Gurasoen etxea utzi nahi eta ezin

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 7a, 08:00

Etxebizitzaren egoera salatzeko kanpaldia egin zuen apiril hondarrean Ernaik Elizondon.

Gazteek gero eta arazo gehiago dituzte emantzipatzeko, eta datuek hori erakusten dute. Gaia hurbiletik ezagutzeko, eskualdeko sei gazterekin bildu da TTIPI-TTAPA. Haien bidea zein izan den kontatu dute, eta bide batez, etxebizitza denon eskubidea dela aldarrikatu dute

Nafarroan 16 eta 29 urte artekoen % 16,2 emantzipatua da

Emantzipatu nahi eta ezin, gurasoen etxea utzi nahi eta ezin, eta egiten badute, gero eta beranduago. Horixe da gaur-gaurkoz gazte aunitzen errealitatea. Datuak dira horren erakusle. Espainiako Gazteriaren Emantzipazio Behatokiak egindako azken txostenaren arabera, Nafarroan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, % 16,2 baino ez da emantzipatua.  2023ko bigarren seihilekoari dagozkion datuak dira, behatokiak aurten argitaratu dituenak, eta aitzineko urtean garai berean bildutako datuekin konparatuz, 0,2 egin du beheiti emantzipatutako gazteen kopuruak. Alegia, hamarretik zortzi ez da emantzipatu edo etxekoekin bizitzen segitzen du. 

Etxebizitza eskaintza ere murritza da, etxebizitza hutsen tasa altua den arren. Konparazio batera, TTIPI-TTAPAren Nafarroako eremuan, gutti goiti-beheiti etxeen % 30 hutsik dago edo bigarren mailako erabilera dute, asteburukoa edo oporretakoa. 

Soldataren % 67,8 errentara bideratu behar dute gazteek

Eskaintza murritza eta prezioa gero eta altuagoa. Aipatutako txosten horretan ageri denez, aurtengo datuen faltan, errentaren prezioa historiako altuena izan zen 2023ko abenduan. Bertze zenbaki adierazgarri bat: 2008an krisia lehertu zenetik, gazte baten soldata, % 6,1 hazi da, eta errentaren prezioak, ordea, % 40,7 egin du goiti .  Gisa honetara, gazte bakoitzak errenta ordaintzeko xahutzen duen diru kopurua ez da nolanahikoa. Txosten horretan bildu dutenez, gazte batek, bakarrik bizi nahi badu, banaz bertze bere soldataren % 67,8 erabili behar du errenta ordaintzeko. 

Salerosketako prezioen kasuan, ez da halako alderik izan, baina etxebizitza baten sarrera ordaindu ahal izateko, gazte batek 4,4 urteko soldata osoa horretara bideratu beharko luke, hau da, ia lau urte eta erdiz ari beharko luke lanean euro bakar bat ere gastatu gabe.  Hala ageri da behatokiaren azterketan.

Prezioen goititze horien adierazle dira Nafarroako Gobernuak hilabete hasieran argitaratu zituen bertze datu hauek ere. Nafarroako hainbat udalerritako egoera aztertu ondotik, Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatu izendatu zituen 5.000 biztanletik goitiko 21 udalerri, tartean, Baztan.  Azken bortz urteetan Baztanen alokairuen prezioa % 137,93 hazi da eta salmenta prezioa % 27,04. Hain zuzen, horri erantzunez, «etxebizitzaren prezioen tentsioa murrizteko» helburuarekin, Nafarroako Gobernuak alokairuen prezioak mugatzeko prozesua abiatu du udalerri horietan. 

Horrez gain, gazteei emantzipatzen laguntzeko, administrazioak hainbat laguntza ematen dizkie. Horretarako da, adibidez, Nafarroako Gobernuaren EmanZipa programa, 23 eta 33 urte bitarteko gaztei zuzendua. Gehienez, 280 euro ordaintzen dizkiete hilabetean eta ordaintzen duten errenta hilabetean 700 euro baino ttikiagoa izan behar du. Nafarroako Gobernuan urrian argitaratutako datuen arabera, 3.186 lagunek hartzen dute EmanZipako laguntza. 

Etxebizitzaren garestitzea, lanaren prekaritatea, langabezia... Kontua da, bateko eta bertzeko arrazoiak tarteko, emantzipatzeko adina gibelatzen ari dela. Gazteriaren Emantzipazio Behatokiak egindako txostenak ondorioztatu du, banaz bertze 30,4 urterekin uzten dutela gazteek gurasoen habia. Europan, ordea, zenbaki hori 26,3koa da. 

Zer diote gazteek?

Gaia bertatik bertara ezagutzeko asmoz, eskualdeko gazteengana jo du TTIPI-TTAPAk.  Ekhi Txokarro Ezkurraren (Narbarte), Mikele Etxekolonea Diezen (Zubieta), Aintzane Ariztegi Barrenetxeren (Lekaroz), Asier Arrieta Sarratearen (Elgorriaga), Malen Lizarraga  Olanoren (Leitza) eta Leire Fagoagaren (Sara) testigantzak bildu ditu. Gaur eta bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen.

Bakoitzak bere egoera paratu du mahai gainean, baina bada denak ados dauden kontu bat: emantzipatzeko bidea zaila eta oztopoz betea dela aitortu dute. Horrekin batera, administrazioaren dirulaguntzak lagungarriak izaten ahal diren arren, arazoa konpontzeko hori baino zerbait gehiago behar dela aldarrikatu dute, eta espekulazioaren kontra mintzatu dira, herritarren artean etxebizitza negoziorako tresna bihurtu dela salatuz. Bertze modu batera erranda, etxebizitza denon eskubidea dela nabarmendu dute eta aski dela erranez mugitzen hasiak dira. Konparazio batera, Baztanen Bizi Nahi Dugu plataforma sortu dute, Ernai gazte antolakundeak aspaldixko hartua du etxebizitzen gaia esku artean, eta Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan eragiteko asmoz, META Mendialdeko Etxebizitza Taldea ere martxan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun