Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

«Bidea ikasi duenak berriro ere gustuko tokira itzuli nahi izaten du eta nik ere txapelketa honetan ahal den bertso gehien kantatu nahi ditut»

Ttipi-Ttapa

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa. 

Joanes ILLARREGI MARZOL, Leitzako bertsolaria.

2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lan bikaina gogoan, aurten bigarren aldiz parte hartuko du Joanes Illarregi Marzolek (Leitza, 1999). «Gogotsu» dagoela aitortu du. 

Asteburu honetan hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Zer moduz zaude?

Txapelketa gehienetan gertatzen den bezala, uda garaia ohartzerako igarotzen da eta ustekabean iraila iristen da, eta harekin batera txapelketa. Gogotsu harrapatzen nau txapelketak, nahiz eta nire lehenengo saiorako oraindik tarte handi samarra geratzen den. Azaroaren 7an igoko naiz Txapelketaren trenera, eta oraingoz urrun ikusi arren, barruan hasi dira dagoeneko emozioak dantzan. Pixkanaka prestatzen eta fintzen hasi gara dagoeneko, beraz, neurria hartzea izanen da gakoa: berdeegi ez iristeko, baina ezta gehiegi eginda ere. Freskotasuna bilatzea, lantzea eta mantentzea izaten da askotan zailena, baina horren bila ere banoa. Udazken mugitua baina polita datorrela iruditzen zait, ilusiotik eta anbiziotik hartzekoa.

Nola ari zara txapelketa prestatzen?

Ohiko galdera izaten da hau txapelketa garaiko elkarrizketetan, eta uste dut askotan iskin egiten diogun galdera dela. Bakoitzak bere sistemak, ohiturak eta egiteko moduak ditu eta oso pertsonalak izaten dira. Bakarka nire kabuz eta bertso eskolan kantuan egindako lana uztartzea gustatuko litzaidake.

«Nire ibilbidean mugarri esanguratsu bat izan zen 2022ko finala, finalarekin amets egitetik finalean abestera igarotzea egikaritzeko biziki zaila den pauso bat baita»

Duela lau urteko edizioan parte hartu zenuen lehenbiziko aldiz Txapelketa Nagusian, eta finalera sailkatu zinen. Orduko zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapen asko eta orotarikoak ditut 2022ko txapelketakoak. Txapelketa luze egin zitzaidala eta une batzuetan sufritu, baina batez ere, gozatu nuela dut gogoan. Nire ibilbidean mugarri esanguratsu bat izan zen inongo ezbairik gabe, finalarekin amets egitetik finalean abestera igarotzea egikaritzeko biziki zaila den pauso bat baita. Bertan bizitakoak eta lortutakoak nire buruarengan konfiantza handiagoa izateko eta segurtasuna irabazteko aukera eman dit, ez da eta gutxitan oritzen duzun eta oroitarazten dizuten zerbait. Egun bakarra izanagatik, bertan kantatzeak irakaspen asko eta baliagarriak eskaintzen ditu eta horiek motxilan hartu eta bidean garatutakoarekin batera lau urte beranduago beste nonbaitetik eta beste zerbait abestera joanen naiz aurtengo txapelketara.

Aldatu da ordutik Joanes?

Pertsona aldatu den moduan, bertsolaria ere aldatu da, noski. Lau urtek askorako ematen dute, tartean plazan lekutxo bat eginda, bizipen berri asko bizitzeko aukera izan dut. Hau luzerako ibilbide bat da, etengabe aldatzen doana eta beti garaietara, testuingurura eta aurrean duzun horretara egokitzea eskatzen duena. Pertsonalki, 2022an nengoen puntua eta gaur egungoa ez dira berbera, eta bertsotan ere beste puntu batean nago. Beste heldutasun eta egonarri bat nabari ditut, eta hori islatzea gustatuko litzaidake. 23 urterekin duzun esperientzia falta eta helburu zehatzik gabe txapelketara joatetik urrunduta, zentratuago ikusten dut neure burua, gauzak argiago ikusiz eta erabakiak beste pausa batekin hartzeko gaitasunarekin.

Finalaurrekoetan hasiko duzu txapelketa, azaroaren 7an Gernikan, txapelketa hasi eta ia bi hilabetetara. Horrek ze erran nahi du zuretzat?

Kanpotik eman dezake lasaiago hartzeko eta beranduago prestatzen hasteko aukera dudala esan nahi duela horrek. Alde batetik, egia da lehenengo faseko inbututik pasatu behar ez izateak lasaitasun bat eskaintzen duela, baina txapelketa hasterako burua martxan da dagoeneko. Jendaurrean kantatzea tokatu ez arren, besteek kantatutakoak entzuten dituzu, jendeak esaten duena, gaien nondik norakoak harrapatzen saiatzen zara, joerak nondik doazen… Txapelketaren errota biraka hasten denean, azkar mugitzen da; inguruan haize handia dabilen seinale, eta mugimendu horren parte zara zu ere. Beraz, oholtzara beranduago igotzea egokituta ere lanean garaiz hasteko eta ahal den punturik onenean iristeko gogotsu nago.

Zer helburu edota erronka dituzu txapelketari begira?

Lehenago aipatu dudanaren haritik, gaur egungo maila eta esateko daukadana zer den erakutsi nahi nuke sortzaile modura, urte hauetan izan dudan garapena eta ibilbidearen ondorio modura. Uste dut hori pixkanaka egiten dela, eta tartean izandako Nafarroako Bertsolari Txapelketan,, adibidez ikusi izan direla zantzu batzuk; bide horretatik jarraitu nahiko nuke. Zaila izaten da norberak nahi duen moduan irakurria izatea entzulearengandik, baina aldi berean, erronka polit bat ere bada. Bestelakoan, argi da behin bidea ikasi duenak berriro ere gustuko tokira itzuli nahi izaten duela, eta nik ere txapelketa honetan ahal den bertso gehien kantatu nahi ditudala.

«Txapelketa honetan gose handiko jende asko egonen garela aurreikusten dut, bakoitza beretik emateko eta eskaintzeko gogoz»

Nolako txapelketa izanen dela uste duzu?

Badira aldaketa batzuk ariketetan eta ariketen ordena eta nolakotasunean, baina ez dut uste horrek askorik baldintzatuko duenik txapelketaren erritmoa. Gose handiko jende asko egonen garela aurreikusten dut, bakoitza beretik emateko eta eskaintzeko gogoz. Aukera genuen bertsolari guztiok eman dugu izena txapelketan, eta horrek ilusioa eta grina badagoela esan nahi du. Deus berritzea zaila dela ematen duen honetan, berrikuntzak izanen direla uste dut, edo zaharberritzeak agian. Interesgarria izanen da alde horretatik udazkena.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun