Zako-Zahar Berdearen misterioa argitu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 10a, 20:00

Ekatz Bertiz, Izaro Iparragirre eta Julia Artieda, ekainaren 5ean Harriondoan egindako proiektuen aurkezpenean.

Tokiko merkataritza eta zerbitzuak bultzatzeko proiektu pilotuen azken aurkezpena egin zuten ekainaren 5ean, ortzegun arratsean, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Guztira 120 lagun inguru izan ziren ekitaldian eta momentu berezia izan zen, proiektua landu duten hiru gazteek, azken hilabeteotan egindako lanaren emaitzak partekatu zituztelako Lesakako Udalarekin, Fundación Emplearekin eta herriko komertzioekin elkarlanean.

Ekitaldira hurbildu zirenen artean, Pablo Ezkurra, Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia; Mariaje Ganboa, Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eskualdeko arduraduna; Arantxa Arregi, Cederna Garalur elkarteko lehendakaria; eskualdeko alkate eta zinegotziak; Lesakako Hirugarren Sektoreko Mahaia eta herritarrak izan ziren.

Zako-Zahar Berdea eta Pueblos VIVID Herriak

Zako-Zahar Berdearen desagerpena izenburupean otsailean abiatu zen sentsibilizazio-kanpainak, Lesakako tokiko merkataritzak dituen erronkak plazaratzea izan zuen helburu, ekintza sortzaile eta parte hartzaileen bitartez. Kanpaina hura abiapuntu izan zen prozesu zabalago baterako, eta hortik sortu dira hiru proiektu pilotu: Lesakako eta inguruko hiru gaztek diseinatu eta garatu dituzte, deialdi ireki baten bidez hautatuak izan ondotik.

Ekimen hau Fundación Empleak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean koordinatzen duen Pueblos VIVID Herriak izeneko proiektutik abiatu da, Lesakako Udala parte dena. Pueblos VIVID Herriak iniziatibaren helburua, Nafarroako landa eremuetako despopulazioari aurre egitea da, eta horretarako, udalerri bakoitzeko erronkak lantzen dira, hala nola etxebizitza, gazteen aktibazioa, tokiko komertzioen dinamizazioa edota belaunaldi erreleboa, esate baterako.

2024an hamar udalerrik parte hartu zuten proiektuan, eta 2025ean hamalau herrik egiten dute bat egitasmo honekin. Lesakaren kasuan, tokiko errealitatearen azterketa egin ondoren, Hirugarren Sektoreko Mahaiaren dinamizazioa hautatu zen lan-ildo nagusi gisa. Ildo horren baitan kokatzen dira tokiko merkataritzaren inguruan garatu diren ekintza guztiak, eta horrela hasi zen Zako-Zahar Berdearen misterioa.

Proiektu pilotuak

Ekitaldian zehar hainbat mezu plazaratu nahi izan zituzten, herritarrengan gai honekiko hausnarketa bultzatzeko. Tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, izan ere, komertzio txikiak gure herriaren parte dira, eta udalerrietako bizitza mugitzen duten motor nagusiak. Herriko komertzio eta zerbitzu guztiek merezi dute egiten duten ahaleginaren eta lanaren aitortza, komertzio eta zerbitzurik gabe herriak ez baitu etorkizunik.

Hona hemen hiru proiektuen inguruko aurkezpen laburra:

  1. Sentsibilizazio kanpaina:

Zakozar pertsonaia hartu da oinarri gisa, eta bideo berezi bat produzitu da, Zako-Zahar Berdea sortuz eta Lesakako komertzioen erreferente bilakatuz. Lesakako merkatarien elkartearen logotipoaren kolore berdea hartu da inspirazio gisa, eta herriarekin lotura duen pertsonai erakargarri eta misteriotsu baten harira. Bideoak tonu triste xamar batekin hasten du kontakizuna: lehen, zakozar aunitz zeuden Lesakan, hau da, herritarrak. Baina azken urteetan herriko komertzioak itxi egin dira, eta kontsumoa hirietako zentro komertzial handietara bideratu da.

Istorioaren barruan, mairuak merkatarien irudikapen gisa agertzen dira: zakozarrik gabe ez dira deus, hots, errealitatean, merkatariak herritarren babesik gabe ez dute etorkizunik eta herritarrek komertziorik gabe berdin. Azken zatian, bideoak mezu baikor eta itxaropentsua ematen du, tokiko merkataritzaren lana eta garrantzia ospatuz.

 

  1. Lokal hutsak:

Proiektu honek Lesakan dauden lokal hutsak identifikatu eta biziberritzeko helburua izan du. Bertze herri aunitzetan bezala, Lesakan ere hainbat lokal hutsik daude, eta hauek tokiko ekonomiaren eta bizitzaren dinamizaziorako aukera izan daitezke.

Guztira 16 lokal huts identifikatu dituzte Lesakan, eta horietatik hiru berrantolatzeko proposamen zehatzak egin dituzte. Herritarren beharrak kontuan hartuta diseinatu dira, inkestak eginez eta proposamenak bilduz. Balorazio handiena izan duten hiru ideiak hauek izan dira eta hala garatu dira:

  • Kafetegi modernoa, berritzailea eta estetika zaintzen duena.
  • Bizikleta denda eta tailer bat, Lesakan kirol honen inguruan azken urteetan izan den gorakada eta zaletasun gero eta handiagoa kontuan hartuta.
  • Janari prestatuen denda bat, herrian bakarrik bizi diren adineko pertsonentzat bereziki pentsatua.

Negozio bakoitzari bere identitate propioa sortu zaio, plano errealekin aurkeztu dira, 360 graduko ikuspegiarekin eta obra txiki baten bidez bideragarri izateko planteamenduarekin. Proiektuaren bidez ekintzaile berriak erakarri nahi dira eta proiektuei jarraipena ematea izanen da helburua.

 

  1. WhatsApp-eko salmenta eta aholkularitza zerbitzua

Plataforma digitalek duten garrantziaz jabetuta, komertzio txikientzat egokitutako kanal erraza, eskuragarria eta erabilgarria sortu da: WhatsApp Business kanal bat.

Helburua da bezeroek produktuen inguruko kontsultak egin ahal izatea, promozioak jasotzea eta katalogo sinple baten bidez erosketa prozesua egitea. Bezeroek produktuak WhatsApp bidez eskatu ahal izanen dituzte eta etxera bidali ahal izanen zaizkie, Bizum bidez ordainketak eginez.

Plataforma digitalak ezinbertzeko bihurtu dira gaur egun, baina oraindik garrantzitsuagoa da horiek tokiko errealitatera egokitzea: herritarrei eta komertzio txikiei egokitzea, hain zuzen ere.

 

Talde proiektua

Hori dena aurrera eramateko, Lesakako Udalaren babesa, Fundación Emplearen koordinazioa eta tokiko eta inguruko hiru gazte izan dira talde proiektuan.

  • Julia Artieda: barne diseinua ikasi duen Berako gaztea. Hutsik dauden lokalak dinamizatzeko garapen teknikoaren eta 3D diseinuaren arduraduna.
  • Ekaitz Bertiz: Zinemagintza ikasi duen Sunbillako gaztea. Komunikazioaz, sare sozialez eta sentsibilizazio kanpainaren diseinuaz arduratu da.
  • Izaro Iparragirre: Diseinu grafikoa ikasi duen Lesakako gaztea. WhatsApp zerbitzuaren garapenaren arduraduna.

Hiru gazte horiek argi utzi dute gazteen talentua funtsezkoa dela landa  eremuen etorkizunerako, eta belaunaldi berriak prest daudela komertzio txikien aldeko apustua egiteko. Orain, mezua bertze gazteengana zabaltzeko unea iritsi da, eta, era berean, herritarren esku dago proiektu hauek benetako inpaktua izatea Lesakako zerbitzuetan eta merkataritzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun