«Hasi da lurrikara. Sumendiak bezala, piztear gara eta bor-borka eginen dugu, baina ez gara itzaliko. Su ttikia bertze lau urtez erne izanen da, iraunkorki txotxak botaz, tarteka txinpartak ateraz eta setatsu hauspotuz». Hala dio Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari begira prestatu duen mezuak. Eta ailegatu da eguna. Gaur, irailaren 19an, hasiko da Euskal Herriko txapelketaren 19. edizioa Hazparnen. Hamabortz saio izanen dira denetara, eta abenduaren 20an eginen dute finala, 2022an bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan.
50 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta horietatik sei dira eskualdekoak: Amets Arzallus Antia (Hendaia-Sara, 1983), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001). Bertsolariekin batera, saioetarako gaiak sortzeaz eta prestatzeaz, eta saioak aurkezteaz hamalau laguneko lantaldea arduratuko da, eta tartean, bi dira eskualdekoak: Ainhoa Larretxea Agirre (Bera, 1996) eta Maialen Belarra Eneterreaga (Doneztebe, 1992). Epaileen taldea, berriz, 21 lagunek osatuko dute, eta tartean, ez dago eskualdekorik.
Lehenbiziko fasea
Txapelketak hiru zati izanen ditu. Lehenbiziko fasea irailean hasi eta urrian akabatuko da. Fase horretan, zazpi saio eginen dituzte: irailaren 19an Hazparnen, irailaren 26an Altsasun, irailaren 27an Lekeition, urriaren 3an Donapaleun, urriaren 4an Tolosan, urriaren 10ean Gotaine-Irabarnen eta urriaren 11n Agurainen.
Eki Mateorena, Maddi Ane Txoperena, Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi lehen fasean hasiko dira
42 bertsolarik kantatuko dute fase honetan, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako zazpi talde egin dituzte eta talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera eta puntu gehien biltzen dituztenekin osatuko dute final aitzinetara pasatuko direnen zerrenda. Eskualdeko bertsolariei dagokienez, Eki Mateorena Zozaiak eta Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Hazparnen kantatuko dute eta Ekhiñe Zapiain Arlegik eta Xabat Illarregi Marzolek Gotaine-Irabarnen.
Final aitzinekoak
Lehenbiziko fasea borobilduta, final aitzinekoen txanda izanen da. 24 bertsolari ariko dira fase honetan kantari: 2022ko zazpi finalistak eta lehenbiziko fasetik sailkatutako hamazazpi bertsolari. Bi itzuli eginen dituzte final aitzinekoetan. Lehenbiziko bueltan, lau saio izanen dira: urriaren 24an Larraun-Lekunberrin, urriaren 31n Eibarren, azaroaren 7an Gernika-Lumon eta azaroaren 14an Miarritzen.
Amets Arzallus eta Joanes Illarregi final aitzinekoetan sartuko dira txapelketan
2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan zen Amets Arzallus Antiari Larraun-Lekunberriko saioan kantatzea tokatu zaio, eta Joanes Illarregi Marzoli Gernika-Lumon.
Finalaurrekoen bigarren bueltan, hiru saio izanen dira: azaroaren 21ean Donostian, azaroaren 28an Gasteizen eta abenduaren 5ean Bilbon.
Finala
Abenduaren 20an izanen da finala, aipatu bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira kantari: Maialen Lujanbio Zugasti 2022ko txapelduna eta final aitzinekoetatik puntuazioaren araberako sailkatuko diren bertze zazpi bertsolari.
Bai finaleko sarrerak, baita gainerako saioetako sarrerak ere, bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira.