Hiru semeren ama da Leire Uterga Labiano doneztebarra eta bi ditu gaur egun Doneztebeko eskolan; «zaharrena DBHn dago». Aitzinetik bera ibili zen San Miguel eskolan, eta orduko oroitzapenez galdetuta, «ttikitan eskolan denetarik» izan zela aipatu du: «Halere, momentu onak txarrak baino gehiago izan ziren. Ikastea gustuko nuen eta kontent joaten nintzen».
Geroztik eskola aldatu dela dio, «baina gauza batzuek orduan bezala segitzen dute. Azken urteetan ikasgelen irudia aldatzen hasi dira eta hezkuntza gure garaietara egokitzen ari da pixkanaka. Beti badira hobetzeko gauzak, baina orokorrean kontent nago». Gehiago ere erran du: «Ama bezala, gurasoen parte hartze eta inplikazio falta sumatzen dut».
Berari parte hartzea gustatzen zaio eta hala, ekainaren 8an ez du hutsik eginen: «Goizean argazkiak aterako ditut eta bazkarira familian joanen gara». Aukera probestuz, gonbita ere egin du: «Jendea parte hartzera animatuko nuke, egunero ez dira 50 urte betetzen! Egun polita izanen da, ikasle ohiak eta egungo ikasleak elkar ikusteko eguna».