Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

«Helburua nire maila ematea eta pausoz pauso joatea da»

Ttipi-Ttapa

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa. 

Xabat ILLARREGI MARZOL, Leitzako bertsolaria.

Txapelketa hasteko «gogotsu» dago Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001). Saioz saio ibili da udan, baina orain, plazako jardunean deskantsu hartuta, txapelketari begira jarri nahi du. Urriaren 10ean kantatzea tokatu zaio.

Zer moduz zaude txapelketa hasi aitzinetik?

Gogotsu, egia esan. Udan bertsotan aritu gara, baina gauza asko diferenteak dira plazan eta txapelketan. Badut nire burua txapelketako klabe horietan jartzeko gogoa, eta nik kantatu baino lehenago ikustera joateko gogoa ere bai.

Nola ari zara prestatzen txapelketa?

Txapelketako prestakuntza, nire kasuan, ez da definitua edo orri batean erraz definitzen den zerbait. Gehiago da burua horretara jartzea. Buruan egiten dituzun lanketa propioak oso pertsonalak eta konkretuak dira eta nire kasuan behitzat, ez da koaderno batean ordu bateko lanketa egitea. Gehiago da inertzia batzuk hartzen saiatzea, errimari garrantzi gehixeago ematen hastea, gaiari garrantzi gehixeago ematen hastea, munduan zer gertatzen ari den ikustea… Txapelketara geroz eta gehiago hurbiltzen joatea da. Alde horretatik, txapelketaren prestaketa hasia da: nik uste, izena ematen dugun momentuan nahi gabe burua horretan jartzen. Baina plazan ere ibili naiz eta ez naiz gehiegi zentratu txapelketan, ez dudalako nekatuta ailegatu nahi izan.

Duela lau urteko edizioan parte hartu zenuen lehenbiziko aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Orduko zer oroitzapen dituzu?

Niretzat txapelketa motza izan zen, berez ez nuelako parte hartu behar. Azken orduko baja batengatik kantatzea tokatu zitzaidan, egunean bertan abisatu zidaten, eta esperientzia berezia eta nahiko motza izan zen. Aurten, uste dut, diferente hartuko dudala txapelketa. Esperientzia ona izan zen garai hartan, uste baino hobekiago atera zitzaidalako, baina orain gogo eta anbizio handiagoarekin nago.

«Esperientzia ona izan zen duela lau urteko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, uste baino hobekiago atera zitzaidalako, baina orain gogo eta anbizio handiagoarekin nago»

Aldatu da ordutik Xabat bertsolaria?

Nik uste bertsolari guziak aldatzen garela txapelketatik txapelketara, urtetik urtera, bai pertsona bezala, bai bertsolari bezala… Lau urte horietan nire bizitza pertsonalean, bai bertso munduan, bai plazan… aldaketak izan dira, eta zu ere, nahi gabe, aldatzen zoaz erritmo horretan. Uste dut bertsolari bezala landuagoa dela orain nire bertso maila, eta hortaz, jantziago nagoela eta hornituago joanen naizela txapelketara. Baina bueno, uste dut bakoitzak bizi duen momentu horretatik egin behar duela txapelketa eta ilusioa beti izaten dela berdina, nahiz eta zure egoera, zure maila, zure adina, zure bizimodua… aldatzen joan.

Tartean, Nafarroako zapela jauntzi duzu. Euskal Herriko txapelketak momentu onean harrapatu zaitu?

Bueno, ezin da inoiz jakin. Txapelketa bat ongi atera daiteke, eta handik urte batera, beste bat gaizki. Edo asteburu batean saio ona egin dezakezu, eta hurrengoan txarra. Hori nahiko aldakorra da. Baina tira, plazan bertsotan gustura nabil eta sinistu nahi dut txapelketan ere nire alde hori aterako dudala. Nafarroako txapelketan egin nahi nuenetik nahiko gertu gelditu nintzen, eta emaitza ona izan zen. Ikusiko dugu zer ateratzen den oraingoan. Konfiantzarekin joanen gara, baina gehiegi fidatu gabe.  

Urriaren 10ean Gotaine-Iribarnen hasiko duzu txapelketa. Nolako saioa espero duzu edo nahi zenuke izatea?

Zozketa egin genuenean, oso pozik gelditu nintzen tokatu zitzaidan saioarekin. Bost bertsokideekin harreman ona daukat, eta egia esan, oso-oso kartel polita gelditu zaigu. Oso motibatuta eta pozik nago, eta nik uste saio bizia eta ona izateko osagaiak badauzkala. Ikusi beharko dugu egunean bertan zer ateratzen den, inoiz ezin delako jakin. Baina printzipioz gogotsu eta oso pozik nago tokatu zaidan saioarekin.

Hainbat belaunalditako jendea bildu zarete txapelketan…  

Egia esan, bertsotan nahiko naturala da hainbat belaunalditako jendea elkarrekin aritzea eta bertsoak daukan alderik politenetako bat horixe bera da. Esperientzia eta freskotasuna elkartzen dira oholtza batean, eta hori ederra da.

«Denek ahalik eta urrutiena ailegatu nahi dute eta nik ere kantatu nahi dut finalean, baina ez naiz ba urrian horri begira hasiko»

Zer helburu edota erronka dituzu txapelketa honetan?

Zaila da esatea. Helburu printzipala eta beti esaten duguna da, ateratzen garenean bertsotako gure maila eman nahi dugula. Zure maila ematen ez duzunean izaten da disgustua; aldiz, bertsotan ongi egin edo zuk daukazun maila ematen duzunean, kontent gelditzen zara, are gehiago, emaitzak etortzen badira. Baina ezin da txapelketara postu edo fase konkretu bati begira joan; zuk egin dezakezun horri begira joan behar duzu, ondotik, horrek ekarriko duelako gainerakoa. Denek ahalik eta urrutiena ailegatu nahi dute eta nik ere kantatu nahi dut finalean, baina ez naiz ba urrian horri begira hasiko. Lehenbiziko saioan gozatzen saiatuko naiz eta gozatu eta nire mailatik gertu ibiliz gero, etorri daiteke hurrengo fasea. Pausoz pauso joatea da nire helburua. 

Nolako txapelketa izanen dela uste duzu?

Oso zaila da jakitea, faktore asko daudelako txapelketa batean. 50 bertsolari gaude, 50 pertsona, gaiak ez dakigu nolakoak eta zein izanen diren, giroa nolakoa izanen den… Ez da erraza eta ez zait gehiegi gustatzen nolako txapelketa izanen den pentsatzen hastea, saio bakoitza diferentea delako. Tokatzen dena tokatuko da, eta ondotik esanen dugu nolako txapelketa izanen den, baldin badakigu.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun