Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

«Ea arrastoa uzteko moduko zerbait egiten ahal dugun txapelketan»

Ttipi-Ttapa

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa. 

Amets ARZALLUS ANTIA, Hendaia-Sarako bertsolaria.

Ibilbide luzeko bertsolaria da Amets Arzallus Antia (Hendaia-Sara, 1983), eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ez da atzo hasitakoa. Aurtengoa bere zazpigarren txapelketa izanen da. Azken bost finaletan kantatu du.

Zer moduz zaude Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hasi aitzinetik?

Udako bestak eta saioak direla eta, udako martxarekin burua okupatuz, eta udazkena, eta beraz, txapelketa, burutik urrunaraziz, neure buruarekin halako tranpa batean ibili naiz orain arte. Baina, momentuz, aski lasai sentitzen naiz.

Txapelketa prestatzen hasia zara?

Nire kaxa prestatzen hasia naiz, batetik, kezkatzen, eta bestetik, kezka hori eskulan bihurtzen, baina ez askorik. Bertso eskolan, berriz, normalean hilabete bat edo hilabete eta erdi lehenago hasten naiz. Ez dut nahi izaten goizegi ere, saio batzuk baldin badituzu eta horrez gain, bertso eskola, nekatzen hasten ahal zarelako.

«Saio guztietatik badut halako oroitzapen bat, baina batzuk indar gehiagorekin oroitzen ditut»

Bertsolari Txapelketan parte hartuko duzun zazpigarren aldia duzu. 2001ean kantatu zenuen lehenbiziko aldiz eta 2005etik egin diren final guztietan parte hartu duzu. Hasiera hartako zer oroitzapen dituzu?

Saio guztietatik badut halako oroitzapen bat, baina batzuk indar gehiagorekin oroitzen ditut. 2001ekoa urrunxeago gelditzen zait, baina 2005eko arrastoak aski markatuak ditut, bai Beran egindako finalerdikoak, bai lehen finalekoak; BECekoa eztanda bat izan zen. 2009ko oroitzapenak ere izugarri onak ditut: Andoni Egañaren azkena izan zen eta Maialen Lujanbiorekin buruz buru aritu nintzen. Izugarri oroitzapen onak ditut eta oroitzapen horiekin berriz konektatzea izaten da ilusioa. Orain beste nonbait nago, baina nahi nuke txapelketa horietan izan nituen bizipenetara berriz iritsi.

Zertan aldatu da hasiera hartatik Amets Arzallus?

Askotan oharkabe, eta beste batzuetan pixka bat ohartuxeago, baina aldatzen zara. Bada eboluzio bat. Orduan kantulagun genituen belaunaldi batzuk, dagoeneko, zoritxarrez, ez daude. Joxe Agirre edo belaunaldi zaharragoekin harreman hurbila izan nuen, kantatzeko aukera ere bai, eta eragin handia izan zuten niregan. Orain beste belaunaldi batzuk daude, beste gaitegi batzuk… Belaunaldi berriak ere eskola dira niretzat. Horiek ere erakusten dizute eta eskola horrek berak aldatzen zaitu. Aldi berean, garrantzitsua iruditzen zait aldaketa guztiak barneratzea, egokitzea eta zeurera ekartzea, zure arrastoa ez galtzeko. Aldatzen ez zaidan horretan sakontzen ere saiatzen naiz: nire ahotsa bilatzen, eta nahi gabe ateratzen zaidan hori ez bazterrera uzten.

2013an zapela jauntzi zenuen final hartatik zer duzu gogoan?

Ba, egia esan, egun hura urte askotan izoztuta izan dut emozio aldetik. 2009a oso berezia izan zen, baina 2013an itxiago edo kontzentratuago nengoelako edo, hotzagoa izan zen, eta hoztasun hori ez dut inoiz lortu erabat haustea.

Eta duela lau urteko finalaz zer diozu? Txalo zaparrada handia hartu zenuen bukaeran…

Iruñeko lehen finala izan zen, eta batez ere, bukaeraz oroitzen naiz. Bertsoak beti badu nahi eta ezinaren borroka bat zure baitan, eta eseri orduko ikusten duzu beste era batera hobeki egin zenezakeela. Hori beti hor dago, baina nahi eta ezin horren barruan, aski oroitzapen ona dut. Buruz burukora pasatuta, lasaitu nintzen eta horrek bidea errazten dizu.

Urriaren 24an Larraun-Lekunberrin hasiko duzu aurtengo txapelketa, finalaurrekoetan. Txapelketa hasi eta hilabete batera izanen da…

Zazpigarren txapelketa dut eta dagoeneko ez dut pentsatzen hobea edo okerragoa den lehenago edo beranduago hastea, ez lekuan… Dagoena hartzen dut eta egokitu zitekeen hoberena hori dela pentsatzen dut. Horrekin lotuta, Nafarroan dezentetan kantatu izan dut finalerdietan, eta egia esan, oroitzapen onak ditut. Larraun-Lekunberri eskualdean txapelketatik kanpo ere bertsotan ibili izan naiz eta gustura aritu izan naiz. Begi onetik hartzen dut. Lehen finalerdia da, fase berri baten hasiera izanen da, inongo erreferentziarik gabekoa. Horrek badu bere alde ona, ez baitzara joaten aurreko astekoan edo matematiketan pentsatzen.

«Penarekin oroitzen dut hasi nintzenean zeuden belaunaldi zaharragokoak orain ez daudelako, izugarrizko poza izaten bainuen haiekin kantatzeko. Eta gazteekin berdintsu, poza izaten dut haiekin kantatzeko»

Txapelketan parte hartuko duten bertsolarien adinari erreparatuta, belaunaldi aldaketa ikusten da. Zu bertsotan ikusi zaituzten belaunaldi bateko gazteak orain oholtzakide izanen dituzu…

Bertsolariaren ibilera urte osoan aski belaunaldi artekoa da, jende desberdina eta askotan beste belaunaldi batzuetakoak gurutzatzen dira gurekin eta gu haiekin. Harreman onak ditut haiekin eta asko lagun bihurtzen dira. Gainera, denok mundu bertsua partekatzen dugu eta familia bat ere bada. Zoru komun handi bat dugu, harremana errazten duena eta konplizitateak sortzen dituena. Eta hortik haratago, egia esan, kimika izaten dut jendearekin. Maite ditut heldu diren gazteak, laguntzen saiatzen naiz, eta lagunduz bezala, haiengandik ikasten saiatzen naiz. Bakoitzak bere eskola du eta oso pozik kantatzen dut haiekin. Penarekin oroitzen dut hasi nintzenean zeuden belaunaldi zaharragokoak orain ez daudelako, izugarrizko poza izaten bainuen haiekin kantatzeko. Eta gazteekin berdintsu, poza izaten dut haiekin kantatzeko. Ilusioa ekartzen dute eta horrek kutsatzen du.

Nolako txapelketa espero duzu?

Horixe ez dakit. Txapelketa hasi arte pixka bat zalantza izaten duzu, ea nondik joko duen… Hasitakoan hartzen diozu tankera, baina hasi aurretik eta udako bertso giro horretan, zaila egiten zait txapelketaren imajinazioan sartzea. Ikusiko dugu.

Txapelketari begira, zer helburu dituzu?

Hainbat eratako helburuak jar litezke. Bat zure bertsoari lotutakoa izan daiteke. Txapelketa batzuk arrastoa uzten dizute, eta nahi nuke nire bertsokera bilatu, txapelketak sortzen duen estualdi horretatik askatasun pixka bat hartu eta ea arrastoa uzteko moduko zerbait egiten ahal dugun. Txapelketak duen beste aldea matematikoa da eta hori hotzagoa da. Azken bost finaletan kantatzeko suertea izan dut, badakit egun hori ze berezia den, eta berriz hori bizitzea gustatuko litzaidake. Baina horra iristeko, bestean zentratzea da garrantzitsua, zure bertsokeran, ahal bada gailur bat edo beste egin... Horrek lagunduko du beste guztia. Nahi ala ez, matematika hor dago, eta matematikaren logikan ere sartu behar dugu, baina batez ere, beste aldeari begiratzen saiatzen naiz.

Nahi duzula aipatu duzu, baina seigarren aldiz finalean ikusten duzu zeure burua?

Pozik nabil bertsotan eta momentu goxoan harrapatu nau txapelketak. Azken bost finaletan izan naiz, ilusioz nago eta nik uste posible dela seigarrenean egotea, baina hori ez dago nire baitan bakarrik. Pena puntua izanen dut ezin bada, baina plazer bat izanen da besteak entzutea.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun