DONEZTEBEKO ESKOLAK 50 URTE

«Eskola hau aunitz maite dut eta ezin dut objektiboa izan»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 1a, 11:00

Sara MAYLIN MINDEGIA, Doneztebeko eskolako ikasle ohia eta irakaslearekin kontu kontari.

«Malerrekako herri gehienetako ikasleak bildu ginen eta lagun gehiago egin genituen. Hagitz oroitzapen onak ditut». Halaxe oroitzen ditu Sara Maylin Mindegia doneztebarrak San Miguel eskolako lehenbiziko urteak. 6. maila akitzear zela utzi zuen eskola zaharra eta «herrian bertan, eskola berria... Ederki moldatu ginen».

Gerora berriz bueltatu zen hainbertze maite duen eskolara: «Lanean Donezteben hasi nintzen». Ondotik «Zubietako, Iturengo eta Arantzako eskoletan» ibili zen. Berriz bueltatu zen Doneztebera: «Oposizioak atera nituen eta Donezteben plazarik ez zegoenez, Narbartera joan nintzen. Zazpi-zortzi urtez han egon nintzen» Baina «haurdun gelditu nintzenean, Doneztebera bueltatu nintzen». Duela 19 urte izan zen hori eta hor segitzen du. «Hamar urte zuzendaritzan ere pasatu nituen» eta tartean «erabaki gogorrak» hartu behar izan zituela dio. Halere, hori ez da oztopo izan herrian lan egiteko: «Niretako hagitz polita izan da. Ez dut inoiz arazorik izan, eta gurasoek eta ikasleek nahiko ongi errespetatu dute nire esparru pertsonala eta eskolako esparrua».

Hain zuzen, zuzendari zela erabaki zuten B eredua kentzea: «D eta B ereduen artean ia ez zegoen alderik, plastika bakarrik ematen zen gaztelaniaz. Batzuetan B ereduaren erabilera ez zen egokia, herrietatik Doneztebera etortzeko probesten baitzuten, garraioa eta jantokia dohainik izateko, eta kendu genuen. Gaur egun, A eta D ereduak daude, baina A eredua hagitz marjinala da. Etorkin gehienak ere D ereduan matrikulatzen dira, eta gainera, ikasten dute, kostatzen zaie, baina ikasten dute».

D ereduaren igoera, ordea, ez da erabileran nabaritu. «Donezteben arazo bat dugu. Aunitzek badakigu euskaraz, baina ez dugu behar bezala erabiltzen. Gauza bera eskolan. Eskola orduetan euskaraz ariko dira, baina joko librean eta eskolatik aterata aunitzetan erdaraz. Inguruko herrietan ez da hori gertatzen, Donezteben bai. Inguruko herrietako ikasleen arteko harremana normalean euskaraz da, eta Donezteben ez hainbertze. Hori oraindik ere horrela da».

«Irakaskuntzan hagitz zoriontsu izan naiz eta uzteak pena handia ematen dit»

Sara MAYLIN MINDEGIA

Erretiroa ere hizpide hartu du, gutti gelditzen baitzaio: «Bi ikasturte falta zaizkit % 100 kobratu ahal izateko eta urtez urte erabakiko dut. Ikasturtea indartsu hasten dut, baina bukaeran nekea nabaritzen da». Agerian utzi du behintzat ofizioa maite duela: «Irakaskuntzan hagitz zoriontsu izan naiz eta uzteak pena handia ematen dit». Halere, ez dirudi erretiratuta aspertuko denik: «ingelesa ikasi nahi dut, baratzean ari, amarekin denbora gehiago pasatu, bidaiatu... Denetarik pixka bat».

Bidean ezagutu dituen eskolen artean «Arantzakoa bihotzean» izanen duela aitortu du: «Aunitz ikasi nuen. Irakasleon artean talde polita osatu genuen eta oraindik ere orduko oroitzapen onak ditut. Gainera, garai hartan ikasle izan nituenen seme-alabak nire ikasle dira gaur egun». Baina bere eskola Doneztebekoa da, hori argi du: «Sentimendu aunitz ditut eskola honekin. Ikasle izan nintzen, gerora, irakasle, zuzendari, semea ere ikasle izan da... Eskola hau aunitz maite dut eta ezin dut objektiboa izan. Badira aldatu edo hobetu beharrekoak, baina eskola polita da eta aitzinera egiten lagundu behar diogu».

Ekainaren 8an ere hortxe izanen da eta jendeari «faborez, etortzeko» eskatu dio: «Urte aunitz konpartitu ditugu eta polita izanen da elkartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun