Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

«Euskal Herrikoan parte hartzea oparia da niretzat»

Ttipi-Ttapa

Ekhiñe ZAPIAIN ARLEGI, Berako bertsolaria.

Ez du arrotza txapelketetako martxa. Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalean [2025eko azaroaren 29an] bertsotan aritu zen Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), baina Euskal Herrikoan lehenbiziko aldia izanen du aurten, eta aukera hori izatea «oparia» dela sentitzen du.

Agudo hasiko duzu Herriko Bertsolari Txapelketa. Nola zaude?

Urduri. Udan bakoitza bere gisa ibiltzen da eta ez naiz hain kontziente izan, baina udazkena gehiago usaindu ahala, urduritasuna gehiago sumatzen dut. Baina aldi berean, badut gogoa. Lehenbiziko aldia izanda, ez dut sobera argi ikusten neure burua nola kokatuko den Euskal Herrikoan, baina urduritasunaren gainetik neure buruari gogoa sartzeko ariketa egiten ari naizela uste dut. 24 urterekin lehenbizikoa izatea tokatu da, opari bat ere bada eta aukera probestu nahi nuke. Euskal Herrikoa izanda eta lau urtetik behin izanda, horrek berezitasun handiagoa ematen dio txapelketari, baina Nafarroako esperientzia hor dut eta ez du Nafarroakoa baino aunitzez handiagoa balitz bezala irudikatu nahi. Ongi ateratzen bada bikain, eta ongi ateratzen ez bada, ez dut drama handia izatea nahi.

Nola doaz txapelketako prestaketak?

Denboran, hola tokatu denez, Nafarroako txapelketarako hartutako dinamikarekin segitu nahi izan nuen. Ez dut deus berririk egin, bertzerik gabe, jendearekin bildu eta bertso eskolak egin eta txapelketara begirako ariketak entrenatu. Jendearekin biltzea gehiago gustatzen zait. Bakarkako lana, koaderno aitzinean jartzea, berriz, gehiago kostatzen zait.

Urriaren 10ean Gotaine-Irabarnen hasiko duzu txapelketa. Nolako saioa espero duzu edo nahi zenuke izatea?

Denak ezagunak ditut eta norekin kantatuko nuen jakin nuenean, aunitz poztu nintzen, batez ere taldeko giroa ona izanen dela irudikatu nuelako. Badakit txapelketan bakoitza berea egitera joaten dela eta lehia faktorea sartzen dela, baina niri norekin kantatzen dudan eragiten dit, zer giro dagoen... Pentsatzen dut hori ere poliki-poliki ikasten duzula, baina oraindik ez dudanez izugarrizko esperientziarik... Taldea gustatu zait eta uste dut maila oneko saioa izanen dela.

«Nire helburua txapelketan zentratzea da, baina bidean ikasitako guziak gerora ere zerbaitetarako balio duela entendituta»

Euskal Herriko Txapelketari begira, zer helburu dituzu?

Nire helburua txapelketan zentratzea da, baina bidean ikasitako guziak gerora ere zerbaitetarako balio duela entendituta. Prestatzen hasi naiz, baina badakit urriaren 10ean zer pasatuko den ez dagoela % 100 nire esku. Faktore aunitzek baldintzatzen dute momentua. Hortaz, txapelketarako egiten dudan lanaren emaitzak txapelketatik kanpo ere noizbait etorriko direla sinetsi nahi dut.

Parte hartzaileen artean, belaunaldi aunitzetakoak zaudete. Haurra zinenean oholtzan zebiltzanak orain oholtzakide dituzu...

Bai, eta hori kristoren oparia da. Belaunaldien arteko sare hori beti aberatsa iruditu zait, bertsotan eta bertsotatik kanpo. Gure saioan gazte dezente izanen gara, baina aldi berean, bakoitzak bere errealitatea du eta horrek aunitz pozten nau. Uste dut txapelketa eta bertso sistema edertu egiten duela. Beharrezkoa da hainbat adinetako jendea izatea, baita hainbat errealitatetako, gorputzetako eta profiletako jendea izatea ere.

Nolako txapelketa izanen dela uste duzu?

Hagitz ona, maila handikoa. Uda honetan txapelketan parte hartuko dutenentzako batzuk aditu ditut kantari, eta ez dakit txapelketa heldu delako eta jendea prestatzen ari delako, edo bertzerik gabe, baina maila handiko txapelketa izanen dela iruditzen zait.

«Herrialdeetako txapelketetan mugimenduak izan dira eta espero dut horren segida izatea Euskal Herrikoa»

Irekia ikusten duzu?

Nik uste irekia izanen dela. Herrialdeetako txapelketetan mugimenduak izan dira eta espero dut horren segida izatea Euskal Herrikoa. Orain arteko parte hartzaileak hor daude, indartsu, eta zaila da horien artean zirrikituak topatzea. Baina joan den Euskal Herriko finalera Joanes sartzea aurrekari bat eta izugarrizko poza izan zen nafarrontzat. Baita Nerea eta Alaia sartzea ere. Bertsoa bat-batekoa da eta egun bakoitza faktore aunitzen araberakoa da, baina beti daude zirrikituak eta aukerak.

Zerbait gaineratu nahi duzu?

Animatzeko jendea. Udazkena entretenitua izanen da. Txapelketa guretzat inportantea izateaz gainera, bertsoa zabaltzeko bide ederra da. Sarrerak salgai daude eta animatu daitezela bertsozaleak. Denon besta da, eta zalerik gabe, ez dago bertsolaririk.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun