Doneztebeko eskolak 50 urte bete ditu

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 1a, 08:00

San Miguel eskolaren mende erdia ospatzeko, ekainaren 8an egun osoko egitaraua prestatu dute Donezteben. Urteurrenaren harira, 50 urteko bidean eskolarekin lotura zuzena izan duten hainbat lagunen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk eta gaur eta bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen.

Herriko eta inguruko bertze herrietako ikasleei arreta emateko sortu zuten Doneztebeko San Miguel ikastetxea, eskola kontzentrazioa deitua. 32 milioi pezetako inbertsioa eginda, halaxe hasi zuen bidea 1973ko ekainean; batetik, Doneztebeko ikasleak hartuz, eta bertzetik, eskola kontzentrazioa irekita eskolarik gabe gelditu ziren herrietako ikasleei ateak irekiz.

Bortz hamarkada beranduago, Doneztebeko, Eratsungo, Zubietako, Elgorriagako, Beintza-Labaiengo, Oizko, Urrozko, Donamariako eta Legasako 300 bat ikasleren bilgune da: «Erdiak baino gehiago Doneztebekoak dira eta gainerakoak sei autobusetan bertze herrietatik datozenak». Jantokiak ere martxa ona du: «Egunero 180-190 lagun gelditzen dira. Hasieran garraiatuendako zerbitzua zen, baina gero eta Doneztebeko familia gehiagok eskatzen dute». Hala azaldu du Ernesto Dominguez Olea eskolako zuzendariak.  2012-2013 ikasturtean hurbildu zen Dominguez Doneztebeko eskolara. Handik Saldiasera joan zen, eta 2015-2016az geroztik «ez naiz hemendik mugitu. Zuzendari, berriz, 2018-2019 ikasturtean hasi nintzen».

Ernesto Dominguez Olea Doneztebeko San Miguel eskolako zuzendaria da.

Hasiera

Eskola kontzentrazioa ireki aitzinetik, gaur egun Doneztebeko herriko etxea den eraikinean izaten zen Doneztebeko eskola. Dominguezek kontatu duenez, «1973an akitu zituzten eskola kontzentrazioa eraikitzeko lanak eta ikasturtea akitzera honat ekarri zituzten ikasleak, ekainean. 1974an hasi zen lehenbiziko promozioa». Horrez gain, «garai hartan eskola bi zatitan banatua» zegoen: «batetik, eskola bera, eta bertzetik, escuela hogar deitua». Bertze eskualdeetako haurrak hortxe egoten ziren eta udan udalekuak egiten zituzten. «1995ean obra egin eta escuela hogar zena bigarren hezkuntzako ikastetxe bihurtu zen. 1996-1997an handitzeko bertze lan batzuk egin zituzten».

«Garai hartan eskola bi zatitan banatua zegoen: Batetik eskola bera, eta bertzetik, escuela hogar deitua».

Ernesto DOMINGUEZ OLEA, eskolako zuzendaria

A gainbeheran, D goratuz

Hizkuntza ereduei dagokienez, San Miguel ikastetxeak «dena erdaraz» hasi zuen bidea, baina agudo eman zuten euskaraz egiteko aukera: «D eredua 1976-1977 ikasturtean paratu zuten martxan», dio zuzendariak.  «Aditu dudanez, urte gogorrak eta mugituak izan ziren». Horren harira, «garai hartako irakasleen inplikazioa» nabarmendu du: «Familia euskaldun aunitzek A eredua defendatu zuten, ez zutelako euskaraz jakiteagatik eurek pasatu zutena errepikatzea nahi. Baina irakasle batzuk aunitz saiatu ziren D ereduaren alde, familiak animatuz. Lehenbiziko promozioan D ereduko 24 ikasle atera ziren».

Urteen joanean, gauzak aldatu dira, eta gaur egun, «A ereduan sei ikasle baino ez dira gelditzen, eta horietako lau seigarren mailan, heldu den ikasturtean institutura joanen direnak. Bilakaera ikaragarria izan da. D ereduak sartzearekin batera, A eredua desagertzear dago». Ikasleak «euskalduntzen» ari direla nabarmendu du, baina jakitun da «oraindik lan handia egin behar dela arlo guzietan, eskolan zein karrikan. Eskolatik kanpo dugun egoera denok ezagutzen dugu, eta eskola barrenean, badira euskararekin hagitz inplikatuak dauden familiak, baina badira oraindik kostatzen zaienak». 

«Euskarari dagokionez, oraindik lan handia egin behar da arlo guzietan, eskolan zein karrikan»

Ernesto DOMINGUEZ OLEA, eskolako zuzendaria

Erronkak

Eskola euskalduna, hezkidetzailea eta inklusiboa. Lelo hori aukeratu dute eskolaren 50. urteurrenaren harira prestatu duten pankartarako. Hiru esparru horiek dituzte begiz joak.  «Gure helburuetako bat euskalduna izatea da, Euskal Herrian eta eremu euskaldunean bizi gara. Inklusioa da bertze helburua. Gero eta behar gehiago ditugu eskoletan, eta horiei erantzun behar diegu. Horrekin batera, kanpotik heldu zaizkigun familietako ikasleak hemengoekin integratzea nahi dugu, eta horretarako hizkuntza tresna baliagarria da. D ereduan bertzeekin batera egiten dute bidea, bertzela ez dira integratzen». Eta hezkidetza da hirugarren erronka: «Berdintasuna, pertsona guziak maila berean paratzea. Ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara, baina baliabideak behar ditugu».

Momentuko erronka, halere, ekainaren 8ko urteurren besta dute. Egun horri begira daude orain, «urduritasun puntua batekin». Lehenagotik hasiko dituzte beroketak, ekainaren 3tik 7ra eskolatik pasatu diren hainbat irakasle, ikasle eta langileren testigantzak aditzeko aukera izanen baitute ikasleek. «Aberasgarria izanen da gaur egungo ikasleei eskolan zer bizitu zuten kontatzea», aipatu du zuzendariak. Eta egunean bertan, goizetik hasita ekitaldiak, egitarauan iragarritakoak eta «sorpresak». Hala, parte hartzeko gonbita egin du zuzendariak: «ikasle ohi, irakasle ohi, atautxi, amatxi, izeba, osaba... Nahi duena etor dadila. Jende aunitz pasatu da eskolatik, bakoitzak bere oroitzapenak izanen ditu, eta 50 urte ez direnez urtero betetzen, animatu».

50. urteurreneko besta

San Miguel eskolaren 50. urteurrena handiki ospatu nahi dute, eta horretarako, hitzordua ekainaren 8an egin dute. Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte:

  • 10:30ean eskolatik abiatuta kalejira erraldoiekin, dultzaineroekin eta txistulariekin.
  • 11:30ean lekukoa pasatzea hamarkadaz hamarkada. Eskola zaharretik (herriko etxea) eskola berrira (San Miguel) bidea eginen dute. Ibilbidea sei puntutan banatu eta bakoitzean hamarkada batek hartuko du lekukoa.
  • 12:00etan lehenbiziko promozioko ikasleak omenduko dituzte eta Erreka Dantza Taldearen saioa.
  • 13:00etan Batupintxo.
  • 14:30ean bazkaria.
  • 16:30ean mutxikoak.
  • Ondotik DJ J&J eta zirku tailerra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun