Izaro Etxepare Elrio

«Ikasleon hitza ez da kontuan hartzen»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 17a, 16:00

Ikasleen askatasun eta botererik eza nabarmena da Etxepareren ustez.

Irakasleen «boterearen» aitzinean, ikasleek «erabakitzeko aukera urria» dutela uste du Izaro Etxepare Elriok (Bera, 2004). Gainera, birusaren ondorioz, muga horiek zorroztu eta «hezkuntza indibidualista bultzatu eta beharrezkoak diren harremanak kaltetu» dituztela iruditzen zaio.

Argi du pandemiaren aitzinean «neurri egokiak hartzea zaila» dela, baina hezkuntzak hartutakoak «eskasak» direla nabarmendu du: «otsailean konfinatuta egon nintzen eta klaseak etxetik jarraitzea oso zaila egin zitzaidan, konexio arazoengatik batez ere… Gelara bueltatzean gibelatuta nintzen eta ikasgai batzuetan bertzeen martxa hartzea zaila egin zitzaidan. Ni bezala bertze horrenbertze ikaslek jasan behar izan dute egoera hau».

Bere ustez, egoera honetan, «ikasle konfinatuei ikasketak modu duinean jarraitzeko bitarteko errealak» eskaini beharko lizkiekete eta ebaluazio irizpideak horretara egokitu «ikasketak gibelatzea eta arazoak pilatzea saihesteko».

Ikasleen baldintzak hobetzea, hein batean bederen, ikasleen esku dagoela uste du Etxeparek: «karrikara atera eta ikasleon nahiak aldarrikatu behar ditugu, gure hezkuntza erdigunean jarri». Eskaera aunitz dituzte: «euskaraz ikasteko bitartekoak, ikasleen hotza kontuan hartzea, jantokiak, materiala eta bertzelako baliabideak dohainik izatea, kontrol soziala desagertzea, azterketak gutxitzea…».

Eta eskaerak denenak direnez, denek parte hartu beharko luketela uste du beratar gazteak: «gure askatasun eta botere eza nabarmendu behar dugu, eta konformatu beharrean honen kontra egin».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun