Ate joka dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Nola sentitzen zara?
Ilusioz eta aldi berean, urduri. Oholtzaren beheko aldetik halako ilusioz bizi izan dudan txapelketan parte hartu ahal izatea poz handia da, baina txapelketak jende asko begira jartzen du eta hori ardura da.
Nola ari zara txapelketa prestatzen?
Zaila da udan prestatzeko denbora ateratzea. Txapelketa prestatzeak badu mentalizaziotik zein lanketa teknikotik. Lehenbizikoa pixkanaka egiten joan naiz. Bigarrenari azken txanpa honetan eman diot astindutxo bat, bertso eskolak egin eta etxean koadernoko lanak eginez.
Lehenbiziko aldia duzu Euskal Herrikoan. Horrek bertigorik ematen du?
Alde batetik, bai. Ezagutzen ez duzun plazan eta dimentsioan lehiatu behar duzu eta beti kostatzen da kokatzea lehenbiziko aldian. Bestetik, aurreneko aldia presioa kentzeko faktore bat ere bada; ez dut markarik hobetu beharrik.
Lehenbiziko saioan tokatu zaizu, gaur, Hazparnen. Nolako saioa espero duzu edo nahi zenuke izate?
Uste dut lehenbiziko saioek giro berezia izaten dutela. Mundu guztiarentzat da txapelketa hasiera, eta horrek ilusio moduko bat pizten du saioaren bueltan, publikoan nabaritu ohi dena. Bertsokideok ere talde polita osatzen dugula esanen nuke, hainbat bertsokerarekin saio polita atera daiteke. Espero dut ilusio horrekin bat egitea eta txapelketari hasiera polita ematea.
«Markatzen ditudan helburuek zerikusi handiago dute neure buruarekin emaitza jakin batekin baino»
Ze helburu dituzu txapelketari begira?
Markatzen ditudan helburuek zerikusi handiago dute neure buruarekin emaitza jakin batekin baino. Nire bertsokerari eta oholtzaratzeko moduari bueltatxo bat eman, eta hori publikoari erakustea da nire erronka. Aitzakia oso ona da Euskal Herrikoa horretarako. Hori lortuko banu, asebeteta bukatuko nukeela uste dut.
Txapelketan parte hartu duzuenen artean, gazteenetako bat zara. Belaunaldi aldaketa ikusten da. Ze hausnarketa eginen zenuke?
Oso pozgarria da txapelketan hainbeste aurpegi berri eta gazte ikustea. Beste bertsokera, diskurtso eta ahots batzuk lekua hartzen ari dira txapelketan, eta hori beti da aberasgarria. Bestalde, ttikitan erreferentzia izan ditugun askorekin oholtza partekatu ahal izateko aukera bat ere bada, edo sekula kantatuko ez zenukeen talde batekin elkartzeko. Horrek grazia handia ematen dio bai norberari, bai txapelketari.
Nolako txapelketa izanen dela uste duzu?
Maila handikoa izanen dela aurreikusten dut. Plazetan ere nabaritzen da txapelketa urtea dela, eta jendea oso maila onean dabil bertsotan. Gozatu handiak hartzen ari naiz hainbat bertsolari plazan entzunda, eta gogo handia daukat txapelketan eskaintzeko daukatena entzuteko. Uste dut gauza oso politak entzutekoak garela udazken honetan.
«Olatu oso polita sortzen du txapelketak. Bukatutakoan, olatu hori baliagarri izan dadila gure inguruko bertso plazak suspertzeko»
Zerbait gehiago gehitu nahi duzu?
Jende guztia animatu nahi nuke txapelketako saioaren bat ikustera joateko. Olatu oso polita sortzen du txapelketak. Bukatutakoan, olatu hori baliagarri izan dadila gure inguruko bertso plazak suspertzeko.