Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu eolikoen kontra borrokan ari dira eskualdeko herritarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 8a, 12:00

Ezkerretik hasita Uxoa Elizalde (Malerreka Bizirik), Ismael Iturbide (Igantzi Bizirik), Miren Olaetxea (Azkua Bizirik) eta Leire Mitxelena eta Eli Iturria (Arantza Bizirik).

Eskualdean egin nahi dituzten proiektu eolikoekin kezkatuta, Arantza Bizirik, Azkua Bizirik, Igantzi Bizirik eta Malerreka Bizirik taldeak sortu dituzte herritarrek. Proiektuak geldiaraztea dute helburu, eta horrekin batera herritarrek jokoan dagoena zer den ohartzea nahi dute.

Azkua izeneko makroproiektu eolikoa Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako lurretan, Irakurri izeneko bertze bat Beintza-Labaienen, Eratsunen, Ezkurran eta Saldiasen, Galardi izenekoa Zubietak eta Iturenek muga egiten duten eta Zubietako antena dagoen parajean, Arburu izeneko bertze bat Zubietan, Arano eta Goizueta aldean bertze bat... Enpresa pribatuek egin nahi dituzten eolikoen proiektuek gogor jo dute eskualdea. Bata bertzearen gibeletik etorri dira, ustekabean. Kasu batzuetan, enpresek udal batzuen atea jo dute, baina gehienetan Sustrai Erakuntza fundazioak ohartarazita izan dute herritarrek eta udalek proiektuen berri.

Ohartarazpena ez da hutsean gelditu. Proiektuen kontrako ahotsak zabaltzen ari dira, eta kezkatuta, herriz herri taldeak sortu dituzte herritarrek: Arantza Bizirik, Etxalarren Azkua Bizirik, Igantzi Bizirik eta Malerreka Bizirik. Euren arteko harreman sarea ere sortzen hasiak dira. Talde horiengana jo du TTIPI-TTAPAk, eta bihar hasita, ondoko egunetan Leire Mitxelena eta Eli Iturria Arantza Bizirik taldeko kideekin, Miren Olaetxea Azkua Bizirik taldekoarekin, Ismael Iturbide Igantzi Bizirik-eko kidearekin eta Uxoa Elizalde Malerreka Bizirik taldeko zubietarrarekin egindako elkarrizketak zintzilikatuko ditu ERRAN.EUSen. Baita Sustrai Erakuntza fundazioko Martintxo Zelaiarekin egindako elkarrizketa ere. Eolikoak kokatu nahi dituzten eta sarreran aipatutako hamabi udalerrietako alkateengana ere hurbildu da TTIPI-TTAPA. Ia guztiek erantzun dute eta artikulu honetan irakur daiteke zer dioen bakoitzak.

Azkua eta Irakurri proiektuak 

Martxoaren 16an Sustrai Erakuntza fundazioak jo zuen lehenbiziko alerta, egoitza fiskala Madrilen duen Zelena Renovable enpresak Bortzirietan eta Malerrekan makropoligono erraldoiak egin nahi dituela jakinaraziz, bakoitza 50 megawattekoa. Sustrairen kalkuluen arabera, proiektu bakoitzean zortzi-hamar errota paratuko lituzkete. Egun batzuen buruan zabaldu zuen enpresak energia sare elektrikora konektatzeko baimenak lortu zituela. 

Martxo hondarrean, Arantzako Udalaren bitartez zabaldu ziren proiektuen izenak: Azkua (Etxalarko mendiaren izena) eta Irakurri (Ezkurrako mendiaren izena). Arantzako Udalak «prentsa bidez jakin zuen proiektuari buruzko informazio guztia» eskatu zien Nafarroako Gobernuko ingurumen eta industria departamentuei. Eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Zuzendariaren erantzuna hartu zuen; ez zutela Arantzan egin nahi duten parke eolikoari buruzko baimen eskaerarik edo dokumentazio teknikorik hartu, baina 2022ko azaroan Zelena Renovable S. L. U. enpresak bi berme ekonomiko jarri zituela baieztatu zuen. Berme horietako bat Irakurri proiektuari dagokio eta bertzea Azkuari. Berme ekonomiko horiek nahitaezkoak dira energia sarera konektatzeko baimena izateko. Sortutako argindarra, berriz, Donezteben dagoen Iberdrolaren azpiestazio elektrikora bideratzeko izanen litzateke.

Elicio enpresa Malerrekan

Aldi berean, martxoan, Elicio izeneko enpresa belgikarra ate joka hasi zen Malerrekako zenbait herritan. TTIPI-TTAPAk jakin duenez, guttienez, Zubieta, Ituren, Eratsun eta Ezkurrako udal ordezkariekin bildu da, eta Beintza-Labaiengo Herriko Etxean enpresaren telefono dei bat izan dute. Nafarroako iparraldean haize eremu batzuk detektatu dituztela eta «inbertsioak egiteko leku interesgarriak» izaten ahal direla erran omen diete; dena, ordea, ahoz. 

Ernesto Dominguez Zubietako alkateak maiatzean TTIPI-TTAPArekin egindako elkarrizketan esplikatu zuenez, «Galardi parajean, 30 megawatteko instalazioa aurreikusi dute, esan zigutenez, bospasei haize errota». Partzelei buruz informazioa galdetu zutela ere adierazi zuen alkateak eta dimentsioei buruz hauxe: «120 metroko altuera izanen luketela kontatu ziguten, 75 metroko hegalekin eta 150 metroko diametroarekin». Zubietako kasuan, batetik, Galardi eremua dago, Iturengo eta Zubietako lurretan, eta bertzetik, Arburu, Beintza-Labaien aldera.

Goizuetan eta Aranon ere bai

Urumealdea ere ez dago eolikoen proiektuetatik salbu. Apirilean, Goizueta, Arano eta Hernani artean «neurri haundiko poligono eoliko bat» paratzeko asmoa dutela ohartarazi zuen Sustrai fundazioak, 100 megawatt ingurukoa. Zenbait hedabideren arabera, «Euskal Herriko zentral eolikorik handienetakoa» izanen litzateke. Nafarroako eta Gipuzkoako eremuei eraginen lieke, eta Sustraik gaineratu zuenez, «bai proiektuaren dimentsioengatik, bai bi autonomia erkidegori eragiten dielako, Madrildik egiten ari dira tramitazioak».

Eolikoen neurriak

Gaur egun paratzen dituzten azpiegituren neurriek ez dute deus ikustekorik 1994an Nafarroan instalatu zituzten lehenbiziko eolikoen dimentsioekin eta potentziarekin. Erreniega mendian paratu zituzten Nafarroako lehenbizikoak, Euskal Herrian ere lehenbizikoak izan ziren, eta estatu mailan lehenbizikoetako batzuk. Horiek 40 metroko dorrea eta 20 metroko hegalak dituzte, eta guztira, 60 metroko altuera dute. Gaur egun, ordea, handiagoak paratzen dituzte; 120 bat metroko dorrea eta 75 bat metro dituzten hegalak. Hala, 200 bat metroko altuera hartzen dute eta potentzia aldetik ere handiagoak dira.    

Informazio gutti dute esku artean plataformek, ez dago proiekturik, baina argi dute mugitu beharra dagoela. Bada lau plataformek bat egin duten bertze kontu bat ere: «Ez gara kontziente zenbaterainoko larritasuna duten holako proiektuek». 

Zer diote alkateek?

Joxan RUIZ MINER, Aranoko alkatea

«Aranoko Udalak ez du inolako jakinarazpen ofizialik jaso eta ez dakigu deus proiektuari buruz. Aranoren zentzua edo funtsa bere ingurua da, natura, eta horrelako proiektu handi batek eginen lituzkeen txikizioak kezkatzekoak dira. Argi dago onurak baino gehiago kalteak izanen direla. Hortaz aparte, ez zait ongi iruditzen holako parke handiak egitea eta enpresa pribatu batek egitea ere ez dugu begi onez ikusten. Herritar talde batek ere gaia mahai gainean jarri du eta beraien hitzetan, proiektu eolikoa egin nahi izatea ezbehar bat da gure herriarentzat, bizimodua okerrera aldatuko diguna. Gaineratu dutenez, gure iritzia eta gizartearen zati handi batena benetan kontuan hartuko balute, baita ekosistemen degradazioa ikertzen dutenena ere, ez lukete horrela jokatuko. Baina badirudi etengabeko hazkundea eta etekin ekonomikoak direla helburu nagusia zabaldutako trantsizio energetikoaren eredu honetan, eta gu eta ingurua izanen gara kaltetuak».

Dabid ITURRIA ALMANDOZ, Arantzako alkatea

«Trantsizio energetiko bat gertatzen ari dela erraten digute, baina ez dago halakorik, etengabeko hazkunde batean murgilduta gaude eremu eta funts publikoak erabiliz irabazi pribatuak bermatzeko eta hori ez da zilegi. Euskal Herrian energia kontsumoan jasangarritzat jotzen den muga hiru aldiz gainditzen dugu. Desazkundeko politikak martxan paratzeko ordua da, eta ez energia kontsumo basatiak dituzten proiektuak: AHTa, olatu artifizialetako igerileku erraldoiak... Natura babestea gure ardura da, bere ongizateak ekarriko du jendearena, eta alderantziz. Arantzan egin nahi duten proiektuari dagokionez, Zelena Renovable enpresa ez da Arantzako Udalarekin kontaktuan jarri. Gure aldetik, udalak hirigintza planean aldaketa aztertu eta egiten den bitartean, herriko lur ez urbanizagarrian energia berriztagarrien plantak paratzeko obra baimenak etetea erabaki du». 

Jon TELLETXEA JUANENEA, Beintza-Labaiengo alkatea

«Ohitu garen bizi maila mantendu nahi badugu, nahitaezkoa dugu energia, eta energia hori modu berriztagarrian sortzen bada, berez, txarra ez luke behar. Momentuz, askorik ez dakigu inplikatuta gauden udaletan eta uste dut Nafarroako Gobernuan berdintsu daudela. Herri batzuetan, Elicio enpresarekin aurrez aurreko bilerak izan dituzte. Beintza-Labaienen enpresa horren dei bat izan dugu, esanez 30 MWko energia kontzesio edo subasta batean aurkeztekotan zeudela, eta horretarako sei haize errotako parke bat eginen luketela Eratsunen, Beintza- Labaienen eta Zubietan: gure lurretan errota bat, Eratsunen lau eta Zubietan bat. Dena oso airean dago eta informazio gehiago beharko da deus baino lehen. Momentu geopolitiko korapilatsuan gaude. Badirudi Europak berriztagarrien aldera jo duela eta gurean ere aukera hori izan daitekeela. Dena den, herriak eta herritarrek esan beharko dute; denen artean hartu beharko dira erabakiak».

Xabier ETXARTE MIKELESTORENA, Etxalarko alkatea

«Energia berriztagarrien alde nago, baina gure mendiak eta ondareak hondatuz lortzen badira, erabat kontra nago. Azkua Bizirik-en hasierako bilera informatiboetara joan izan naiz eta herritarren gehiengoak bezala, gure mendietan ez dugu makroparke eolikorik nahi. Gainera, Etxalarren, hegaztien migrazioak garrantzi haundia du eta Etxalarko Usategiak kultur ondare izendatuak ditugu, eta zaindu eta babestu behar ditugu. Horrelako proiektu batek eragin eta kalte handiak ekarriko dizkigu, positiboak baino gehiago, negatiboak; gure eguneroko bizimoduan eta batez ere etorkizunean, kalte nabarmenak sortuko ditu. Arantzako Udalaren pausoei segituz, Etxalarko hirigintza planean parke eolikoak sortzeko lizentziak eten ditugu. Oraindik udalean ez da proiekturik sartu eta sartzen bada, Azkua Bizirik plataformari eta herritarrei informatuko zaie, behar diren pausoak eta babesa emateko. Eskertzekoa da Azkua Bizirik egiten ari den lana». 

Jaione ZABALO JUANTORENA, Ezkurrako alkatea

«Martxoaren 24an Elicio enpresako ordezkariekin elkartu ginen Ezkurrako Udaletxean egin genuen bileran. Enpresa horrek Nafarroa iparraldean haize eremu batzuk detektatu dituztela eta inbertsioak egiteko leku interesgarriak izan daitezkeela jakinarazi zuen. Proiekturik ez dugu ikusi, hau da, idatzizko ezer ez ziguten aurkeztu bilera horretan. Udalaren helburua informazio guztia herriarekin partekatzea da. Ez dakigu zein bide hartuko duen afera honek, baina, proiektu bat aurkeztuko balitz, herri galdeketa bat egitea ezinbestekoa ikusten dugu eta, horrela, herriak zer nahi duen ezagutu ahal izanen genuke».

Unai MIRANDA BERROETA, Goizuetako alkatea

 «Goizuetako Udalak ez du enpresekin harremanik izan eta ez du inolako berririk izan eolikoen proiektuaren inguruan. Baina proiektu eoliko batek izan dezakeen dimentsioa ikusirik, enpresa pribatua zein publikoa izan, garbi daukat era horretako proiektuak aurrera eramateko herritarren iritzia aintzat hartu beharko litzatekeela. Nire ustez, azken aldian inguruan sortzen ari diren Energia Berriztagarrien Komunitateak oso tresna eraginkorrak izan daitezke, energiaren inguruan informazio zehatza edukitzeko eta hartu beharreko erabakiak bertatik eta bertakoentzat hartzeko. Besteak beste, erabiltzen dugun energia kopurua murrizteko neurriak hartzeko, eskualde mailan ditugun baliabideak aztertu eta ahal den neurrian hauek erabiltzeko».

Juankar UNANUA NAVARRO, Igantziko alkatea

«Gaur-gaurkoz ez da proiekturik aurkeztu, ez Nafarroako Gobernuan, ez Igantziko Udalean, beraz, ezin dut proiektuari buruzko iritzirik eman halakorik ikusi ez dudalako. Halere, etor daitekeenerako prestatzen ari gara. Herriaren interesak defendatzeko borrokatuko dugu eta hasiera batean ez dirudi etxe aitzinean errotak edukitzea interesgarria izaten ahal denik. Baina, erran bezala, ez dakigu deus, ez dugu  inolako harremanik izan enpresekin eta ez dugu proiektuaren berririk. Agian heldu den astean bertze zerbaiti buruz solas egin behar dugu, baina gaur hau da erraten ahal dudana. Jendearen kezka ulertzen dugu, eta mobilizatzea albiste bikaina da. Zerbait defendatu edo aldarrikatu behar bada, ezin dugu pentsatu bertze batzuek konponduko dutenik. Frogatua dago udalek, beren kabuz, ezin dituztela zenbait gauza aldatu; beraz, zenbat eta jende gehiagok bat egin, orduan eta aukera gehiago aldarrikatzen dena lortzeko».

Jabier BEREAU MIKELARENA, Iturengo alkatea

«Udalak ez du iritzi pertsonalik emanen gai honen inguruan. Erabakitzeko momentua ailegatzen denean, herriaren iritzia kontuan hartuko da. Enpresarekin lehen kontaktu bat izan dugu, aurrez aurreko bilera batean. Momentuan, proiektuaren xehetasunik ez dugu».

Iñigo ZUBELDIA TELLETXEA, Saldiasko alkatea

«Enpresa pribatu batek gure herrietan proiektu eoliko bat egin nahi izatea gai serioa da. Kanpotik etorri, eta proiektua beraiek nahi duten tokian egitea eta sortutako energia kanpora eramatea gu guztion gainetik pasatzea litzateke. Saldiasko Udalarekin ez da inor jarri harremanetan eta ez dugu proiektuaren inguruko inolako xehetasunik; kanpotik iritsi zaiguna baino ez dakigu. Zergatik dute enpresa handiek energia berriztagarriak beraiei komeni zaien lekuan jartzeko bidea erraztua eta partikular batek etxeko teilatuan jartzeko hainbeste zailtasun? Vianako Printzean katalogatutako etxeek, adibidez, debekatua dute halakorik izatea».

Amets INDA GORRIARAN, Sunbillako alkatea

«Guk momentuz ez dugu inolako informaziorik hartu. Udalari ez diote inongo eskaerarik aurkeztu eta gaur egun ez dakigu Sunbillako eremuan eraginik izanen duen edo ez. Dakigunez, Nafarroako Gobernuan proiektua aurkeztu ere ez dute egin. Energia sare elektrikora konektatzeko eskaera egin dute, aurretiazko tramite gisa, baina proiekturik ez dute aurkeztu. Hortaz, informazio gehiago hartu arte ezin dugu posizio konkreturik hartu. EH Bildu energia trantsizioa gauzatzeko pausoak ematearen alde dago, beti ere herritarrekin batera eta herri bakoitzaren errealitatera moldatuta. Gauzak horrela, energia komunitate lokalak lehenesten ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun