DONEZTEBEKO ESKOLAK 50 URTE

«Nahiz eta institutuan banatuko garen, lagunak beti bihotzean izanen ditugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 1a, 09:00

Doneztebeko San Miguel eskolako seigarren mailako ikasleak tutorearekin.

Doneztebeko San Miguel eskolako seigarren mailako ikasleekin solasean.

Gehienak bi edo hiru urterekin hasi ziren Doneztebeko San Miguel eskolan, bertze batzuk bidean elkartu ziren taldera, baina denek hau dute Doneztebeko eskolan hondarreko ikasturtea. Seigarren mailako ikasleak dira, Doneztebe, Elgorriaga, Legasa, Gaztelu, Zubieta, Donamaria eta Urrozkoak eta ia hamarkada batez San Miguel eskola izan dute bilgune. 

Zenbat urterekin hasi zineten Doneztebeko eskolan?

Gutako gehienak 2 eta 3 urte artean hasi ginen eskolan. Bidean, bertze aunitz gehitu gara gure gela honetara. 4 urterekin Oihan eta 8 urterekin Fabrizio. Batzuk bertze eskola batera joan ziren ikastera eta bertze batzuk errepikatu egin zuten, gusturago eta hobeki ikasi ahal izateko.

Hasi zineteneko nolako oroitzapenak dituzue?

Ikasle batzuk bihurriak ginen, tontakeriak egitea gustatzen zitzaigun. Armairuan zegoen dinosauro batekin jostatzea ere gustuko genuen. Jolastokian eta salto gelan egoten ginen momentuak aunitz disfrutatzen genituen. Nahiz eta eskolan ongi pasatzen genuen, etxera hagitz nekatuak bueltatzen ginen. Gosariak denon artean jaten genituen eskolan, fruta, adibidez. Eraikuntzak egitea, siesta, kantatu, txoko librea, hondarraren txokoa, Maria Eugeniaren trikitixa urtebetetze egunetan…

Zer da eskolatik gehien eta guttien gustatzen zaizuena?

Gorputz Hezkuntza eta patioa gustatzen zaigu gehien gutako aunitzi eta, aldiz, klaseak eta etxeko lanak guttien. Lagunekin egotea eskolara etortzeko arrazoietako bat da guretako. Beldur handia ematen digu azterketak edo barne eta kanpo frogak egiteak. Irakasle batzuekin pixka bat gehiago sufritu dugu, zenbat lan! Eskolatik kanpo egotea aunitz gustatu zaigu, kanpaldietan, ateraldietan… Gutti batzuk jantokian disfrutatzen dugu, janaria paregabea baita. Aldiz, bertze batzuei pixka bat gehiago kostatzen zaigu, nahiko exijenteak gara.

Lehen Hezkuntza akituta, institutura joateko gogoz zaudete?

Dudak ditugu galdera honetan. Alde batetik, bertze etapa bat hasteko ilusioa dugu aunitzek. Gainera, lagun berriak egiteko eta jende berria ezagutzeko aukera izanen dugu. Bertze batzuk eskolan gelditu nahi dugu. Bertze alde batetik, beldurra ematen digu institutuan dena zaildu egiten delako eta azterketak gure etorkizunerako garrantzitsuak direlako. Lan pila bat egin beharko dugula uste dugu. Urduri jartzen gaitu horrek guziak.

Institutura joandakoan, zein oroitzapenekin geldituko zarete?

Irakasleekin, batzuk onerako eta bertze batzuk ez horrenbertze; lagunekin bizitako oroitzapen eta bihurrikeria guziekin; Otsagabian egon ginen aste horrekin; ateraldiekin… Jantokian ere dibertitu gara. Patioan jokatu ditugun futbol partidak, beisbola eta pilotako puntuak. Gorputz Hezkuntzako jolasak ere ez ditugu inoiz atzenduko.

Zerbait gehitzeko?

Ez dugu ulertzen zergatik ditugun Gorputz Hezkuntzako saio gutti, hagitz ongi pasatzen baitugu. Bertze ikasgaiak bikain menperatzen ditugu, ez ditugu horrenbertze behar. Horrez gain, lagunak beti izanen dira gure bihotzean, nahiz eta institutuan banatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun