Lide Igoa Fontan

«Birusaren ondorioak pairatzen ari gara eta arreta behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 17a, 15:00

Ikasleentzat «baldintza hobeak» eskatu ditu Igoak.

Batxilergoko bigarren mailan dago Lide Igoa Fontan (Lesaka, 2003). Pandemia tarteko, inoiz baino gehiago sumatu du «presioa eta indibidualismoa» eta egoerara ohitzea «lan gogorra» izan da berarentzat: «aunitzez ere mugatuago gaudela uste dut, badakit egoera dela-eta arau batzuk jarri beharrak direla baina ezin zaigu gehiengoa debekatu edo muga zorrotzak jarri pandemiaren aitzakia erabiliz».

Argi du egoera honek ez duela «eragin onik izan», ez ikasleengan ezta gainerakoengan ere: «pandemiak herritarren osasun mentalean aunitz eragin du…». Horren aitzinean, Igoak «normaltasunera ailegatzeko borrokarekin segitzeko eta denen ongizatea lortzeko» elkar laguntzea eta indarrak ateratzea ezinbertzekoa dela uste du.

Urte gogorra bizi dute eta bere ustez «hezkuntza sailak hartutako neurriek ez dute lagundu». Kanpoan bezala, eskolan ere «musukoa erabiltzea, segurtasun distantzia mantentzea, eskuak garbitzea eta sintomarik izanez gero etxean gelditzea» aski izanen litzatekela iruditzen zaio: «ikasleok ere bizi dugun egoeraz eta hartu beharreko neurriez jabetzen gara eta».

Konfinatuta egon direnen kasua ere ekarri nahi izan du gogora: «ikasturte honetan klaseak garrantzitsuak direla erran digute behin eta berriz eta etxetik emateak ez du laguntzen. Hala ere, beraien kabuz edo bideo bidez aritu diren ikasleei ez zaie lagundu ikasketetan…».

Berak argi du «pandemia hau denek ez dugula begi berekin ikusten» eta hezkuntza sailak zentzu horretan euren beharrak ez dituela ase iruditzen zaio. Horregatik, ikasleak ere «pandemiaren ondorioak jasaten ari direla» eta arreta behar dutela nabarmendu nahi izan du.

Ikasleen aldarrikapenengatik «borrokatzeko prest» dago Igoa eta orain inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du hori: «egoera dela eta hartutako erabaki batzuek ez digute onik egiten eta hori ere salatu behar dugu». Ikasleen «baldintzak hobetzea» eskatuko du eta gainerakoei ere gonbidapena luzatu die: «ikasle guztiengatik borroka egin nahi dugu eta horrelako nahiak ezin ditugu bete beraien laguntzarik gabe».

Eta laguntza hori lotzeko, «informazioa ematea» da lehenbiziko pausoa. Izan ere, «informaziorik gabe zerbaiten alde borrokatzeko gogo hori sortzea askoz ere zailagoa da…». Hortaz, egun hauetan «hori emateko eta jendea parte hartzera animatzeko» ekitaldiak eginen dituzte ikastetxean.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun