Etxeko obrak finitu berriak ditu Leire Fagoagak (Sara, 1997) eta duela hilabete bat sartu zen bizitzera. «Bidea aski luzea» izan dela dio, baina lortu duenarekin «kontent» da: «Herrian bizi eta lan egiteak ez du preziorik eta lorpen handia da niretzat».
Ikasketak finituta, «azken bortz urteak burasoen etxean pasatu» ditu. Hastapenean «apartamentu bat errentan hartzea» pentsatu zuen, «baina prezioak ikusita, ezinezkoa zen kasik lansariaren % 50 baino gehiago horretan xahutzea. Pentsatzen hasi nintzen, zerbait erosi? Eraiki? Berritu?». Hilabeteen buruan sortu zitzaion aukera: «Auzokoek etxea saltzeko zuten». Familian aipatu eta aitzinera egin zuten: «Gure auzoko etxe bati bizia emateko aukera ikusi genuen, gazteak auzoan eta herrian geldituz, eta nire aldetik, ez nuen etxerik eraiki nahi. Niretzat azken puntu positiboa lana auzoa bertan dudala izan zen, gure etxaldean ari bainaiz». Hala, anaiarekin erostea erabaki zuen. Baina gehiago luzatu zen afera: «Hor hasi ziren buxetaren aipamenak, bankuetarat lehen hitzorduak... Biak langileak gara, eta pixka bat aurreztua genuen, baina bankuek erran ziguten ez zela nahikoa mailegu baten eskatzeko eta bermatzaileak behar zirela. Familiako sozietate bat egin genuen notarioaren etxean eta burasoak segurtatzeko sartu ziren». Hori guztia kontatuz, bidea «ez dela erraza izan» erakutsi nahi izan du, alegia, «langilea den bikotekiderik gabeko gazte batentzat kasik ezinezkoa dela zerbait erostea».
«Berrikuntzetarako dirulaguntzak izaten badira ere, ez badiezu enpresa jakin batzuei eginarazten, ezin da kontuan hartu»
Dirulaguntzarik ere ez du hartu. «Anaiaren eta bion apartamentuak egiteko obrak egin ditugu, eta aparte, etxeak 40 urte baino gehiago dituenez, isolatzeko lanak. Gastuak fite emendatzen dira. Berrikuntzetarako dirulaguntzak izaten badira ere, ez badiezu enpresa jakin batzuei eginarazten, ezin da kontuan hartu. Gure kasuan, gehiena guk egin dugunez, ez dugu laguntzarik hartu».
Gazteek aukera gehiago izateko «herriko etxeek bizitegi sozialak proposatu» beharko lituzketela uste du, baita «sentsibilizazio lana egin» ere; «gure etxeak gure ondarea baitira, ohitura, kultura eta hizkuntza bati lotuak». Horrez gain, «dirulaguntzak muntatzeko plataformak» galdegin ditu: «Herriko etxeetan edo Elkargoan plataforma berezitu bat sortzea egokia litzateke, gazteei erosteko laguntzak emanez, espekulaziorik egin gabe».
«Hondar urteotan Ipar Euskal Herrian, eta bereziki Hego Lapurdin, metro koadroen prezioa anitz emendatu da»
Gainerakoan, inguruan sumatua duen «fenomenoaz» ere mintzatu da: «Familiako etxe handi eta eder horietan, zaharrak partitzen direlarik, ez da nehor gelditzen eta haurrideen artean partekatu behar dituzte, batek bertzeari salduz edo erosiz, edo, bertzerik gabe, salduz». Honela gehitu du: «Hondar urteotan Ipar Euskal Herrian, eta bereziki Hego Lapurdin, metro koadroen prezioa anitz emendatu da. Familia batzuetan ez dira konpontzen edo parteak erosteko karioegi dira, eta kanpokoei saltzen dizkiete». Hala, «emantzipatu nahi duen gazte edo bikote batek ezin du holako etxe bat erosi, eta maleruski, kanpoko erretretadunek erosten dituzte».
Bere ustez, «Euskal Herriaren geroarentzat gazteek bertan lan egiteko eta bizitzeko aukera izatea baitezpadakoa da».