Gaitariak, meza, herri bazkaria, musika eta bertze hainbat ospakizun izanen dituzte egun osoan 1926an eraiki zuten Erratzun Gorostapoloko frontoia eta ehungarren urteurreneko ospakizunetan dabiltza. Adosen VI. Plazaz Plaza txapelketako eta Erratzuko frontenis eta esku pilota txapelketetako finalak jokatu zituzten irailaren 12an eta bi aste beranduago eta larunbat honetan, irailak 26, besta eguna antolatu du Gorostapoloko Auzolan Taldeak, egitarau zabalarekin.
Tratu onaren aroa deituriko tailerra eginen da larunbat honetan, irailak 26, Doneztebeko Osasun Etxean, 10:00etatik 11:30era bitarte. Angiru Psikomotrizitatekoek gidatuko dute saioa, anai-arreben jeloskortasunaz, jarrera horren atzean dagoenaz eta guraso bezala egin beharrekoen inguruan mintzatuz.
Irailaren 26an, egun guztiko egitarauarekin, Dantza Eguna antolatu du Berako Gure Txokoa dantza taldeak, taldearen parte diren eta izan direnak elkartzeko helburuarekin. Dantzariak, dantzari ohiak, musikariak, laguntzaileak eta familiak, bertzeak bertze, elkartuko dira irailaren azkenengo larunbatean Beran dantzaz eta ospakizunez eskerrak zabalduz herrian.
Ainara Unanuaren eta Jon Zubiagaren eskutik, lau urtetik goitiko haurrendako ipuin kontaketa musikatua izanen dute larunbat honetan, irailaren 26an, Donamarian. Ametsak begi bistan du izena.
Altxalili kabaretaren emanaldia ikusteko aukera izanen da larunbat honetan, irailak 26, 19:30ean, Lesakako komentuan. Drag-a, musika, kantua, dantza eta humorea ikuskizun berdinean eskainiko dute nortasun landatar, euskaldun eta queer-a aldarrikatuz.
Donostiako Dosis Gray punk rock taldeak Berako Kataku kultur elkartean joko du irailaren 26an 21:00etan. Javi, Gorka eta Anxelek haien disko berria aurkeztuko dute, La Casa de Los Sueños.
Iruñeko Pedro Arizkuren Elizondo artistak bere lanak plazaratuko ditu iraileko hilabete osoan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Erakusketa asteartetik igandera egonen da ikusgai, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.
Igantziko bestak ospatuko dituzte igantziarrak irailaren 25etik 29ra bitarte. Ortziraletik asteartera. San Migel eguna izanen dute azken ospakizun eguna, baina ortziraletik egitarau zabalaz gozatzeko aukera izanen dute bertakoak eta ingurukoak ere. Dagoeneko besten dosi txiki bati zaporea hartzeko aukera izan dute pasaden larunbat eta igandean, gazta lehiaketa, karrika bueltak eta dantza emanaldia izan baitituzte bertzeak bertze.
Ortziraleko Xerri Ttikiko Lasterkaldiarekin hasi (7,5 km) eta asteleheneko paella eta karaoke gaualdiarekin bukatuko dira