Heldu den astelehenean, ekainaren 16an, hasiko du bere funtzionamendua Baztango Garbigune berriak Iruritan, herritarren hondakin bereziak eta bolumen handikoak bereizteko aukera emanen duena. Baztango Udalak sustatu du proiektua eta Nafarroako Gobernuak eta MRR funtsak finantzatu dute, 700.000 euro baino gehiagoko inbertsioarekin. Zehazki, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak % 42 ordaindu du, Nafarroako Hondakinen funtsek % 25 eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren MRR funtsek % 33.
Gaur goizean inauguratu dute garbigunea eta ekitaldian parte hartu dute Mariano Iribarren Baztango alkateordeak, Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Fernando Mendoza Hondakinen Partzuergoko gerenteak. Horrez gain, bertan izan dira Baztango zinpeko alkateak, udaleko hautetsiak, zenbait mankomunitateko lehendakari eta teknikariak eta gobernuko ordezkariak.
Aurreskuaren ondotik zinta mozteko ekitaldi sinbolikoa egin dute, eta Miren Meoki Baztango hondakinen teknikariaren eskutik instalazioak bisitatzeko aukera izan dute.
Ordutegia
Garbigunea irekia egonen da astelehen, astearte eta ortzegunetan, eta ekainaren 28tik aitzinera txandaka larunbatetan, batean bai eta hurrengoan ez. Astelehen eta asteartetan 08:00etatik 14:00etara arituko dira, ortzegunetan 12:30etik 19:30era eta larunbatetan 08:00etatik 13:30era.
Udaleko langileek kudeatuko dute garbigunea eta etxeko hondakin bereziak, bolumen handikoak eta gailu elektriko eta elektronikoetako hondakinak bilduko dituzte, bertzeen artean. Nabarmendu dutenez, «hondakin horiek zailenak dira behar bezala kudeatzeko, hortaz, garbigunea etxeko eta antzeko hondakin bereziak biltzeko zentro selektibo gisa jarri da herritarren eskura, birziklatu, berrerabili edota balioztatu daitezkeen materialak uzteko aukera izan dezaten».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!