Zentral eolikoak eskualdean

«Eolikoen proiektuan zer planteatzen diguten aditu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 6a, 08:00

Eolikoak ugaritzen ari dira, eta orain arte eskualdetik urruti ikusi ditugun proiektuak bat bestearen ondotik ailegatzen ari dira. Hainbat enpresa pribatuk jo du udalen atea, haize errotak paratu nahi dituztela esanez, eta horietako bat da Zubietako Udala. Elicio enpresa jarri da beraiekin harremanetan, eta horretaz mintzatu da Ernesto Dominguez alkatea.

Zein da enpresaren proposamena?

Martxoaren 24an Iturengo eta Zubietako udal ordezkariak enpresarekin elkartu ginen. Belgikako enpresa bat da eta Nafarroako iparraldean haize eremu batzuk detektatu dituztela eta inbertsioak egiteko leku interesgarriak izaten ahal direla jakinarazi ziguten. Doneztebeko azpiestazioa hor dago eta energia horrat deskargatzen ahalko luketela aipatu zuten. Zubietak eta Iturenek muga egiten duten eta Zubietako antena dagoen Galardi izeneko parajean, 30 megawatteko instalazioa aurreikusi dute, esan zigutenez, bospasei haize errota. Dimentsioei buruz ere galdetu genien, eta 120 metroko altuera izanen luketela kontatu ziguten, 75 metroko hegalekin eta 150 metroko diametroarekin. Haize errota batetik bestera 500 metroko distantzia utziko luketela ere esan ziguten.

Hori dena ahoz esan zizueten?

Bai, dena ahoz esandakoa da, eta hori azpimarratzekoa da. E-mailez udalekin bildu nahi zutela jakinarazi ziguten eta elkartu ginenean, informazioa ahoz eman zuten. Proiektuari buruz ez dugu deus ikusi idatzia.

Geroztik enpresarekin harremanik izan duzue?

Bileraren ondotik, beste korreo batean zenbait partzelari buruzko informazioa galdetu zuten. Orduan hasi ginen partzelak identifikatzen. Alde batetik, aipatu dugun Galardi eremua dago, Iturengo eta Zubietako lurretan, eta bestetik, Arburu, Zubietako lurretan, Beintza-Labaien aldera. Badakigu beste paraje batzuk aztertzen ari direla. Eratsungo eta Ezkurrako alkateekin ere bildu dira.

Nafarroako Gobernura ere jo duzue...

Enpresarekin egindako bileran obraren lizentzia noren esku dagoen galdetu genien, herriak edo Nafarroako Gobernuak izanen lukeen proiektuari baietz edo ezetz esateko baimena. Ez zekitela esan ziguten. Horri buruz Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura jo dugu, eta badakigu enpresa lehenbiziko pausoak ematen hasia dela. Ingurumen Departamentukoek adierazi digutenez, proiektu eolikoak garatzeko asmoz, aurkeztutako eremuetako ingurumen balioei buruzko informazioa eskatu du enpresak, eta proiektuaren kokalekutik hurbil tramitatu dituzten edo tramitatzen ari diren beste instalazioei buruzko informazioa ere eskatu du, efektu sinergikoari eta metagarriari buruzko balorazioa egin ahal izateko. Bestalde, proiektuaren gaineko lizentzia norena den ez digute argitu. Pablo Muñoz Ingurumen Departamentuko zuzendari nagusiak erantzun digunez, Industria Departamentuari dagokio.

Herri lurrak edo partikularrak dira?

Gehienak herri lurrak dira, bat izan ezik. Bost edo sei partzelari buruzko informazioa galdetu digute, baina horrek ez du esan nahi partzela horietan haize errotak eraikiko dituztenik. Beraien ikerketak egin beharko dituzte.

Apirilaren 5ean herritarrekin bilera informatiboa egin zenuten. Nolako erantzuna izan zuen?

Gaiak interesa sortu du, eta jendea hurbildu zen. Bada holako proiekturik nahi ez duela garbi duen jendea, baina ez zen ezezko borobilik atera.

Eta zer dio udalak?

Informazio guztia herritarrekin partekatuko dugu. Ez dakigu zein bide hartuko duen proiektuak, baina ez dugu kontrako jarrera argirik. Aurrera eginen balu garbi dugu herri galdeketa egin beharko genukeela, herriak zer nahi duen jakiteko. Oraingoz, aurrera egin eta zer planteatzen diguten aditu nahi dugu. Baditu alde txarrak, eta ingurumenean izanen lukeen eragina da horietako bat. Baina baditu alde onak ere. Energia garbiaren aldeko apustua denok egin nahi dugu eta herriari eginen lioken ekarpen ekonomikoa garrantzitsua izaten ahal da.

Energia garbia aipatu duzu, baina ez litzateke herriarendako izanen...

Ez, badakigu. Enpresa pribatua da eta proiektu pribatua da.

Zenbateko ekarpen ekonomikoa eginen lioke herriari?

Bileran zergatik esan beharko genukeen baietz galdetu genienean obraren kostua aipatu ziguten. 30 milioi euroko obra aurreikusi dute, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga bidez gastu horren % 3 udalari ordaindu beharko liokete. Hortik aurrera urtero diru kopuru bat. Beste sarrerarik ez duten herri ttiki hauendako diru asko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun