Ikasleak ardatz dituen hezkuntza helburu

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 17a, 11:00
2019ko azaroan Iruñean egin zuten ikasle greban izan ziren eskualdeko ikasle batzuk.

Apirilaren 21ean Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon eginen diren mobilizazioetan ikasleek «pandemiak azaleratutako egiturazko arazoei irtenbidea emateko» eskatuko dute

«Nazkatuta gaude ikasturte honetako gestio penagarria ikasleok ordaindu behar izateaz». Hori salatzeko eta «aho batez nahikoa dela errateko» ikasleek ikasgelak hustu eta karrikak hartuko dituzte apirilaren 21ean, hirugarren asteazkenean. 

Hezkuntzaren «arazoak agerian»

Ikasturte hau «bereziki zaila» izaten ari da ikasleentzat, lehendik ere sumatzen zituzten «presio jasanezina, ikuspegi kritikorik eza, indibidualismoa eta sorkuntza faltari» pandemiaren ondorioak gehitu baitzaizkio: «osasun larrialdiak hezkuntza sistemak aitzinetik zituen egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu ditu».

Ikasleen arabera, egoera honek, bertzeak bertze, «orain arte erabilitako ebaluazio sistemak ez duela balio» erakutsi du: «etxean konfinatuta egon diren ikasleek ez dute azterketak egiteko bertze aukerarik, irakasleak berak hala erabakitzen ez badu behintzat». 

Ikasgelak ixtearen «zama»  hezkuntza komunitatearengan

«Zama» hori hezkuntza komunitate osoaren, hau da, «guraso, irakasle, zuzendari eta, batez ere, ikasleon gain» gelditu da kasu aunitzetan,  «ikastetxeetan ez dela kutsatzerik gertatzen dioten arren ehunka izan baitira itxi beharreko ikasgelak».

Ikasleek ondorioak okerragoak izan zitezkeela uste dute, eta hala izan ez bada, eurek hartutako ardurari eta «hezkuntza komunitatearen elkar zaintzari esker» izan dela nabarmendu nahi izan dute. 

Egoera «sostengaezina»

Ikasleria Martxan plataformak «hezkuntza sailak hilabeteak pasa diren honetan deus ez» egin ez izanak «egoera sostengaezin» bilakatu duela eta horri aurre egiteko ikasleak «antolatzea eta borrokatzea» beharrezkoa dela uste du.

Ikasleak «nazkatuta, haserre eta amorratuta» daude eta gelditzea erabaki dute: «egoerak horretara behartu gaitu, mahai gainean kope bat ematera».

Karrikak hartzearekin «hezkuntza agintariei hemen gaudela erakutsi eta ikasleok behar ditugun neurriak hartzeko eskatuko» diete. 

Sei eskaera

Guztira sei eskaera dituzte: pandemia egoerari eta ikasleak behar duen arreta jasotzeari begira, ikasgeletako ratioak jaistea; kontrol soziala desagertzea; baliabide guztiak (jangela, garraioa, materiala) eskuragarri eta dohainik izatea; protokolo eraginkorrak sortzea (konfinatutako ikasleek klaseak segitzeko eta ebaluazio alternatiboa izateko); ikasleen hitza aditzea; eta euskaraz ikasteko bitartekoak eskaintzea.

Euskal Herri osoko milaka ikasleren artean eskualdekoak ere geldituko dira. Bertzeak bertze, Cecilia Adinek, Olatz Iturraldek, Lide Igoak, Luken Urtxegik eta Izaro Etxeparek deialdiarekin bat eginen dute, «ikasleak erdigune dituen hezkuntza» aldarrikatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun