Zer moduz zaude?
Alde batetik, hagitz gogotsu nago, baina bertze aldetik, iraila hurbildu zenetik urduritasuna ere nabaritu dut. Baina oraingoz, urduritasun ona izan da, gogoarekin nahasten dena, eta espero dut horri eutsi eta urduritasun txarrak gain ez hartzea.
Nola joan dira prestaketak?
Alde batetik, suerte ikaragarri handia izan dut udan saio aunitz izan ditudalako, eta saio horiek ere badira entrenamenduaren parte, jende aitzinean aritzera jartzen zarelako. Eta bertzetik, uda hasieratik bertso eskolak egiten ibili gara. Binakako entrenamenduak egiten aritu naiz Euskal Herrikoan parte hartuko duten eta ez duten hainbat bertsolarirekin. Astean bi edo hiru bertso eskola izan dira, eta horrez gain, bakarkako lana. Gauza bat eta bertze, uda intentsoa izan da.
«Zerbait berria deskubritzeko gogoa eta nola sentituko eta egonen naizen intriga sentitzen dut»
Lehenbiziko aldia duzu Euskal Herrikoan, horrek bertigorik eragiten du?
Ez dit bereziki bertigorik sortzen. Gehiago sentitzen dut zerbait berria deskubritzeko gogoa eta nola sentituko eta egonen naizen intriga.
Urte hasieran Xilabako zapela jauntzi zenuen. Momentu onean etorri da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa?
Bai, hagitz momentu onean. Txapela lortzea ikaragarria izan zen niretzat. Horri esker, plaza aunitzetatik deitu didate eta sekulako suertea izan da; ez dugu denok suerte hori. Horrek, gainera, udan maila mantentzea eta hobetzea ahalbidetu dit. Eta aldi berean, Xilabako finalaren ondotik deskantsatzeko tartea ere izan nuen. Beraz, bai, hagitz momentu onean sentitzen dut neure burua.
Gaur, irailaren 19an, hasiko duzu txapelketa. Nolako saioa espero duzu edo nahi zenuke izatea?
Lehenbiziko saioa da eta nik uste, lehenbizikoa izanda, publikoaren artean halako ilusioa edo irrika sortuko duela, eta hori ona da guretzat. Bertzalde, Hazparnen kantatuko dut, etxean, eta hori aldekoa dela uste dut. Gainera, etxeko bi izanen gara, Miren Artetxe ere hor baitago. Bertsokideei dagokienez, hagitz kontent nago denekin harreman ona dudalako eta iruditzen zait horrek gure artean giro izatea ahalbidetuko duela. Gure saioa ez da igual izen handiak dituena, baina horrek ez du erran nahi mailarik ez dagoenik. Maila ederreko bertsolariak dira eta eurekin kantatzeko gogoz nago. Espero dut denok batera saio ederra eginen dugula, eta aldi berean, espero dut nik ere saio ederra egitea, noski.
«Presente egotea gustatuko litzaidake, Xilabako finalean erran bezala, orain eta hemen»
Ze helburu edota erronka dituzu txapelketa honetan?
Presente egotea gustatuko litzaidake, Xilabako finalean erran bezala, orain eta hemen, zer gertatzen ari den kontziente izanda eta momentuarekin konektatuta, eta ahal baldin bada, kontent eta gogotsu. Saio ona egin eta neure buruarekin gustura gelditu nahi nuke eta final aitzinekoetara pasatzeko aukera izanen banu, ilusioz hartuko nuke.
Nolako txapelketa izanen dela uste duzu?
Ez dakit. Maila aldetik ona, dauden bertsolariengatik; eta ikuspegiaren aldetik interesgarria, hainbat klasetako bertsolariak gaudelako. Aldi berean, txapelketa irekia ikusten dut. Uste dut ez dagoela garbi nor pasatuko den fase batetik bertzera, eta izen bat edo bertze kenduta, ezta finalera ere. Txapelketa interesgarria izanen da, bertsozalea ere gogoz sumatzen dut eta hori seinale ona.