DONEZTEBEKO ESKOLAK 50 URTE

«D ereduarekin aldaketa sumatu zen, baina berriz gibelera egin du euskararen erabilerak Donezteben»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 2a, 11:00

Felipe GANBOA ZABALO, Doneztebeko eskolako ikasle, irakasle eta ikasketa buru ohia.

Felipe Ganboa Zabalo doneztebarrak «ttiki-ttikitatik» ezagutzen du Doneztebeko eskola, ikasle zela hantxe eman baitzituen bere lehenbiziko pausoak, erran duenez, «8. mailara arte». D ereduko bigarren promozioko ikaslea izan zen eta orduko «oroitzapen onak» ditu gordeak.

Kontatu duenez, «D ereduko ikasle gehienak inguruko herrietakoak ziren» eta herri batetik bertzera zerbait nabarmentzekotan horixe omen zen «alderik handiena»: «Herri ttikietakoak euskaraz gehiago aritzen ziren eta Donezteben gehiago kostatzen zen euskara sumatzea. Gure kuadrillan, adibidez, aunitz A ereduan ibili ziren eta euskaraz ez ziren solastatzen. Herrietakoek, ordea, beraien artean euskaraz egiten zuten».

Dena den, D ereduak bere arrastoa utzi zuen: «Gerora harremana erabat euskaraz izan duten kuadrillak ezagutu ditut Donezteben, hiketan aritu diren lagun kuadrillak». Hala ere, «berriz ere euskararen erabilerak Donezteben gibelera» egin duela iruditzen zaio.

«Inguruko eskolarik handiena izanen da, baina edozein herritako eskola bat bezala da»

Felipe GANBOA ZABALO

Eskola bera ere «aldatua» ikusten du, «gauza guziak bezala, momentuko beharretara egokitu behar izan du, baina bere esentzia ez du galdu. Oraindik ere sartzen naizenean, orduko usaina sumatzen dut. Inguruko eskolarik handiena izanen da, baina edozein herritako eskola bat bezala da, denok ezagutzen dugu elkar eta nahiko giro lasaia dago».

Ikasle, irakasle eta ikasketa buru

Ikasle denbora gibelean utzita, ez zuen alde batera utzi bere eskola. Izan ere, «hamalau urtez bertako irakasle eta horietatik hamabitan zuzendaritzan aritu nintzen, ikasketa buru». Orduko garaia gogoan, «klaustroarekin eskertua» dagoela erran du: «Jendea beti inplikatua, laguntzeko prest, izaten zen». Gainera, ongi moldatu omen zen sorterrian ardura horietan: «Eskolan pasatzen den guziak herrian eragina du, baina nik ez nuen arazorik izan. Gainera, Erreka Kirol Elkartean ibiltzen naiz eta banituen bertze harremanak familiekin eta ikasleekin. Ez dut deus negatiborik sumatu».

Duela hiru urte utzi zuen San Miguel eskola, eta geroztik Lekarozko Irakasle Laguntza Zentroko (ILZ) zuzendaria da. Baina bere plaza Doneztebeko eskolan du, nahiz eta ez duen argitu bueltatuko den edo ez: «Nire eskola Doneztebekoa da, hori argi dut, hainbertze urte pasatu nituen ikasten, eta gehiago irakasle, baina ez dakit bueltatuko naizen. Etapa bat ixten duzunean, berriz bueltatzea... Oraingoz, bortz urtetarako nago Lekarozko ILZn, hau hirugarrena dut, eta bosgarren urtean hemen segituz gero, plaza galduko nuke. Momentua ailegatzean, ongi pentsatu beharko dut, gainera, nire azken urteak izanen dira».

Gerokoak geroko utzita, garbi du ekainaren 8ko urteurren bestan ez duela hutsik eginen, eta aukera probestuz, «animatzeko eta agertzeko» deia egin du: «Ospatzeko eguna izanen da. Herri batean eskola garrantzitsua da eta merezi du. Seguru egun polita eta hunkigarria izanen dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun