500 lagunetik goiti bildu ziren saioan aritu ziren Eki Mateorena Zozaia, Miren Artetxe Sarasola, Unai Anda Delika, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Peru Abarrategi Sarrionandia. Zozketak hala erabakita, ordena horretan.
Aritz Bidegain Aire gai jartzailearen erranei segika bertsotan aritu ziren seiak, zortziko handian eta zortziko ttikian aritu ziren lehenbiziko, puntua emanda hiru bertso egin eta gero, ofiziotan aritu ziren berriz, hamarreko ttikian. Azkenik, ganbarako lana: «Begietara begiratu diozu. Ez dakizu sinetsi edo berriz gezurra erraten ari zaizun». Hiruna bertso bota zizkioten gaiari sei bertsolariek.
Azkenean, ariketa puntuagarriak bukatuta, Miren Artetxe Sarasola izan zen puntu gehien bildu zituena. Hala, zuzenean sailkatu da urriaren 31n Eibarren eginen den finalaurrekoetako lehenbiziko itzulira. Gainerako bertsolariek lehenbiziko fasea bukatu arte esperatu beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.
Sailkapena
- Miren Artetxe Sarasola: 709 puntu
- Maddi Ane Txoperena Iribarren: 691 puntu
- Xabat Galletebeitia Abaroa: 672 puntu
- Unai Anda Delika: 636,5 puntu
- Peru Abarrategi Sarrionandia: 631 puntu
- Eki Mateorena Zozaia: 589,5 puntu
Heldu asteburuan bi saio jokatuko dituzte: larunbatean Altsasun eta igandean Lekeition. Aldi horietan, ez da eskualdeko bertsolaririk izanen. Oroitu behar da, eskualdeko sei bertsolarik parte hartuko dutela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Amets Arzallus Antia (Hendaia-Sara, 1983), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001).
Eki Mateorena Zozaiak eta Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Hazparnen kantatu zuten larunbatean eta Ekhiñe Zapiain Arlegik eta Xabat Illarregi Marzolek Gotaine-Irabarnen eginen dute urriaren 10ean. 2022ko zazpi finalistak, berriz, final aitzinekoetan hasiko dira txapelketan, eta tartean, Amets Arzallus Antia eta Joanes Illarregi Marzol. Hendaia-Sarako bertsolariari Larraun-Lekunberriko saioan kantatzea tokatu zaio, urriaren 24an; eta leitzarrari azaroaren 7an Gernika-Lumon.