Nola aurkeztuko zenuke Azkua Bizirik?
Azkua Bizirik taldearen aurkezpena maiatzaren 18an izan zen eta harrezkeroztik, lanean ari gara. Batzarretara agertzen den jende kopurua aldatzen da, baina guti goiti-beheiti 15-20 pertsona izaten gara. Astero, ortzegunetan biltzen hasi ginen, makropoligono industrial bat gure mendietan ez eraikitzeko zer lan egin beharko genituzkeen planteatuz, gaiari buruz ikasiz, barne eztabaidak sortzen talde bezala ideiak argi izateko, gainontzeko herriekin harremanak sustatu… Lanak zehazten joan garen heinean, lantaldeak sortu ditugu eta bakoitzak ahal duena ematen du lantalde horietan. Batzarra erabakitzeko lekua da.
Zer da proiektuari buruz dakizuena?
Oraingoz, Zelena Renovable Madrilgo enpresak eolikoekin sortuko lukeen energiarentzako engantxea lortu duela dakigu, hau da, argindarraren sare orokorrera energia isurtzeko.
Nolako lurrak dira?
Pentsatzen dugu makropoligonoa instalatuko luketen lekuko lur gehienak komunalak izanen direla, inguruko mendien zati haundiena hala delako, nahiz eta ez dugun proiektua ezagutzen.
«Betitik ezagutzen eta gure arbasoek ederki zaindu duten mendi ingurua arront eraldatua geldituko litzateke, suntsitua»
Zein dira zuen kezka nagusiak?
Proiektua aitzinera ateraz gero, nola eraginen liokeen herriko biziari: Pirinioetako hegazti korridore bat iragaten da Etxalartik, Urtsumiatsetik Gorospileraino, Azkua erdi-erdian dago eta hegazti guzien ibilbidea aldarazten ahalko lukeela uste dugu, bereziki usoei eta Usategietako aktibitateari eraginen lioke, mendian sortzen diren ur iturriei, turismoari, herriko abeltzainen aktibitateari (NPBak edo PACak lortzeko orduan adibidez) etab.
Halako proiektuak zein ondorio ekarriko lituzke?
Betitik ezagutzen dugun eta gure arbasoek ederki zaindu duten mendi inguru hori arront eraldatua geldituko litzateke. Mendia gaur ezagutzen dugun bezala suntsitua geldituko litzateke egin beharreko obrengatik.
Bilera informatiboak, hitzaldiak… egin dituzue. Zein giro sumatzen duzue Etxalarren eolikoen proiektu honen harira?
Aspaldiko partez jende gehien bildu duen aurkezpena izan zen eolikoena eta gasna feri egunean jarri genuen mahaira ere jende andana hurbildu zen. Horrek jendeak gaian interesa duela ikusarazi digu, eta informatzeko gogoa dagoela.
Herritarrak jakitun gara halako proiektu batekin zer dagoen jokoan?
Nik uste dut gaian pixka bat sartzen garen arte, ez, ez garela kontziente.
«Jarrera bat edo bertze hartu aitzinetik, informazio ona jaso dugula nolabait ziurtatu beharko genuke»
Zein mezu luzatuko zeniekete herritarrei?
Informatzeko. Gai berria eta zaila da eta jarrera bat edo bertze hartu aitzinetik, informazio ona jaso dutela nolabait ziurtatzeko eskatuko nieke.
Enpresek udal batzuen atea jo dute. Zer erran nahi du horrek?
Ba gure eskualdean ere muturra sartu nahi dutela, eta kezkagarria dela iruditzen zaigu.
Etxalarko Udalarekin harremanik izan duzue?
Bai, hasierako bilerara etorri ziren eta plataforma sortzea ongi ikusi zuten. Nahiz eta beraiek kanpoan gelditu, euren laguntza emateko prest agertu ziren.
Administrazioaren jarreraz zer diozue?
Ba oraingoz udalaren bidez eginiko mezuetara erantzun dute, baina informaziorik ez dutela diote.
Bertze herrietako taldeekin elkarlanean hasiak zarete. Orain artekoaz zein balorazio eginen zenukete?
Hagitz positiboa. Denak denen laguntza beharko dugula agerian gelditu da eta elkarlanak indartuko gaituela uste dugu.
Hemendik aitzinera zein asmo dituzue?
Informazioa ahalik eta gehien eta hobekien banatu nahi dugu herri mailan eta ingurumen txostena lantzen joan, proiektua sartuz gero, haren kontrako argudioak prest izateko.
Proiektua aitzinera ateratzeko arriskua ikusten duzue?
Bai, beti badago arriskua. Europatik datozen arauekin salbuespenak egiten dituzte aunitzetan holako makroproiektuentzat eta nahiz eta pisuzko argudioak aurkeztu kontra egiteko, horiek alde batera uzten ahal dituzte.
«Enpresa hauek proiektu hauen bidez lortu nahi izaten dutena dirua da»
Energia berriztagarrien izenean ari dira, baina horren gibelean hori baino gehiago dago…
Ba mota honetako enpresak proiektu hauen bidez lortu nahi izaten dutena dirua dela. Kanadako inbertsio enpresa bat dago Zelena Renovableren gibelean. Gainera, energiaren balantze neto bat eginez gero, mota honetako parkeek aunitzetan zero lortzen dute, hau da, eraikitzen gastatzen den energia eta martxan dagoenean sortzen dutenaren artekoa berdina izatea.
Zein izanen litzateke aterabidea?
Horrelako proiektu batek ez du herriarentzat energia zuzenik sortuko, ezta gure faktura merketuko ere, baina taldean aterabide bat bilatzearen beharra sortu da, eta uste dugu, herriarentzat ona izanen litzakeela Energia Berriztagarrien Komunitate bat sortzea, hau ere Europak bultzatua, non herritarrak izanen ginatekeen energia nola eta non sortu erabakiko genukeenak, fakturak merketzea lortuz eta energian subiranotasun gehiago lortuz.
«Energia gutiago edo modu efizienteagoan kontsumitzea beharrezkoa da»
Maiz aipatzen den bertze aukera energia gutiago kontsumitzea eta desazkundea da. Zer erranen zenukete horren harira?
Argi dago mundu finituan bizi garela eta «lehen mundua» deitzen denean lurrak jasaten ahal duena baino gehiago kontsumitzen dugula. Energia gutiago edo modu efizienteagoan kontsumitzea beharrezkoa dela iruditzen zait.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Herritarrak animatu nahi ditut gaiaz informatzeko, plataformako bileratara hurbil daitezela, denen indarra eta ideiak behar dira eta!