Talde bat baino gehiago lehiatu diren herrietan ere erabakiak gelditu dira alkateak: Baztanen EH Bilduko Joseba Otondok segituko du alkatetzan (2015ean baino bi zinegotzi gehiago eskuratu dituzte); Beran EH Bilduko Aitor Elexpuru izanen da alkatea (2015ean baino ordezkari bat gehiago lortu du); Donamarian Herriarengatik taldeko Natalia Rekarte izanen da alkatea (zazpitik sei zinegotzi eskuratu ditu bere taldeak); Donezteben EH Bilduko Xanti Utergak segituko du alkate izaten (2015ean baino zinegotzi bat gehiago eskuratu dute); Etxalarren Miguel Mari Irigoien buru duen Herri Taldeak erraz irabazi ditu hauteskundeak eta berak segituko du alkatetzan (zazpitik bortz zinegotzi eskuratu ditu), Leitzan gaur egun alkate den EH Bilduko Mikel Zabaletak segituko du karguan (2015ean baino zinegotzi bat gehiago eskuratuta), Lesakan EH Bilduk alkatetza lortu du eta Ladis Satrustegi izanen da alkate (hamaika hautetsitik sei lortu ditu) eta Urdazubin ere alkate berria izanen dute, Azkar taldeko Iñaki Ariztia (2015ean taldeak lortu zuen hautetsi kopurua mantendu du).
Gainerako herrietan udal hauteskundeetara zerrenda bakarra aurkeztu denez aitzinetik jakina zen nor izanen den alkate: Arantzan EH Bilduko Dabid Iturria, Areson Areso Eraikiz taldeko Jose Otermin, Bertizaranan gaur egun alkatea den EH Bilduko Andres Etxenike, Goizuetan EH Bilduko Unai Miranda, Igantzin gaur egun alkatea den Herri Taldeko Juan Karlos Unanua, Sunbillan egun alkatea den EH BIlduko Amets Inda eta Zubietan ere karguan segituko du Herriko Taldeko Ernesto Dominguezek.
Ekainaren 15ean hartuko dute kargua alkate eta zinegotziek.