Bestak 2025

Leitzako txupinazoa botatzeko hiru hautagaiak aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 11a, 11:00

Leitzako iazko txupinazoa emakume baserritarrek bota zuten.

Joxerra Intxaustik, Goiuri Zabaletak edo Maria Pilar Artolak botako dute aurtengo festei hasiera emanen dien txupinazoa. 

Herritarrek aurkeztu dituzten hautagaien artetik horiek hirurak izan dira festa batzordeko kideek aukeratu dituztenak. Herritarrek izanen dute azken hitza. Ekainaren 22ra arte, hamasei urtetik gorako leitzarrek telematikoki bozkatzeko aukera izanen dute. Botoa paperean eman nahi dutenek, ekainaren 23an izanen dute aukera herriko plazan jarriko duten kutxan.

Joxerra Intxausti Maimur liburu dendako arduraduna da lehenbiziko hautagaia. Herrian «ezinbestekoa den» komertzio baten arduraduna dela nabarmendu dute eta «urte hauetan guztietan zerbitzu oparoa eskaini» duela. Herritarren hitzetan, «pertsona atsegina, eskuzabala eta gertukoa da, beti laguntzeko prest dagoena eta irribarren batekin hartzen zaituena».

Goiuri Zabaleta pilotaria izan da bigarren hautagaia. Bederatzi urterekin hasi zen pilotan eta sei urte beranduago, hamabost urterekin Lau eta Erdiko txapelketa irabazi du. Historia egin du, bera baita titulu hori lortu duen pilotaririk gazteena.

Maria Pilar Artola da hirugarren hautagaia. 40 urte baino gehiagoz aritu da ikastetxeetako sukaldean lanean eta aurten hartuko du erretiroa. «Beti langile, jator eta umeekiko abegitsu» ari da eta «zaintzaile nekaezin  horien adibidea» izan daitekeelako aurkeztu dute herritarrek bere hautagaitza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun