Arantza Bizirik taldearen aurkezpena eginen zenukete?
Lehenbiziko deia martxoaren 26an egin genuen, Sustrai fundazioak emandako berria prentsan argitaratu eta lau egunetara. 20 bat lagun bildu ginen, baina ondoko deialdietan jende gehiago agertzen joan da; 50 inguru bildu garenak ere izan dira. Hainbat bilera egin ditugu dugun informazio pixarra elkarbanatu eta nondik nora jo jakiteko. Tartean, Endara Bizirik eta Sutrai Erakuntzak-en solasaldi informatiboa antolatu genuen, gai honen inguruan eurengandik aunitz genuelako ikasteko. Geroztik, eskuorri batzuk ere banatu ditugu etxez etxe.
Zer da zuen proiektuari buruz dakizuena?
Zelena Renovable enpresa pribatua da, eta zortzi-hamar errota paratu nahi dituzte, 200 metroko altuera dutenak. Azkua izeneko proiektua dela dakigu. Nafarroako Gobernuak ziurtatua digu sare elektrikora konektatzeko baimena lortua duela eta fidantza ere ordaindua duela. Erran digutenaren arabera oraindik ez omen dago proiekturik.
Nolako lurrak dira?
Haur, gazte zein helduentzako paseorako eta kirola egiteko egokia da. Aranztarrontzat hurbil sentitzen dugun parajea da: zelaia, garbia… Belardi ederrak ditu, bertan paseoak egiten ditugu, mendi altuetara joateko pasabidea da… Honetaz gain, aziendak ere bertan ibiltzen dira: ardiak, behiak, betizuak eta behorrak; euren bazkalekua da. Askak ere badaude eta baserrietara doan ura jaiotzen den iturriak inguruan. Proiektu honekin Bulatxiki betiko galduko genuke.
Zein dira zuen kezka nagusiak? Eta halako proiektuak zein ondorio ekarriko lituzke?
Proiektua aitzinera ateratzeko mendian izanen den txikizioa ikaragarria izanen da, errota paratzeko behar den zapatak bakarrik 24 metroko erradioa eta lau metroko sakonera izanen luke. Gure baliorik handiena duen Arantzako zirkuaren inpaktu basatia izanen luke; munstro bat izanen litzateke paisaian. Eta gainera, bertara material haundi horiek eramateko sei metroko pistak behar dira, honek oraingo pistak baino zabalera haundiagoa behar dutela erran nahi du, aitzinean duten guzia xehatuz. Bulatxikira ailegatzeko auzo oso bat kaltetua izanen litzateke. Bertako ekosistema, flora eta faunari ere zer kalte eginen lioken argia da, proiektu suntsitzailea baita. Soinuen, bibrazioen eta bertzelako erradiazioen bitartez osasun arazoak ere eraginen lizkigukete: insomnioa, antsietatea, migrainak, pitidoak…
Bilera informatiboak, hitzaldiak… egin dituzue. Zein giro sumatzen duzue herrian?
Jendearen kezka nabaria da, horren seinale bileretan gero eta jende gehiago hurbildu dela da.
Herritarrak jakitun gara halako proiektu batekin zer dagoen jokoan?
Ez gara kontziente zenbaterainoko larritasuna duen proiektuak.
«Ezin dugu enpresa pribatu baten informazio hutsarekin gelditu. Dena hagitz polita saltzen dute, baina errealitatea ez da hain polita»
Zein mezu luzatuko zeniekete herritarrei?
Ez gelditzeko enpresa pribatu baten informazio hutsarekin, hagitz polita saltzen dute, baina errealitatea ez da hain polita, eta onurarik ez eta ekologikotik deus ez duen proiektu hau geldiarazteko elkar hartu behar dugula.
Enpresek udal batzuen atea jo dute. Kezkatzekoa iruditzen zaizue?
Kezkatzekoa informaziorik ez ematea edo informazioaren zati bat bakarrik ematea da. Horrelako eragina duen proiektu batek herritarren onespena izan beharko luke. Zelena Renovable ez da ez udalarengana ez herritarrengana hurbildu. Guk dugun informazioa prentsatik lortua da. Gure kasuan, guk enpresarengana jo dugu informazio eske baina ez dute erantzunik ere eman.
Arantzako Udalarekin harremanik izan duzue?
Bai, badugu harremana eta proiektu suntsitzaile honen kontra agertu da.
Administrazioaren jarreraz zer diozue?
Administrazioarekin ez dugu harremanik… Administrazioak ez digu inolako informaziorik eman. Horrelako proiektuek guk emandako dirulaguntzekin egiten dute aitzinera, baina ez dago inolako informaziorik.
Bertze herrietako taldeekin elkarlanean hasiak zarete. Orain artekoaz zein balorazio eginen zenukete?
Pare bat bilera egin ditugu, informazioa pasatu eta elkar laguntzeko.
«Herritarrok indarra egiten badugu hau gelditzeko ahalmena dugu»
Proiektua aitzinera ateratzeko arriskua ikusten duzue?
Bai, arriskua bai, baina herritarrok indarra egiten badugu hau gelditzeko ahalmena dugula uste dugu.
Energia berriztagarrien izenean ari dira, baina horren gibelean hori baino gehiago dago…
Horrela saltzen digute, baina berriztagarritik ez du deus, ikusi bertzerik ez da zer suntsipen egiten duten. Gainera sortuko litzatekeen energia kanpora bidaltzen dute, ez litzateke herrian geldituko. Hemen interes pribatuak daude.
Zein izanen litzateke aterabidea?
Kontuan izanda Nafarroan sortzen den elektrizitate kopurua kontsumitzen dena baino handiagoa dela, zertarako behar ditugu haize errota gehiago?
Maiz aipatzen den bertze aukera energia guttiago kontsumitzea eta desazkundea da. Zer erranen zenukete horren harira?
Hor dauzkagu AHT, edo Erdiz eta Aroztegia hemen ondoan, eta honela milaka adibide ditugu. Desazkundea proiektu hauek geldiaraziz hasten da, hemendik hasten ahal gara energia aurrezten. Egunerokotasunean gero eta arau gehiago paratzen dizkigute energia kontsumoa murrizteko, baina aldi berean animaleko energia kontsumoa behar duten proiektu hauek bultzatzen dituzte inolako beharrik izan gabe.
«Nork erabaki behar du gure lurretan zer egin? Bertan bizi garenok edo interes pribatuak dituzten multinazionalek?»
Zerbait gaineratuko zenukete?
Duela gutti administrazioak herrian argindarra sortzeko genuen presa suntsiarazi digu, arrazoi ekologikoak argudiatuz. Eta eolikoek ez al dute kalterik egiten bertako ekosisteman? Nork erabaki behar du gure lurretan zer egin? Bertan bizi garenok edo interes pribatuak dituzten multinazionalek?