Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Ekhiñe Zapiainek eta Xabat Illarregik larunbat honetan Gotaine-Irabarnen kantatuko dute

Ttipi-Ttapa

Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarrak eta Xabat Illarregi Marzol leitzarrak larunbatean hasiko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. 

Aitzinera segitzen du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak. Asteburu honetan, lehenbiziko faseko azken bi saioak jokatuko dituzte: larunbatean, Gotaine-Irabarnen eta igandean, Agurainen. Larunbateko saioan, Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Xabat Illarregi Marzol leitzarra ariko dira. 

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren eta zazpigarren saioak jokatuko dituzte asteburu honetan, Gotaine-Irabarnen eta Agurainen. Lehenbiziko faseko azkena izanen da Aguraingoa eta orduan jakinen da zein pasatuko diren final aitzinekoetara. 

Larunbateko saioa Gotaine-Irabarneko Herriko gelan izanen da eta sei bertsolari ariko dira kantari: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Xabat Illarregi Marzol, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Andoni Rekondo Izagirre, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Mendizabal Jauregi. Ekhi Erremundegi Beloki ariko da gai jartzaile.

Igandean, ordea ez da eskualdeko bertsolaririk izanen. Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza, Asier Azpiroz Iztueta, Gorka Pagonabarraga Agorria, Irantzu Idoate Funosas eta Nerea Elustondo Plazaola ariko dira bertsotan, eta Irati Martinez Izaga izanen dute gai gartzaile. 

Bi saioak 17:00etan hasiko dira, eta ateak 16:00etan irekiko dituzte. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira, baita saioen egunean ere, 15:30etik aitzinera. 

Eskualdeko bertsolariak

42 bertsolari ari dira lehian lehenbiziko fasean, eta tartean dira, Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001). Horien artean dagoeneko bik parte hartu dute txapelketan: Maddi Ane Txoperena eta Eki Mateorena Hazparneko saioan aritu ziren: Txoperenak 691 puntu lortu zituen eta orain arteko saio guziak kontuan hartuta, sailkapenean bigarrena da eta hala, final aitzinekoetara pasatzeko aukera ia ziurtatua du. Mateorenak, berriz, 589,5 puntu lortu zituen. 

Lehenbiziko fasea borobilduta, final aitzinekoen txanda izanen da. 24 bertsolari ariko dira fase horretan kantari: 2022ko zazpi finalista eta lehenbiziko fasetik sailkatutako hamazazpi bertsolari. Bi itzuli eginen dituzte final aitzinekoetan. Lehenbiziko bueltan, lau saio izanen dira: urriaren 24an Larraun-Lekunberrin, urriaren 31n Eibarren, azaroaren 7an Gernika-Lumon eta azaroaren 14an Miarritzen. 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan zen Amets Arzallus Antiari (Hendaia-Sara, 1983) Larraun-Lekunberriko saioan kantatzea tokatu zaio, eta Joanes Illarregi Marzoli (Leitza, 1999) Gernika-Lumon.

Finalaurrekoen bigarren bueltan, hiru saio izanen dira: azaroaren 21ean Donostian, azaroaren 28an Gasteizen eta abenduaren 5ean Bilbon.

Finala

Abenduaren 20an izanen da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira kantari: Maialen Lujanbio Zugasti 2022ko txapelduna eta final aitzinekoetatik puntuazioaren araberako sailkatuko diren bertze zazpi bertsolari. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun