran nahi du horrek zuen ustez?
Herri hauetan hagitz garrantzitsua da zer jende mota dagoen udaletan lanean, udalak holako gaietan indarra egiten ahal baitu. Azken boladan, herri aunitzetan dagoen udal lanaren inguruko apatia kezkagarria iruditzen zaigu. Orain denak elkartu behar dugu lanerako, bertzela, gero, berandu izan daiteke
Igantziko Udalarekin harremanik izan duzue?
Ofizialki oraindik ez dugu hartu-emanik izan, ez baitago proiektu zehatzik eta enpresakoak ez baitira udalarekin harremanetan jarri. Hala ere, udalkide aunitz dira gure taldeko partaide eta ez dugu zalantzarik behar denean laguntza hartuko dugula. Bertzetik, Igantziko bertze elkarteekin ere harremanetan jarriak gara.
Administrazioaren jarreraz zer diozue?
Gobernuek eta goi karguek beti interes pribatuak edo aberatsen interesak defendatzen dituzte. Hori ez da deus berria, beti horrela izan da. Baina landa eremuko herriek mintzoa goratu beharra daukagu hemen gaudela errateko. Igantzi bezalako herriak Nafarroako Gobernuaren aldetik ez dugu apenas arretarik izaten. Segur aski ez dakite mapan kokatzen ere.
Bertze herrietako taldeekin elkarlanean hasiak zarete. Orain artekoaz zein balorazio eginen zenukete?
Elkarlana beharrezkoa iruditzen zaigu. Ttikiak gara eta indarrak batuz gero, aukera gehiago ditugu gure borroka ikusarazteko.
Hemendik aitzinera zein asmo dituzue?
Gehienbat gai hau hozten ez utzi. Lanean segitu behar dugu ikusarazteko gurekin ezin dutela nahi duten guzia egin.
«Guk ezagutzen eta entenditzen ez ditugu arrazoi eta kalkulu aunitz daude gibelean»
Proiektua aitzinera ateratzeko arriskua ikusten duzue?
Arriskua beti dago. Guk ezagutzen eta entenditzen ez ditugun arrazoi eta kalkulu aunitz daude horien gibelean. Denok kezkatzen gaituzten gaiak erabiltzen dituzte negozioa egiteko; garrantzitsuak diren gai guzietan egiten dute hori: osasunarekin, hezkuntzarekin... Negoziorako erabiltzen dituzte.
Energia berriztagarrien izenean ari dira, baina gibelean hori baino gehiago dagoela erranen zenuke?
Nor dago berriztagarrien kontra? Ia inor ere ez! Baina estrategia hori erabiltzen dute egiazki beraien interesak gordetzeko.
Zein izanen litzateke aterabidea?
Berriztagarriak dira aterabidea, bai horixe. Baina ezin dira horiek erabili espekulazio hutserako. Kontsumo eredua aldatu beharra dago, baina, beti bezala, ahulenak egin behar du esfortzua. Adibidez, guk energia kontsumoa murriztu behar dugula dioten horiek energia kantitate lotsagarriak eskatzen dituzten proiektuen alde egiten dute.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Ezin garela apatian eta inaktibitatean gelditu. Guk ez badugu gure etxea defendatzen, nekez defendatuko digute ezagutu ere egiten ez gaituzten horiek.