Mendeurrena ospatzen ari den Erratzuko Gorostapoloko plaza bete-betean bosgarren txapela segidan eskuratu du Iera Agirre Iturriaga leitzarrak
Erratzuarrek eman zioten hasiera egunari, fronteniseko eta esku pilotako finalekin. Frontenis txapelketako finalean Martin Etxabek eta Unai Urrutiak 25-7 irabazi zieten Oihan Irigoieni eta Aimar Rekarteri. Ondotik, esku pilota txapelketaren finalean, Gorka Urtasunek eta Joseba Indak 22-5 irabazi zieten Iker Iturburuari eta Joel Garaikoetxeari.
Gero ailegatu zen Plazaz Plazako final handiaren txanda, mendeurreneko ospakizunari emakumezkoen pilotarekin segida emateko.
Bi bikoteek serio ekin zioten finalari, baina Oskoz–Ruiz de Larramendi nagusitu ziren lehen zatian. Gorriak sendo aritu ziren, gibeletik aginduz eta urdinak defentsan behartuta jokatzen jarriz. Nagusitasun horri esker, tartea ireki zuten markagailuan, 14–8 aurretik jartzeraino.
Bigarren zatian, ordea, partidaren norabidea aldatu zen. Gorriek huts gehiago pilatu zituzten, eta Iturriaga–Mendiburuk tinko segitu zuten lanean. Iturriaga bikain aritu zen aitzinean defentsan, eta Mendiburuk sendotasun handia erakutsi zuen gibelean. Azken horren maila fisikoa erabakigarria izan zen: bigarren zatian ederki aritu zen pilotan, eta partidua beren aldera eramatea lortu zuten urdinek, 30-18 irabazi arte.
Iturriagak bosgarrena segidan
Garaipenarekin, Iturriagak marka bikaina jarri du Plazaz Plaza txapelketan, bost txapel jarraian irabaziz, guziak bikote ezberdinarekin. Oraingoan, Mendibururekin batera, Gorostapoloko mendeurrenean ospatu du azkena, emakumezkoen pilotarentzat egun borobila izan den honetan. Ados Pilotak antolatutako txapelketak emakumezkoen esku pilota herrietako plazetara eraman du bertze uda batez. Herriz herriko ibilbide horretan, plaza bakoitzaren ezaugarrietara moldatu behar izan dute pilotariek, jokoa herritarrengana hurbilduz eta Gorostapoloko plaza beteak eta bertako giroak amaiera ederra eman diote txapelketaren seigarren edizioari.