Doneztebeko eskola ederki aski ezagutzen du Tere Arretxea Iraizoz sunbildarrak. Ikasle izan zen lehenbizi, eta 23 urtez administrari ondotik. 13 urterekin hasi zen Doneztebeko eskolan: «Orduan egin zuten eskola berria, eta Sunbillako eskolatik ekainean 7. maila akitzera joan ginen. Hurrengo ikasturtea, 8. maila, han egin genuen».
Doneztebeko eskola kontzentrazioa irekitzearekin batera, «Sunbillan latsako eskola itxi» zutela kontatu du, «Bidasoaldeko baserritarrendako izaten zen». Hura itxi zuten, baina «herrian bertze bi eskola izaten ziren eta haiek irekiak segitu zuten».
Doneztebera lekualdatuta, hasiera hartan, eskola «handia, hotza eta tristea» iruditu omen zitzaion: «Eskola ttikian ohituak ginen, denak elkar ezagutzen genuen eta irakasle bakarrarekin egoten ginen, baina Donezteben ez. Autobusa hartu beharra, jantoki ikaragarria... Aldaketa handia izan zen. Oroitzen naiz beranduago sartzen ginela eskolara. Sunbillan 09:00etan sartzen ginen eta Donezteben 09:30ean».
«Doneztebekoek baserritarroi irri egiten ziguten usaina genuela eta»
Tere ARRETXEA IRAIZOZ
Baditu orduko anekdotak: «Lehenbizian ez zegoen txirrinik eta idazkari lanak egiten zituen Maite irakasleak solairu guzietan eta kanpoan klasera sartzeko eta ateratzeko ezkila jotzen zuen. Bertzalde, Doneztebekoek baserritarroi irri egiten ziguten usaina genuela eta. Sunbillako eskolan ez genuen usainik, eta Donezteben deskubritu genuen bagenuela usaina». Ekainaren 8ko bestari begira, han izanen da: «Aspaldi ikusi gabekoekin biltzeko aukera ederra izanen da. Hurbildu!»