Aurretiazko borondateen agiria egitea erabaki duten pertsonen kopurua % 71,5 igo da Nafarroan azken urte honetan

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 2a, 20:30

Nafarroa da, Espainiako datuekin konparatuz gero, Aurretiazko Borondateen Agiriaren (ABA) erregistro-tasarik handiena duen autonomia erkidegoa. Urtebetean, 2021eko urtarriletik irailera bitartean aurkeztutakoekin alderatuta, % 71,5 igo da erregistro kopurua. Iaz 938 izatetik aurten 1.609 izatera igaro da, eta, guztira, 13.997 pertsonek osatu dute Nafarroan dokumentu hori.

 

Nafarroak du Estatu osoan Aurretiazko Borondateen Agiriaren erregistro-tasarik handiena: 21,15 mila biztanleko. Konparazioan, estatuan batez besteko erregistro-tasa 8,27koa da. Eta Nafarroaren atzetik daude Euskal Autonomia Erkidegoa (17,72), Errioxa (14,10), Katalunia (13,99) eta Balear Uharteak (10,23).

Zer da Aurretiazko Borondateen Agiria?

Aurretiazko Borondateen Agiriak (ABA) edo bizi-testamentuak norberari eraginen dioten osasun zainketei buruzko erabakiak hartzea bermatzen du, bizitzaren amaierarekin lotutako egoeretan eta norberaren borondatea adierazteko gaitasuna galdu denean. Egoera horretan, erabakiak hartzeko momentua iristen denean, pertsonen autonomia hobetzeko dauden aukerei buruzko informazioa ematen du. Ikusi hemen Aurretiazko Borondateen Agiria egiteko argibideak.

Zer egin behar da agiria tramitatzeko

Aurretiazko borondateen agiriak balioa izateko, hauetako moduren batean egin behar da:

  • Norberaren Osasun Zentroko gizarte langilearen laguntzarekin edo, nahiago bada, Iruñean Aurretiazko Borondateen Erregistroan (Amaia kalea, 2A) hitzordua eskatuta.
  • Lekuko bezala jarduten duten hiru pertsona adindunen aurrean. Horietako bi pertsonek, gutxienez, ez dute izan behar bigarren gradura arteko familia-harremanik, ez eta ondasun mailako harremanik egilearekin.
  • Notarioaren aurrean.
  • Telematikoki hemen klikatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun