Mikele Etxekolonea eta Ekhine Txokarro

«Geroz eta prekarizatuagoak gaude eta emantzipatzea pribilegio bihurtu da»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 7a, 09:00

Mikele Etxekolonea Diez eta Ekhine Txokarro Ezkurra, Zubietako eta Narbarteko gazteak.

Emantzipatu berriak dira Ekhi Txokarro Ezkurra (Narbarte, 1999) eta Mikele Etxekolonea Diez (Zubieta, 2000), 2023ko abenduan bata eta 2024ko apirilean bertzea. Ez batak eta ez bertzeak ez dute sorterria bizileku: «Gure herrietan ez genuen inolako aukerarik, eta gure herritik mugitu behar izan dugu».

Azkenean, Donamarian eta Iturenen bilatu dituzte bizitokiak, baina «prozesua hagitz luzea eta nekagarria» izan dela aitortu dute: «Hasieratik Malerreka eta Bertizarana osoan hasi ginen etxebizitza bila, bagenekielako gure herrietatik begirada zabalduta, aukera gehiago izanen genituela». Baina ez zen hain erraza izan: «Eskaintza hagitz murritza da, eta dauden aukerak gazteok eskuratzeko zailak dira: ordaindu ezin ditugun errentak, gazteoi leporatzen diguten arduragabekeria, lan baldintza kaskarrak... Egoera nahiko korapilatsua da». Bidean etxebizitza lortzeko bertzelako saiakerak egin dituztela ere kontatu dute: «Herrian dagoen familiako ardi borda bat etxebizitza bilakatzeko saiakera egin arren, Nafarroako Gobernuak ez zuen baimenik eman, tartean, izanen lukeen ikusmen inpaktuagatik».

Landa eremua

Hain zuzen, landa eremuan bizita, Nafarroako Gobernuari eta udalei «bertzelako egoerak kontuan hartzeko» eskatu diete, «laguntzea ezinbertzekoa» dela erranez; «ardi bordak moldatzeko trabarik ez paratuz, adibidez». Etxebizitzara bideratutako dirulaguntzak «gazteondako aukera ona» direla ere aipatu dute, baina «ezin dugu atzendu sua itzaltzeko modu bat bakarrik dela, arazoa etxebizitzaren merkantilizazioa eta merkatuaren espekulazioa da». Honela gaineratu dute: «Etxebizitza eskubidea gisa onartua den arren, merkantilizatzearen eta espekulazioaren goratzeko joeraren ondorioz, eskubidea izatetik haratago batzuentzat aukera izatera pasatu da. Etxeak merkantzia direla ulertzen badugu, badakigu hirigintzarako produktu interesgarriak direla. Igual du zenbat espekulatzen ahal duten, badakite guretako behar bat dela». Areago; «batzuentzat etxebizitzak diru garbia lortzeko bidea» direla esplikatu dute: «Gainera, gaur egun errazagoa da etxe bat hasieratik egitea, daudenak moldatzea baino. Udalek eta bigarren etxebizitzak dituztenek problema kontuan hartu beharko lukete, herriko etxeak babestuz eta hutsik daudenak alokairura bideratuz». Bertze hausnarketa bat ere egin dute: «Pixkanaka goratzen ari dira turistendako erakusleiho diren landetxeak edota apartamentu turistikoak, eta horrela, gure herriak lo egiteko leku bihurtzen ari dira, ez bizitoki».

«Gazteok belaunaldi krisi sakonean gaude. Gure bizitzak geroz eta prekarizatuagoak daude»

Datuak ere hizpide hartu dituzte. Nafarroan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 16,2 bakarrik emantzipatua izatea eta gazteek soldataren % 67,8 alokairua bideratu behar izatea «adierazgarria eta kezkagarria» iruditzen zaie: «Argi eta garbi uzten du gaur egun etxebizitza ez dela ez eskubidea, ez dela denondako eskuragarri dagoen zerbait». Gehiago ere bai: «Gazteok belaunaldi krisi sakonean gaude. Gure bizitzak geroz eta prekarizatuagoak daude, lan baldintza eta soldata kaskarrak ditugu, eta beraz, alokairuaren prezioa geroz eta altuagoa den honetan, bete-betean jotzen digu arazoak; emantzipatzea pribilegio bihurtu da».

Argi dute «etxebizitza benetan denondako eskubide izan dadin, beharrezkoa dela desmerkantilizazioa. Klase arazoa da etxebizitzarena, soldatapeko lanari lotzen diogun katea da etxebizitza. Dominazio sisteman dauden bertze zapalkuntzak ere etxebizitzaren auzian hor daude eta horrek gaur egungo etxebizitza eredua kartzela izatea eragin du».

Errentan hartu edo erosi

Etxebizitzak errentan hartu edo erosi? Zer joera sumatzen dute Etxekoloneak eta Txokarrok beraien inguruan? Hala erantzun dute: «Etxe bat erosteak eragiten duen loturaren, gaitasun ekonomikoaren eta bankuarekiko urte luzeetako dependentziaren ondorioz, gazte aunitzek gibelera egiten dute etxe bat erosteko momentuan, eta nolabait errazagoa da etxe bat errentan hartzea». Beraien hitzetan, «hasieran, emantzipatzeko lehenbiziko pausoetan, etxebizitza errentan hartzea izaten ahal da joera, baina etorkizunera begira zerbait erosteko idekiarekin edo itxaropenarekin». Diotenez, «gaur egun, oraindik, ez dago ongi ikusia urte luzez alokairuan egotea, erabaki hori ezegonkortasun materiala eta diru xahutzea dela uste baitute aunitzek. Jabetza pribatuak bizitza zoriontsua eta egonkorra emanen digulakoan edo...». Beraiek, ordea, garbi zuten errentan hartuko zutela: «Erosteko ez dugulako gaitasun ekonomikorik, eta ez dugulako jabetza pribatuaren alde egin nahi».

«Ezinbertzekoa iruditzen zaigu etxebizitza gehiago eraiki beharrean hutsik daudenei aterabidea ematea»

Arazoari buelta emateko neurriak

Eskualdean arazoa konpontzeko «hainbat neurri» hartzen ahal direlakoan daude. Bertzeak bertze, «eskualdeko parke publikoa handitzea eta etxebizitza hutsak herritarren esku paratzeko apustua egiteko» eskatu dute; «ezinbertzekoa iruditzen zaigu etxebizitza gehiago eraiki beharrean hutsik daudenei aterabidea ematea, eta gazteondako etxebizitzen kupoa handitzea». Horrekin batera, «etxebizitza ereduaren inguruan hausnarketa sakona» egiteko gonbita egin dute: «Egungo gizarte indibidualista eta zisheteropatriarkalean, hirigintza feminista eta etxebizitza komunitarioak bultzatzen dituzten proiektuak martxan paratuta, jabetzak kolektibizatuko genituzke». Gisa berean, «udalen eta etxejabeen artean alokairu poltsa bat sortzea beharrezkoa» ikusten dute; «hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz, beti ere, kontrol publikoa izanen duen prezio muga bat paratuz» eta «okupazioa desestigmatzearen» alde ere mintzatu dira.

Argi diote: «Gazte aunitz nahi eta ezinean murgilduta gauden honetan, emantzipazioaren zein etxebizitzaren problematikari irtenbidea emateko, garrantzitsua iruditzen zaigu gaia arazotzat hartzea eta politizatzea».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun