DONEZTEBEKO ESKOLAK 50 URTE

«Gure aurretik apustu sendoa egin zuten euskal lerroa atera zedin»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 2a, 10:00

Marisol URIA JAUREGI, Doneztebeko eskolako irakasle ohia da.

Irakasle ikasketak akitu eta Doneztebeko San Miguel eskolan hasi zen Marisol Uria Jauregi tolosarra (Gipuzkoa): «1983ko irailean izan zen, 21 urterekin», kontatu duenez, «euskarazko lerroa seigarren mailan zegoen» ikasturtean. «Urte hartan sei irakasle hasi ginen, denak elebidunak». Bertzelako datuez ere oroitzen da. «Talde kopuruari dagokionez, adibidez, 1984-1985 ikasturtean, 6. mailako lau talde zeuden: 46 ikasle gaztelerazko lerroan eta 34 euskarakoan».

Orduko ikasleen aniztasuna ere hizpide hartu du: «Ikasleak Malerreka osokoak ziren eta garrantzitsua zen herri bakoitzaren kultura eta berezko nortasuna. Gaur egungo kontzeptu bat erabiliz, orduan ere kulturartekotasuna eta aniztasuna zen Doneztebeko eskolaren ezaugarrietako bat». Horri lotuta, «alde batetik, Doneztebeko herriaren zentralitateak eta neurriak aniztasun hori markatzen zuela» kontatu du. Bertzetik, euskara aipatu du: «Biztanle askok edo gehienek ezagutzen zuten, baita gaztelerako taldeetako ikasleen portzentaje altu batek ere,  nahiz eta denek ez erabili». Eta horrekin batera, 1986-1987 ikasturtean martxan paratu zuten Integrazio Plana ekarri du gogora: «Ikastetxeko bi irakasle izan ziren ikasleen laguntza lanetan aritu zirenak, eta Nafarroako Gobernuak prestakuntza eman zuen».

«Orduan ere kulturartekotasuna eta aniztasuna zen Doneztebeko eskolaren ezaugarrietako bat»

1983tik 1989ra izan zen Uria irakasle eta «askotariko oroitzapenak» dituela dio. Tartean, gogoan du «eskola txikietako irakasleekin biltzen ginela. Berrikuntza pedagogikoan zebilen irakasleen sarea zen». Eta «eskolan, irakasleentzat euskara ikasteko ikastaroak antolatzen zirela» ere adierazi du. Gehiago ere bai: «Ikastetxeetatik kanpora egindako irteerak, ikastetxe barruko jarduerak edo inguruarekin lankidetzan egindako proiektuak» ere oroimenean ditu. Batzuk aipatu ditu: «1983-84 ikasturtean 4-5 urtekoekin Berara egindako bidaia, 1984-85ean 6. mailakoekin Altzora egindako irteera, 1985-86an Bartzelonako eskola batekoekin egindako elkartrukea, urtero euskararen astea, Bertsozale Elkartearekin lankidetza, osasun hezkuntza lantzeko ikastetxearen eta osasun zentroaren artean antolatutako lan batzordea...».  Gisa berean, «familiek irakasleon lana baloratzen zutela» eta «guraso elkarteak oso parte aktiboa» zuela aipatu du.

A eredutik D eredurako saltoa

Euskal lerroaren alde bere aletxoa ere jarri zuen tolosarrak: «Gure aurretik irakasle batzuek eta beste askok apustu sendoa egin zuten euskal lerroa atera zedin. Eskolako irakasleen erdia baino gehiago elebidunak ginen eta, oztopoak oztopo, bidea eginda aurkitu genuen. Bide horretan paper garrantzitsua izan zuen, besteak beste, Maria Jesus Perurena irakasleak. Hasieratik euskarazko taldearekin egin zuen bidea euskal lerroaren lehen promozioa atera arte, 1985-86 ikasturtean. 86-87an zuzendaritza hartu zuen, eta bere taldean ikasketa buru hiru urtez aritu nintzen». Badu orduko «gertaera berezi» bat: «1987-88 ikasturtean Erein argitaletxearen Gizarteko liburu bat erabiltzea debekatu ziguten, Nafarroako guraso batzuk jarritako helegite bat medio. Arrazoia Euskal Herriari buruzko mapa izan zen, zazpi probintziak ateratzen zirelako».

«Euskal lerroa ateratzeko bidean, besteak bestek, Maria Jesus Perurena irakasleak paper garrantzitsua izan zuen»

Urteak pasatu dira geroztik baina ez du atzendu Doneztebeko egonaldia. Oraindik ere «Malerrekara urtean bizpahiru aldiz lagunekin egotera» hurbiltzen omen da. Honela gehitu du: «Eskolan izan nintzen azken aldian, zuzendariak harrera polita egin zidan, orain dela 40 urte egondako eskola berriz erakutsiz. Pozgarria izan zen gure ikasle izandako bizpahiru irakasle ikustea. 1973an jaiotako 34 ikasleetatik zazpi-zortzi irakasle lanetan ibili dira».  Horrez gain, «1983tik 1989ra aritu ginen hamaika lagun maiz elkartzen gara. Gelditu zaigun legatu ederra da hori, lagun taldea».

«Merezi du ospatzea, eta ospatuz, aurrera begiratzea. Zorionak Doneztebe!»

Ekainaren 8an ere «gustura» joanen dela kontatu du. «Doneztebeko eskola gure aurretik hasi zuten eta euskal lerroan ireki zuten bidean jarraitu genuen, eta gure ondorengoek ere jarraitu dute. 50 urte urteak dira. Bide luzea egin da, eta bidea gogoratuko dugu, lagunekin bilduko gara, eta gure legatua hartu dutenak agurtuko ditugu. Elkarrekin gaudela ospatuko dugu eta joan zaizkigunez oroituko gara». Honela gaineratu du: «Komunitate bat eraiki egiten da, belaunaldien ekarpenekin. Hezkuntza ere hori bada, belaunaldien arteko elkarlana, transmisioa eta aldi berean eraldaketa bultzatzen duena, beti ere gizarte justu eta berdinzale baten alde. Merezi du ospatzea, eta ospatuz, aurrera begiratzea. Zorionak Doneztebe!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun