DONEZTEBEKO ESKOLAK 50 URTE

«Lehen irakaskuntza magistrala zen, orain bertze aspektuak lantzen dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 2a, 09:00

Bittori MENDIBURU MARTIN, Doneztebeko ikasle ohia eta irakaslea da.

San Miguel eskola eraiki zutenean, hirugarren maila akitzear zen Bittori Mendiburu Martin doneztebarra eta orduan egin zuen batetik bertzera salto. «9 urte arte gaur egun udaletxea dagoen eraikinean ikasi nuen, lehen eskola zenean». Gogoan du «9 urteak arte mutilak eta neskak elkarrekin» ikasten zutela, baina «9 urtetik aitzinera sexuaren arabera bereizten» zituztela. «Gu, adibidez, hirugarren mailatik zortzigarrenera neska guziak gela bakarrean ginen».

Baina duela 50 urte, San Miguel eskolara lekualdatu zituzten ikasleak eta esplikatu duenez, «Malerrekako eta Bertizaranako haurrak elkartu ginen eta aldaketa niretako hagitz positiboa izan zen. Bertze eskolan, 3. mailatik 8. mailara bitarteko neskak elkartuak egoten ginen eta ni ttikienetarikoa nintzen. Eskolaz aldatu ginenean, adinaren arabera antolatuta, giro goxoagoa eta alaiagoa sortu zela oroitzen naiz. Gainera, arlo gehiago ematen hasi ginen: Gorputz Hezkuntza, Musika… eta irakasle bakarra izatetik irakasle gehiago izatera pasatu ginen».

Orduko oroitzapen gehiago ere baditu, tartean, «12 bat urterekin torneoetara hasi ginela: atletismoa, saskibaloi txapelketak... Ordura arte mutilak bakarrik joaten ziren. Parte hartu nahi genuen erran zigutenean, segidan animatu ginen». Eta garai hartako escuela hogar deiturikoaz ere oroitzen da: «Iruñea eta Baztan aldetik jendea etortzen zen eta eskola denboran hantxe bizi ziren. Doneztebekook haur horiekin harremana genuen eta arratsaldeetan, eskola irekia zegoenez, haiekin elkartzen ginen jostatzeko. Udan, berriz, udalekuetara etortzen ziren: Zaragozatik, Valentziatik, Sakanatik…».

1991z geroztik Irakasle

Ikasle lehenbizi eta irakasle gerora. «1991tik Doneztebeko eskolako irakaslea naiz, Gorputz Hezkuntzakoa». Ikasle izatetik irakasle izateko bidean «aldaketa aunitzen» lekuko izan da. Bertzeak bertze, «lehen irakaskuntza magistrala» zela dio; «gehienbat edukietan oinarritzen zen, horiek memorizatzen, aniztasuna eta inklusioa kontuan hartu gabe». Gehiago ere bai: «Ikasle nintzenean, Gorputz Hezkuntzan, adibidez, kirola eta gaitasun fisikoak lantzen ziren: saskibaloia, atletismoa, futbola... Gaur egun, horiez gain, bertze zenbait aspektu lantzen dira: lankidetza, osasuna, errespetua, balio sozialak eta zibikoak, kiroltasuna, berdintasuna... Ikasleek ongi pasatzen dute eta haiek gustura badaude, ni ere gustura lanean».

Sumatu duen bertze «aldaketa nagusia teknologia berriak» izan dira eta bere ustez, «ikasleak teknologia berrietan trebatu behar dira, baina erabilera mugatu behar da, gehiegizko erabilerarik egin ez dezaten, bertze gaitasun batzuk garatzeko oztopo izaten ahal baitira».

«Eskolak euskararen alde lan handia egiten du»

Hizkuntza ere aipatu du. «Kontzentraziora pasatu nintzenean arlo guziak erdaraz ikasten genituen. 6. mailan euskara ekintza osagarri bezala ematen hasi ginen, apezarekin». Gerora, egoera «pixkanaka» aldatzen hasi zela gehitu du: «Denborarekin eskolan euskara gehiago aditzen hasi zen. Doneztebeko eskolan irakasle hasi nintzenean hiru hizkuntza eredu genituen: A, B eta D ereduak. Gaur egun, haur gehienak D ereduan ditugu, eta A ereduko gela bakarra dugu. Eskolak euskararen alde lan handia egiten du eta poztekoa da bertze herrialde batetik datozen haurrak euskaraz solas egiten akitzen dutela aditzea».

Ekainaren 8ko bestaren harira, «Malerreka osoa elkartzeko» deia egin du eta «belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatzeko ekitaldian ikasle ohiak animatzea eta eskolak sortutako elkartasun keinu hau bizitzea» nahi luke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun